→Galdakao

Ur-hoditeriaren matxura konponduta dagoela dio Galdakaoko Udalak

Asteburuan Bekea auzoa zeharkatzen duen ur-hoditeria hondatu zen eta horrek ur-etenaldiak sortu ditu Galdakaoko zenbait etxebizitzatan. Galdakaoko Udaletik jakinarazi dutenez, dagoeneko konponduta dago matxura.

“Ur-Partzuergoak behin-behineko konponbidea eman zion arazoari larunbatean bertan, erakunde horri baitagokio sarearen mantentze-lana, baina arazoa uste baino larriagoa zen eta ur mozketa egon da igandetik astelehenerako gauean, gaur goizeko 07:00ak inguru konpondu dena”, diote Udaletik. Ur-Partzuergoak zabalik mantenduko du matxuraren espedientea hurrengo orduetako balizko gorabeheren zain. Galdakaoko Udaltzaingoak dio zonalde batzuek jada ur-hornidura berreskuratu dutela, eta Ur-Partzuergoko langileak lanean daudela.

Bekeako ur-hoditeria Galdakaoko ur-hornikuntzarako garrantzitsuenetariko bat da. Uztailaren 11n, larunbatez, 21:00 aldera hodia apurtu zen.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak