→Galdakao

Bengoetxeko presa txikia eraitsi du URAk, Ibaizabalen ahalmen hidraulikoa hobetzeko obretan

Bengoetxeko presa txikiaren zatirik handiena eraitsi du URA Uraren Euskal Agentziak Galdakaon. Esku hartze hau Ibaizabal ibaia uholdeetatik babesteko III. Faseko obrei dagokio.

aldi baterako, estribuak kontserbatuko dituzte bi ertzetan, "ibilguaren harkaitz-ohantzea txikitu behar duten hondeamakinen sarbidea errazteko" // Irekia

Bengoetxeko presa txikiaren zatirik handiena eraitsi du URA Uraren Euskal Agentziak Galdakaon. Ibaizabal ibaiaren ibilguan 50 metroko luzera eta 2,5 metroko altuera zuen harrizko horma lodi bat zen, eta garai batean, Pradera Hermanos enpresa urtegi bat sortzeko eraiki zuten horma hori. “Presa horrek ibaiaren ur-laminaren hazkuntza gehigarria eragiten zuen, eta, ur handiko gertakarietan, zaildu egiten zuen uren jario askea”, diote URAtik.

Arazo hori konpontzeko, URAk sustatutako jarduerak hormaren erdiko zatia txikitu du, “bildutako ur-lamina pixkanaka jaisten saiatzeko eta ur-bazterrean bat-bateko deskonpresioa saihesteko, egonkortasuna kaltetu dezakeelakoan”, diote. Presa txikiaren eraispena ez da erabatekoa izan, izan ere, aldi baterako, estribuak kontserbatuko dituzte bi ertzetan, “ibilguaren harkaitz-ohantzea txikitu behar duten hondeamakinen sarbidea errazteko”.

Esku hartze hau Ibaizabal ibaia uholdeetatik babesteko III. Faseko obrei dagokio, Bengoetxeko presa txikitik hasi eta Torrezabaleko zubia artean, 1.640 metroko luzeran. Jarduketa honek Ibaizabal ibaiaren ahalmen hidraulikoa hobetzea du helburu, eta horretarako 190.000 metro kubiko haitz eta lur induskatuko dituzte, hau da, 19.000 kamioi inguru. Guztira, 9,5 milioi euroko aurrekontua eta 15 hilabeteko exekuzio-epea izango ditu III. Faseak, 2022ko otsailera arte.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak