☉ Galdakao
Egoitz Maruri: «Interes politiko eta ekonomikoengatik ari dira enpresak gure eskualdea uzten»
Norbega-Coca-Colako 240 langile inguru lan-etenaldiak egiten hasi dira Galdakaoko egoitzan. Langile horien guztien artean Egoitz Maruri Lamborena enpresa batzordeko kidea dago, eta beragaz berba egiteko aukera izan dugu, euren egoeraz jakiteko.
Geuria #087 Monografikoan argitaratutako elkarrizketa
“Gure Gerrak. Hego Uribe eskualdean ditugun aldarrikapen, hausnarketa eta ekintza ezberdinen solasaldiak”
Irakurri osorik PDFan
Azken boladan Hego Uribeko enpresa askotan langile borrokak azaleratu dira: Maxam, Vulcanizados Zuloaga, Novaltia… Mobilizazioen bidez langileen aldarrikapenak entzun ahal izan dituzte kasu batzuetan; eta beste batzuetan, aldiz, borrokan diraute. Aipatutakoez gainera, gaur egun, Norbega-Coca-Cola enpresako langileak protestan daude. Ez da eskualdeko protesta bakarra. Egoitz Maruri Lamborenarekin berba egin dugu Galdakaoko egoitzako langileak bizitzen ari diren egoeraren inguruan.
Txandakako lan etenaldiak egiten hasi ziren ekainaren erdialdean, eta hilabetearen amaieran lanaldi osoko geldialdiak egingo dituzte Coca-Colako lantegiaren aurrean, soldataz gainera euren lan-baldintzak hobetzeko helburuagaz. Errepide nagusiaren aurrean etenaldiak egiten ari den langile-taldea baikor azaldu da ekoizpen eta logistika lantegien jarduera etetea lortu duelako, momentuz.
Nortzuk osatzen duzue Norbega eta nolako egoera ari zarete bizitzen?
Norbega zenbait delegaziok osatzen dugu: Galdakao, Gasteiz, Burgos, Donostia, Iruñea eta Logroñoko delegazioek. Kasu honetan Galdakaoko egoitzakoak gaude greban. Momentu honetan ekoizpen eta logistika fabrikaren jarduera eten dugu eta pauso handia izan da guretzat. Gauza bat falta zaigu: komertzialetan izango dugun eragina ezagutzea. 280 langile gara guztira eta horietatik erdiak egingo ditu, gutxi gorabehera, lan-etenaldiak.
Zeintzuk dira enpresarekin dituzuen arazoak gaur egun?
Ekoizpen eta logistika fabrikaren barruan bizi ditugun lan-baldintzak dira arazo nagusia. Kontratazioarekin arazoak ditugu: behin-behineko kontratazio asko dugu; egutegiarekin ere arazo larriak ditugu eta norberaren funtzioak gainditzen dituen jardueretan egiten ari gara lanean, lan-egitura egokirik ez dugulako.
Zer eskatzen diozue langileek enpresari?
Ikerketa bat egitea, lan-egitura egokia izan dezagun. Hala, enpresan lanaldi finkoa dutenek kontratu mugagabea izatea eskatzen dugu.
Nola ari zarete kudeatzen hau guztia?
ELA eta LAB sindikatuen bidez ari gara kudeatzen eta egun hauetan txanda bakoitzeko bi orduko etenaldiak egiten ari gara enpresaren aurrean, errepide nagusiaren parean. UGTk ez ditu ekimen hauek sustatzen, gai hau lantzeko “goizegi” dela diotelako, antza.
Langile batzuen protestetan batasunik ez dagoela ikusi dugu. Batasuna izatea ez da erraza. Zein da zuen kasua?
Nik nire sindikatuaren ikuspuntutik berba egiten dut, ELAren ikuspuntutik, eta erresistentzia kutxa daukagu.
Ez da etenaldiak deitzen dituzuen lehen aldia, ezta?
Hala da. 2017an hemen bertan batu ginen lagun baten kaleratzearen aurkako manifestazioa egiteko. Urte hartan ekoizpen eta logistika fabrikak ere eten genituen. Gure lankideak eskerrak eman zizkigun egindako etenaldiengatik, baina enpresarekin adostasun batera heldu zen eta ez zen berriro bertara itzuli.
Enpresak dirua irabazteko daude, eta Coca-Colak diru asko irabazten du.
Coca-Cola milioiak irabazten dituen multinazionala dugu eta, diruaz harago, denborak aurrera egin ahala gure lan-baldintzak okertzen ari da, hobera jo beharrean. Horregatik gaude hemen. Egoera hau ezin da inolaz ere onartu! Zekenkeria hutsa da hemen gertatzen ari dena.
Enpresarekin duzuen arazo honi irtenbidea emateko norekin zaudete harremanetan?
Enpresak ez dauka giza-baliabiderik eta beraz, negoziazio hauek Bartzelona eta Sevillatik datozen bi arduradunekin “kudeatzen” ari gara. Nire ustez, pertsona horiek ez dakite gai hauek nola kudeatzen diren Euskadin. Hori da elkarretaratze hauen arrazoi nagusia.
Nola heldu zarete egoera honetara?
Euren ustetan, darabilten botere finantzario eta enpresaren publizitatearen eraginez muturrera eraman gaitzakete eta edozertan arrazoia dutela uste dute. Indarkeriarekin ez gaituzte kikilduko, ezta gutxiago ere!
Arazoa zure eskuetan egongo balitz nolako irtenbidea emango zenioke?
Enpresaren mozkinak mugatuko nituzke, bertako langileekin behar bezala elkarbanatuz. Aberastasuna elkarbanatzeko bidezko modua da.
Enpresa-batzordeak antzeko kasuak bizi duten inguruetako enpresetako batzordeekin harremanetan daude?
Bai, kasu honetan ELAk eskualdeko batzordeak antolatzen ditu. Bertan, inguruko enpresetako kideok bildu eta bakoitzaren arazoen inguruan egiten dugu berba. Askotan arazo mota berdintsuak izan ohi dira enpresa gehienetan.
Eskualde honetan enpresa indartsuak izan ditugu baina horietako asko alde egiten ari dira. Zergatik gerta daiteke hau?
Interes politiko eta ekonomikoengatik, ziurrenik. Eskualdeak izan ditzakeen joera berriengatik ere izan daiteke: agian industria indarra galtzen ari da eta turismoa, irabazten. Batek daki. Nire ustez arrazoi nagusia interes politikoa da.
Instituzioak hirugarren sektorean pentsatzen ari dira, hain zuzen ere.
Askok, ordea, pobreziaren sektorea dela diote. Basauri edo Galdakao bezalako herrietan ostalaritza eta hotelen proiektuak bideragarriak ikusten dituzu? Sektore horren aldeko apustua egiten badugu eta bertan lanik ez badaukagu nola kontsumituko dugu jatetxe eta hoteletan?
Hala ere, enpresa batzuek bertan jarraitzen dute. Zure ustez, berrindustrializaziora bueltatzeko atea zabalik egon daiteke?
Nahi bada, hala izango da. Argi eta garbi daukat nik. Zergatik ez?
Aurreko egunetako etenaldiez gainera, bestelako mobilizaziorik aurreikusi duzue hurrengo egunetan?
Orain arte egindako etenaldiez gainera, ekainean lanaldi osoko etenaldiei ekin genien, goizez, arratsaldez eta gauez. Horiez gainera lanaldi osoko etenaldiak egin ditugu. Uztailean mobilizazio gehiago egin ditugu, hala nola, bi eguneko greba.
Orain arte egindako etenaldiak ikusita, nolako aurreikuspena egiten duzue datozen egunei begira?
Baikor gaude momentuz, batez ere lantegi osoaren aktibitatea gelditu dugula jakinda. Ez diogu borroka egiteari utziko!
☉ Galdakao
Argazkiak / Korrika Txikiak Galdakaoko kaleak hartu ditu zirrara betean
Korrika Txikia egin dute gaur goizean Galdakaon Urreta, Aperribai, Gandasegi eta Eguzkibegiko ikasleek
23. Korrikak hasi du bere bidea Euskal Herrian. Bigarren egun honetan Iparralden jarraitzen du lekukoak eta Nafarroara igaroko da arratsaldean. Bitartean, Hego Uribe eskualdean, euskararen aldeko lasterketa erraldoiarekin bat egiteko ekimenak antolatu dituzte. Gaur goizean Korrika Txikia egin dute Galdakaoko Urreta, Aperribai, Gandasegi eta Eguzkibegiko ikasleek, eta hauek GEURIAn jaso ditugun irudiak:
Ver esta publicación en Instagram
☉ Galdakao
Galdabusa 0,30 euro ordainduko da bihartik aurrera
Galdabusa 0,30 euro ordainduko da bidaia bakoitzeko bihartik, martxoaren 14tik, aurrera. Gaur arte prezioa 0,60 eurokoa da Barik txartela erabilita, baina Bizkaiko Garraio Partzuergoak Galdabusari dagozkion deskontuak ezarriko ditu bihartik aurrera.
Barik gabeko bidai bakarreko tiketak euro bateko kostua izaten jarraituko du, “horiei ezin baitzaie deskonturik ezarri”, diote udal ordezkariek.
Neurri hau urtebetez luzatuko da, 2025eko martxoaren 14ra arte.
☉ Galdakao
Argazkiak / Ehunka lagunek bat egin dute Galdakaon M8ko manifestazioarekin
Manifestazioa egin dute gaur eguerdian Galdakaon M8aren harira. ‘Gure bizitzekin negoziorik ez!’ lemapean ehundik gora lagunek egin dute bat mobilizaziorekin.
☉ Galdakao
Indarkeria matxisten protokolo berria lantzen ari da Galdakaoko Udala
Galdakao Indarkeria Matxisten II. Protokolo Interinstituzionala lantzen ari da. Herrian indarkeria matxistaren arloko politikak hobetzea da protokolo berriaren helburua, eta bereziki, indarkeria matxistaren biktimak artatzeko eta arreta hori koordinatzeko erakundeen arteko protokolo berria egitea.
Biolentzia matxista kasuetan biktimak artatzen dituzten agente guztien arteko informazio fluxuak sortu nahi ditu dinamika berriak, hausnarketa espazioak ere bai protokoloan mekanismo berriak txertatzeko, eta entzute guneak, hausnarketa partekatuetara iristeko.
Protokolo berria idazteko talde eragile bat sortu dute, Galdakaoko Udaleko Berdintasun Arloko, Gizarte Zerbitzuetako eta Udaltzaingoko, Ertzaintzako eta Osakidetzako ordezkariekin.
☉ Galdakao
Usansoloko ondasunen banaketa ebazteko Arbitraje Batzordeko kideak izendatu ditu Galdakaoko Udalak
Usansoloko Arbitraje Batzorean arituko diren Galdakaoko Udalaren ordezkariek izendatu dituzte, EH Bildu eta Auzoakeko ordezkariak. Usansoloko Udalaren izenean UHko hiru ordezkarik hartuko dute parte batzorde horretan
2022ko azaroan Batzar Nagusien onartu zuten Usansolo herri berria izendatzea, eta iazko abenduaren 28an juridikoki bermatu zen Usansolo Bizkaiko 113. udalerria izatea.
Ildo horretan, Usansolo udalerri bihurtzearen ondorioz arlo bakoitzeko lan eta ardurak banatzeko bidean, Arbitraje Batzordea eratu behar dute Galdakaoko, Usansoloko eta Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariekin.
Arbitraje Batzordean ondasunen banaketa, eskubideak, akzioak, erabilera publikoak eta aprobetxamenduak, betebeharrak, zorrak eta kargak, tokiko zerbitzu publikoak ematea eta eragindako langileen araubidea, eta sor daitezkeen auziak ebatziko dituzte.
Eta Galdakaoko Udalaren ordezkariak dagoeneko izendatu dituzte: Iñigo Hernando alkatea, Alberto Ealo Ogasun zinegotzia eta Edurne Espilla alkateordea. Era berean, lau ordezko izendatu dituzte: Asier Egiraun Hirigintza zinegotzia, Amets Iturbe Gizarte Ekintzako zinegotzia, Eguzkiñe Gezuraga Giza Baliabideetako zinegotzia eta Monika Bailon Enplegu zinegotzia.
“Arbitraje Batzordearen kideak horiek izateak zentzu bat dauka: gai zehatzak tratatu behar badira, dagokion arloko zinegotzia joatea, alegia”, dio Iñigo Hernando alkateak. Usansoloko Udalaren izenean beste hiru ordezkari egongo dira Arbitraje Batzorde horretan, hirurak UHkoak.
EAJ eta PSE kontran
EH Bilduren, Usansolo Herriaren eta Auzoaken aldeko botoekin eta EAJren eta PSEren kontrako botoekin onartu dira Galdakaoko Udaleko izendapenak Arbitraje Batzorderako. Alderdi sozialistako eta alderdi jeltzaleako ordezkariek erabakia kritikatu egin dute: “Batzordeko kideak alderdi politiko bakar batekoak izatea ez zaigu oso gardena iruditzen”, adierazi zuen otsaileko osoko bilkuran Nerea Teruelo PSEko ordezkariak.
Ainhoa Agirregoikoa EAJko bozeramaileak “sektario” definitu zuen batzordearen eraketa: “Alkatetzaren proposamenez, batzordea osatu da, eta, gure ustez, erabat sektarioa da. Osaketa erabat polarizatua da, indar politiko bakarrekoa. Zentzu horretan, beste jarduteko modu bat espero genuen, kolaboratiboagoa edo EH Bilduk oposizioarekiko keinu bat, prozesu honetan zenbat eta ekarpen gehiago egiten badira, orduan eta logikoena delako”.
Iñaki Urgoiti UHko zinegotziak azpimarratu zuen Galdakaoren izenean gobernu taldea dagoela izendatuta, “eta ez alderdi politiko bat”: “Norbait gogoratzen da Batzorde Parekidea nortzuek osatzen zuten?”, galdegin zuen Urgoitik. Hain zuzen ere, orduko Batzorde Parekidean gobernu taldeko kideak zeuden tarteko: Ibon Uribe (Galdakaoko alkatea, EAJ), Fernando Izagirre (EAJ), Begoña Ormaetxea (EAJ), Monika Mena (Usansolo Herria), Iñaki Urgoiti (Usansolo Herria) eta Mikel Urigoiti (Usansoloko EAJ).
“Indar politiko bakarra dagoela esaten duzuenean, lan egiteko esparru bat da, eta horregatik titularrak gara alkatea, Ogasun zinegotzia eta alkateordea, eta ordezko bezala, landu behar den gaiaren arabera, eztabaidatuko den arloko zinegotziak izendatu ditugu. Gobernuen arteko mahaiak sortzen dira, eta Bizkaiko Foru Aldunditik Imanol Landa jeltzalearekin egongo gara mahai horretan”, bukatu zuen eztabaida Iñigo Hernando alkateak.