→Galdakao

Bizkaibuseko gidari bati arma zuri batekin eraso egin diote Galdakaon, maskara erabiltzea exijitzeagatik

Gidaria ondo dagoela adierazi diote ELAko ordezkariek GEURIAri. Maiatzaren 6an elkarretaratzea egingo dute Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean.

Artxiboko irudia // Geuria

Bizkaibuseko gidari bat zauritu zuen erabiltzaile batek joan den igandean Galdakaon. Gertaera maiatzaren 2an 08:30ak aldera jazo zen, Bilbo-Eibar 3912 linean, langileak Galdakaoko geltokian igo nahi zuen erabiltzaile bati autobusera igotzeko maskara jantzi behar zuela esan zionean. Erabiltzaileak aginduari muzin egin eta arma zuri batekin eraso zion.

Gidaria ondo dagoela adierazi diote ELAko ordezkariek GEURIAri: “Gidaria ondo dago, baina susto handia hartu zuen. Oraindik ere urduri dago. Erabiltzaileak arma zuri batekin hankan zauritu zuen, hainbat ebaki eginez, baina bere zerbitzuarekin jarraitu zuen. Ondoren joan zen mutualitatera”. Galdakaoko udaletxe aurreko geltokian sartu zen erabiltzailea, “eta gidariak maskara janztea derrigorrezkoa zela esan zionean, Covid-19aren aurka dugun holtza kendu zuen gidaria erasotzeko”, diote ELAko ordezkariek. Erabiltzailea bi geldialdi ondoren jaitsi zen autobusetik.

ELA sindikatuak elkarretaratzea deitu du maiatzaren 6an 10:30ean Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean azken eraso hau salatzeko eta instituzioek neurriak har ditzaten aldarrikatzeko: “Babesgabe gaude horrelako erasoak gertatzen direnean. Bizkaibuseko gidarien aurkako erasoak areagotu egin dira osasun krisia hasi zenetik. Langileak babesgabe daude, emakidadunen –Avanza Durangaldea S.A., kasu honetan– eta Bizkaiko Foru Aldundiaren jarrera pasiboaren aurrean, eta egoera horien aurrean jarduteko protokolorik ez ezartzea leporatu diegu, babesgabetasun-giroa eta tentsio-egoerak ugaritu diren momentuan”, salatu dute sindikatutik. 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak