→Galdakao

Galdakaon jokatuko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoetako bat

Urriaren 3an hasiko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketa eta abenduaren 18an izango da final handia Bilbon. Azaroan finalaurreko bat jokatuko da Galdakaon.

2018an Galdakaoko jaietan egindako bertso-jaialdia / Geuria

2021eko Bizkaiko Bertsolari Txapelketa aurkeztu dute gaur Bilboko Rekalde aretoan. Urriaren 3an abiatuko da Durangon eta Bilbon amaituko da abenduaren 18an, final handiarekin. Tartean sei kanporaketa eta hiru finalaurreko jokatuko dira, eta besteak beste, Hego Uribe eskualdean saio bat izango da: finalaurrekoetako bat eta Galdakaon, alegia.

Kanporaketa faseko saioak Durangon, Igorren, Ortuellan, Mungian, Elorrion eta Getxon izango dira, finalaurreak Etxebarrian, Galdakaon eta Larrabetzun, eta finala Bilbon, Bilbao Arenan.

Azaroaren 27an izango da Galdakaoko finalaurrekoa, Urreta kiroldegian (17:00). Momentuz, Aitor Bizkarra, Etxahun Lekue eta Xabat Galletebeitia bertsolariek hartuko dute parte Galdakaon, eta horiei gehituko zaizkie Mungiako eta Getxoko kanporaketetako irabazleak eta puntuazioz hirugarren bertsolaria.

Gaur aurkeztu dute 2021eko Bizkaiko Bertsolari Txapelketa // BBE

44 bertsolari

Kanporaketetan 36 bertsolarik kantatuko dute: Udabarriko Fasetik sailkatutako 28 bertsolarik eta 2018an finalaurrekoetan kantatu zuten beste zortzik. Finalaurrekoetako fasera 10 bertsolari sailkatuko dira eta han izango dituzte zain 2018an finalista izan ziren 8 finalistak. Hiru finalaurrekoetako irabazleek eta puntuazio altuena lortzen duten beste bostak sailkatuko dira finalera.

Hego Uribetik Arkaitz Zipitriak (Arrigorriaga, 1987) hartuko du parte txapelketan. Mungiako kanporaketan hasiko du txapelketa arrigorriagarrak.

Sarrerak, salgai

Saioetako sarrerak erosteko www.bertsosarrerak.eus atarian dago aukera. Antolakuntzatik sarrerak Internetez erosteko gomendioa luzatu dute, “aforo kontuak direla eta, arazorik ez sortzeko”. Era berean, oraindik sarrerarik geratuko balitz, egunean bertan txarteldegia zabalduko lukete saioa hasi aurretik, 16:00etatik aurrera.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak