→Galdakao

Ainhoa Jugo: “Maiatzaren 19 bakoitzean balkoitik sirena hotsa entzutean amorrua eta harrotasuna sentitzen ditut aldi berean”

1937ko maiatzaren 19an Plazakoetxeko babeslekua bonbardatu zuten. Momentuan bertan 15 herritar hil zituzten, tartean 11 urteko Moises Jugo.

Ainhoa Jugo

83 urte dira faxistek Galdakao bonbardatu zutenetik. 1937ko maiatzaren 19a zen eta Alemaniako eta Italiako hegazkinek Plazakoetxeko babeslekua erasotu zuten. Momentuan bertan 15 herritar hil zituzten, tartean 11 urteko Moises Jugo. Ainhoa Jugok (Galdakao, 1996) ez zuen bere osaba ezagutu. Bere aita Robertok eta bere osaba Enriquek ere ez zuten Moises anaia ezagutu. Galdakaoko bonbardaketan gertatu zenaz bere familiak kontatu diotenaren inguruan hitz egin dugu Ainhoarekin.

Zure aitaren anaia bat erail zuten faxistek 1937ko maiatzaren 19an, Galdakaoko bonbardaketan. Zer kontatu dizute etxean garai haietaz, gerraz eta bereziki egun horretaz?
Etxean askotan galdetu izan dugu garai horretaz. Batez ere, sirena hotsa entzuten zutenean babesteko lekuetara korrika nola joaten ziren kontatzen zigun amaren amak, bera oso ume zela. Nola egurrezko makil bat haginkatzen zuten ostonduta zeuden bitartean. Eta amamak (amaren amak) kontatzen zuen, lehen aldiz hildako bat ikusi zuela horrelako bonbardaketa baten ondorioz, Olabarri auzoan.
Gaur egun, ni bizi naizen lekutik oso gertu zegoen babesleku horietako bat, Plazakoetxen. Askotan pentsatu izan da, lehergailua plazakoetxeko parketik errepide generalerako bidexka batean dagoen zuloan erori zela. Baina ez da horrela. Etxean askotan azaldu digute, umeentzako parkea dagoen lekuan zegoela babeslekua eta bertan erori zela. Ibaizabalera heltzen zen erreka zegoen gaur egun parkea dagoen lekuan, eta erreka horrek tunel bat zuen. Gerra garaian, tunel hori bihurtu zuten babesleku.

Josi Sierrak Pedro Jugo zure aitaren anaia nagusiaren testigantza jaso zuen Galdutako Udabarria dokumentalean. 
Pedrok esaten zuen bezala, sirena entzuterakoan inguruko herritarrak Plazakoetxeko babeslekuan babesten ziren. Tunela nahiko luzea zen eta hortaz, batzuk barrurago eta beste batzuk kanporago sartzen ziren. Egun horretan hainbat lehergailu erori ziren babeslekua zegoen zonaldean eta euretariko batek tunela zeharkatu zuen. Beti esan didate, Moises eta erail zituzten besteak kartetan zebiltzala dena gertatu zenean eta hauek tunelaren ahotik gertu zeudela. Pedrok kontatzen zuen, bere aurrean erori zela lehergailua eta konbentzituta zegoen, Moises eta besteak, tunelaren beste aldean zeudela. Hau da, lehergailuak ez zuela bete betean euren gainean jo. Baina ez zen horrela izan.

Zure aita oraindik jaio barik, pasarte horren berri noiz izan zuen?
Berak esaten duenaren arabera etxean ez zuten horren gainean inoiz ez hitz egin. Nagusiagoa izan zenean, 18 urte zituenean, bere amak zerbait kontatu zion, baina gauza gutxi. Aitak, ordea, ez zuen sekula gaiaren gainean hitz egin. Bere anaia nagusiaren bitartez, Pedroren bitartez, jakin zuen gertatutakoa.

Ez zen erraza izango horren inguruan hitz egitea.
Ezberdina da eurek bizi zuten garaia eta gurea. Ulertzen dut, isiltasunean eraman izana. Baina gaur egun, gurean askotan hitz egiten dugu gaiaz eta nabarmen errazagoa da orain, lehen baino.

Transmisioaren gakoa da hori, ezta?
Gerra Zibilaren osteko garaiak kontuan izanda, ezinbestekoa izan da bertan egon zirenen memoria -adibidez, Pedro Jugorena eta besteona- gure belaunaldira arte transmititu izana. Egia da, orain dela urte batzuk arte eta orain ere, egun haiek bizi izan dituztenak izan ditugula inguruan eta euren testigantzak jasotzea beharrezkoa izan dela, guri eta hurrengoei heltzeko. Esaterako, Josi Sierrak Galdutako Udabarrian egindako lanaren bitartez, edota Galdakao Gogorak urtero antolatzen duen Memoria Astearen bitartez. Baina baita gure nagusiei galdetuz ere. Orain arte testigantzak horiek jasotzeko aukera izan dugu eta beharrezkoa da horiek jasotzea. Bestela, hemendik aurrera gatozenoi gertatutakoa kontatuko digun inor ez dugu izango.
Ni berandu konturatu nintzen agian, baina ikastola amaitzean edo batxilergoan nengoenean hasi nintzen nire amamari (amaren amari) garai horietan bizi zuena kontatzeko eskatzen, baita aitari ere bere familian gertatutakoa galdetzen ere. Eta hainbat gertaera kurioso jaso ditut. Familia artean gaudenean, bazkarietan, askotan gogoratzen ditugu pasarte horiek.

Moisesez gain, zenbat seme-alaba izan zituzten zure aitaren gurasoek?
Guztira bost seme izan ziren. Nagusienetik txikienera, hurrenez hurren: Pedro, Moises, Jose Mari, Enrique eta Roberto (nire aita). Adin tarte handia zuten euren artean eta horregatik kontatu dezakegu gaur hau. Gaur egun, Enriquek eta Robertok jarraitzen dute gurekin.

Urtero, maiatzaren 19an, zer da burura datorkizun lehen gauza?
Duela ez hainbeste urte hartu dut kontzientzia gertatutakoaz. Hau da, nire aitaren anaia bat 11 urte besterik ez zituela erail zutela faxistek. Orain, garai horretaz dakidana baino askoz gehiago jakin nahiko nuke. Maiatzaren 19 bakoitzean balkoitik sirena hotsa entzutean amorrua eta harrotasuna sentitzen ditut aldi berean. Amorrua, sufrimenduarengatik, baina harrotasuna, memoria dugulako.

Egun hartan gertatu zenaz informazio sakonagoa bilatu duzue senideok?
Ez dakit ziurtasunez esaten. Pedrok emandako testigantzez edota Josik dokumentalean jasotakoez gain, ez dakit zerbait gehiago ikertu izan duten. Esango nuke ezetz.

Zein hausnarketa egiten duzu Gerra Zibilaz?
Faxismoa, nazismoa, frankismoa XX. mendean burgesiaren espresio izan dira. Eta hori erabili du burgesiak, bere dominaziorako. Sistema ankerrena, diktadura militarra, estaldurarik gabe inposatu eta langileria osoaren menderakuntza ahalbidetuz. Estatu espainiarrean ere, Gerra Zibilaren ondorioz inposaturiko urte beltzak.

Zure ustez, Galdakaoko bonbardaketaren eta, oro har, Gerra Zibilaren biktimek aitortuagoak egon beharko lukete?
Uste dut, ez dagokidala niri horretaz hitz egitea. Herrian omenaldia burutzen da urtero, Memoria Astea antolatzen du Galdakao Gogora elkarteak, gertakizunen berri ematen da eta ikerketak egiten dira gudarien hilobiak bilatzeko. Gerra galdu zutenen memoria ekartzea, ez ahaztea eta hurrengoei helaraztea iruditzen zait garrantzitsua.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak