→Galdakao

Maiatzean jarriko dituzte salgai Galdakaoko Bonuak, herriko dendetan eta tabernetan gastatzeko

Aste honetan zabaldu du Udalak epea parte hartu nahi duten Galdakaoko eta Usansoloko ostalaritza establezimenduek eta dendek Bonodenda kanpaina honetan izena eman dezaten.

Maiatzaren 3tik aurrera egongo dira bonuak salgai // Geuria

‘Bonodenda Galdakao 2021’ kanpaina abiarazi du Udalak, herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu-sektorean erosketa sustatzeko. Guztira 10.000 bonu jarriko dituzte salgai maiatzaren 3an: 10 euro ordainduko dira eta bonu bakoitzak 15 euroko balioa izango du. Hau da, Udalak 5 euro finantzatuko ditu bonu bakoitzeko.

Maiatzaren 3tik aurrera egongo dira bonuak salgai Dendari Elkartearen bulegoetan, Galdakaon (astelehen, asteazken, ostegun eta ostiraletan, 9:00etatik 14:00etara, eta astearteetan, 9:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 18:00etara), eta Oletxe 19 kaleko bulegoan, Usansolon (ostegunetan, 16:00etatik 18:00etara). Bonuak irailaren 30era arte trukatu ahal izango dira.

Pertsona bakoitzeko lau bonu eros daitezke, eta bonu bakoitza aldi bakarrean erabili beharko da kanpainara atxikitako saltokietan soilik. Erabilera-baldintzei dagokienez, erosketaren zenbatekoa bonuaren balioa baino txikiagoa bada, ez da dirurik itzuliko; eta produktua itzultzen bada, erosketaren zenbateko osoko txartela eman beharko du saltokiak.

Saltokien atxikimendua

Aste honetan zabaldu du Udalak epea parte hartu nahi duten Galdakaoko eta Usansoloko ostalaritza establezimenduek eta dendek Bonodenda kanpaina honetan izena eman dezaten. Interesdunek Dendari Elkartearen bulegoetan emango dute izena. Dendari Elkartearekin harremanetan jartzeko 944 570 623 telefonora dei dezakete merkatariek eta ostalariek. Atxikitako saltokien zerrenda Dendari Elkartearen bulegoetan edo gudendari.eus webgunean kontsultatu ahal izango da.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak