→Galdakao

Mari Cruz eta Santiago (Click eta Click): “Argazkien bidez munduaz dugun ikuskera plazaratu dezakegu”

Click eta Click Galdakaoko argazkilaritza elkarteak hiru urte bete ditu. Martxa hartzen ari zirela, pandemiak harrapatu ditu. Hala ere, urte amaierako erakusketa egin zuten.

// Geuria

Hiru urte bete ditu Click eta Click argazkilaritza elkarteak. Zehazki, 2017ko azaroan ekin zion bere ibilbideari: ikastaroak, online txapelketak eta erakusketak egin dituzte. Azaro osoan zehar Torrezabalen erakutsi zituzten elkartearen dinamikarekin sortutako ehun argazki. Iazkoa urte zaila izan dela diote, baina hainbat ekintza mantendu eta zabaltzeko asmoa dute aurten. Hau horrela izan dadin dihardute lanean, besteak beste, Mari Cruz Costa (Galdakao, 1965) eta Santiago Amillano (Labraza, Araba, 1959) elkarteko kideak.

Zergatik erabaki zenuten horrelako elkarte bat eratzea?
Mari Cruz Costa: Galdakaon argazkilaritza ikasteko hutsune bat zegoela sumatzen genuen. Herrian jendea egon bazegoen argazkilaritzan interes handia zuena, baina ikasi eta praktikatu ahal izateko herritik atera beharra zegoen, Bilbora edo Basaurira joan behar zuten. Nire kasuan, adibidez, hiru urtez joan naiz Deustura argazkilaritzan aritzeko, hemen ez zegoelako argazkilaritzarako erreferentziarik. Hau horrela, uste genuen norbaitek hasi behar zuela halako ekintza bat eta elkartea eratzea erabaki genuen.

Santiago Amillano:  Elkartea sortu eta hilabete gutxira heldu nintzen ni taldera. Lehen pausoetan bilatu genuena izan zen gure zaletasun bera zeukan jendea biltzea, taldea osatzea, bilgune izatea, ikastaroak edo txangoak egin ahal izateko. Argazkilaritzarekin lotutako mugimendua sortzea gure herrian. 

Zer ekintza eramaten dituzue aurrera?
S.A.: Ikasturte zaila izaten ari da. Iazko urtea gatza izan zen benetan. Birusaren ondorioz antolatutako ekintzak bertan behera geratu dira. Ikastaroren bat online egin dugu, baina ezer gutxi. Egoera normal batean hemen, Torrezabalen, egiten ditugu tailerrak. Gure txoko honetan, apurka-apurka, estudio txiki bat sortzen ari gara, batik bat argazkilaritzan argiarekin nola jokatu ikasteko. Ikastaroak bazkideen artean antolatzen ditugu: guk ikasi eta besteei erakutsi. Noizbait irakasleren bat etorri da klase bat ematera, Txelu Angoitia, esaterako. Baina normalean gu geu gara irakasleak.

M.C.: Aurreko ikasturtetan hainbat ekintza izan ditugu martxan: tailerrak, ikastaroak eta erakusketak. Iaz, egutegi bat eta hainbat lehiaketa egin genituen. Baina aurten hori dena alde batera utzi behar izan dugu. Egin dugun gauza bakarra, ikastaroez gain, azaroan Torrezabalen egindako erakusketa izan da. 

Antza, ikusle asko izan zituen erakusketak.
M.C.: Torrezabalen egin dugun erakusketak garrantzi handia du bazkideentzat. Izan ere, denon artean egindako lana erakustea funtsezkoa da: herriari erakutsi, herrira zabaldu eta herria gure lanaz gozatzera gonbidatzen dugu, jakin dezaten Click eta Clicken zer egiten dugun. Bide batez, herritarrei argazkilaritzarako grina pizten badugu, ederto. Horrez gain,  Udaletik jasotzen ditugun diru-laguntzak zertara bideratzen ditugun adierazten dugu. 

S.A.: Halako erakusketen bidez urtero bazkide gehiago lortzen ditugu. Azken finean, gure burua aurkezteko era bat da. Hiru urte daramagu baina oraindik jende askok ez daki existitzen garenik. Torrezabalen egin genuen erakusketan ehun argazki erakutsi genituen. Hogei bazkide ditu elkarteak. Bakoitzak bost argazki aurkeztu behar zituen, baina Covid-19 dela medio, bazkide batzuk ezin izan dute argazkirik aurkeztu. Hala ere, denon artean moldatu gara ehun argazkiko erronka lortzeko. 

Zer bilatzen duzue argazkilaritzarekin?
M.C.: Norbanakoak munduarekiko duen ikuskera plazara dezake. Hori da argazkilaritza. Gurera ekarrita, gertukora, inguruan ditugun munduetako zatiak kontatu ditzakegu. Maiz gertatu zaigu gai baten inguruan argazki, ikuspegi oso ezberdinak erakustea argazkien bidez. Nire kasuan, argazkilaritzarekin munduak ikusten ez duena islatzen saiatzen naiz. Zaila da, gutxitan lortzen dut, baina lortzen dudanean itzela da.

S.A.: Detaileetan gehiago erreparatzen lagundu dezake argazkilaritzak. Arte argazkilaritzaz eta Argazkilaritza letra larriz ezagutzen dugunaz kanpo, beste hainbat argazkilaritza mota daude, gizarte argazkilaritza edo bogan dagoen kale-argazkilaritza, esaterako. Horien bidez, milaka ikuspegi adieraz daitezke.

Komunikazioaz ari bagara, zer du argazkilaritzak jendea hainbeste erakartzeko?
M.C.: Pertsonengana heltzeko erraztasuna. Argazkia atera, inprimatu eta banatzen has zaitezke, oso modu azkarrean. Hori abantaila handia da. Kontran, desabantailarik handiena da erakutsi nahi duzuna, sarritan, ikusten ez dena dela eta mezua bidean geratzeko arriskua duela. Esaterako, erretratu bat egiten duzu pertsona horren begiradak asko transmititzen duelako, testuinguruagatik; baina, norbaitek, testuinguru horretatik at, argazkia ikusterakoan ez du murgiltze hori sumatuko. 

S.A.: Nire ustez, abantaila eta desabantaila leku berean daude: nork bere irakurketa egiten du. Horregatik, gustuko dut erakusketetan jendearen iritzia. Izan ere,  konturatu zaitezke nahi barik mezu jakin bat helarazten ari zarela, eta argazkiarekin komunikatu gura zenuen ideiatik erabat kanpo zaudela.

Eta komunikabideetako argazkilaritza?
S.A.: Nire barne liskarrak ditut oso harrigarriak diren argazkiekin. Ez dakit oso egokia den halakoak plazaratzea. Momentu honetan gogora datorkit Aylanen argazkia, hondartzan itota ageri zen haur errefuxiatuarena. Egia da kontzientzia pizten dutela, irakurlea hunkitzen dute. Hala ere, uste dut batzuetan mugak gainditzen dituztela. 

M.C.: Egungo gizarteak ideiak errotzeko argazki ikusgarriak edo adierazgarriak behar dituela esango nuke. Adibide argia da bizi duguna COVID-19aren krisiarekin. Herritarrok argazki eta bideoen bidez dakusagu ospitaletan gertatzen dena. Eta irudi horiek ikusterakoan jaramon gutxi egiten badiegu, pentsa ikusiko ez bagenitu! 

Eta ez dadila falta argazkilaritzaren gakoa: zer behar da argazkilari ona izateko?
S.A.: Nire ustez, teknika da garrantzitsuena. Egia da jendea egon badagoela argazki onak ateratzeko sen berezia duena, baina gehienok teknika hobetuz goaz aurrera. Teknika onik gabe ezinezkoa da gura duzun argazkia ateratzea. Eta gehiago sakonduz, argia menperatzean dago gakoa. Finean, argazkilaritza argian oinarritzen da.  

M.C.: Argazkilari on bat izateko irmoa izan behar duzu. Egunero saiatu behar zara hobetzen.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak