→Galdakao

Itxaso Etxebarria (Eguzkibegi): “Ikasi dogu beste antolaketa bat posiblea dala eta ahal doguzan gauza onak hartuko doguzela”

Amaitzear da covid-ak baldintzatutako ikasturtea ikastetxeetan. Baina, zer gertatuko da datorrenean? Itxaso Etxebarria Eguzkibegi Ikastolako zuzendariarekin berba egin dugu.

Eguzkibegi Ikastolan batu gara Itxaso Etxebarria zuzendariarekin // Geuria

Covid-aren lehen ikasturtearen azken txanpan daude ikastetxeak. Eguzkibegi Ikastolako zuzendaria den Itxaso Etxebarriarekin batu gara amaitzear den ikasturte honen inguruan berba egiteko. Aitortu du ikasturte “gogorra” izan dela, baina gauza asko ikasi dituztela ere badio: “Ikasi dogu beste antolaketa bat posiblea dala eta ahal doguzan gauza onak hartuko doguzela datorren ikasturteei begira”, dio.

Ikasturte bukaeraren atarian gaude jada. Atzera begiratuta, zein hausnarketa egiten duzu?
Ikasturte hau zelan hasiko genuen ez genekien; ni neu ere hasieran, beldurragaz. Azken finean erantzukizun handiagaz hasi gendun ikasturtea, informazio asko jakin barik, ikasle guztiak ikasgeletan, modu presentzialean, antolaketa berezi bategaz bai jantokian bai jolastokian… Orduan, ardura handia zen. Hala ere, oso pozik nau. Oso ondo bukatu dogu ikasturtea. Izan doguz gela batzuk konfinatuta, baina oso gutxi izan dira: % 10a. Irakasle eta langileen artean ere ez da egon agerraldirik, dena kontrolatuta egon da. Saiatu gara normaltasun baten barruan ikasturtea aurrera eramaten. 

Ikasgelen % 10a soilik konfinatu behar izan duzuela diozu.
Bai. Haur Hezkuntzan (HH) positiboren bat egon bada gela barruan, konfinatu daurie gela osoa. Gurean HHko 12 gela ditugu eta horietatik bizpahiru gela konfinatu genituen. Lehen Hezkuntzan (LH) eta Bigarren Hezkuntzan (DBH) kontutan hartuten daurie positiboaren inguruan 2 metrora dauden ikasleak eta horiek dira konfinatu dituztenak, bai gelakoak bai jantokikoak.

Eskola presentzialak bermatzea izan da Eguzkibegi Ikastolaren helburu nagusia?
Gure helburua izan da ahalik eta gehien bermatzea klase presentzialak. Horregatik gure burbuilak gelak izan dira. Nahiz eta hori gogorra izan, horrek ere eragin zuzena izan dau gure metodologian, gure egiteko eran… Egia da ez dala izan erreza, irakasleek lan itzela egin daurie, eta horreri esker ere saiatu gara ahalik eta gehien kontroletan ahal izan dugun guztia ikasle gutxien joateko etxera. 

Gauza positiborik ekarriko zuen covid ikasturteak…
Ikasturtea gogorra izan den arren, gauza asko be ikasi doguz. Covid-ari esker gauza batzuk probatu doguz beste modu baten, eta konturatu gara ikasleentzat eraginkorragoa dela. Onak izan diren gauzak hartuko doguz, eta agian datorren ikasturtean mantenduko doguz. 

Adibidez?
Bada, sarrera-irteerak modu mailakatuan egitea ikasleentzat ona izan da; lasaiago sartzen dira gelara. Bestetik, jolastokiak ere ordutegi desberdinean izan dauriez eta espazioaren erabileran horrek eragin positiboa izan dau. Asmoa da gauza bi horiek datorren ikasturtean mantentzea. Gehienbat, ikasi dogu beste antolaketa bat posiblea dala eta ahal doguzan gauza onak hartuko doguzela. 

Komentatu duzu metodologia aldetik ere aldaketak izan dituzuela.
Eragin zuzena aukin dau, ze gure egitekoan gure elkarreragitea oso garrantzitsua eta ezinbestekoa da. Orduan, ikasleek txikitatik, HHtik, euren artean txokoka lan egiten dute, eta txokoetan adin desberdinetako ikasleak momentu batzuetan aukera daukie momentu berean parte hartzeko. Hori ikasturte honetan ezin izan da egin, baina noski, ezin izan da ezta maila bereko ikasleak batu ere. Orduan, gela bakoitzean antolatu behar izan dira txokoak.
LHn, berdin. Elkar-eragite horretan ikasleak askotan gauza batzuk batera egin dituzte, adibidez, euren arteko harremanak, eta hori ere ezin izan daurie egin. DBHko ikasleak ere askotan eurek egiten dituzten proiektuak aurkeztu dizkiete LHkoei, edo alderantziz, LHkoek DBHkoei, eta horretan ere mugatuta egon gara. Beste ikasturte batzuetan guretzat garrantzitsua zena ezin izan dogu aurten egin. 

Ikasturtean zehar alde emozionala akademikoa baino gehiago landu dela esango zenuke?
Iazko ikasturte bukaeran konturatu ginen ikasleen eta langileen ongizate emozionalean honek guztiak eragin zuzena izan zuela, eta ikasturte honetan ere eragina izango zuela. Hori hasiera hasieratik guretzat erronka izan da, eta ildo horretatik ere egin doguz gauza batzuk. Ikastolen Elkartetik bideratutako Alvaro Marchesi bilakaeraren psikologian eta hezkuntzan katedradunaren inkesta baten parte hartu gendun, ikasleak eta langileak ikasgeletara bueltatzea zelan gauzatu zan ikusteko. Eta inkesta horren emaitzen arabera, formakuntza batzuk eskaini doguz irakasleentzat, langileentzat eta familientzat. 

Eta horrek lagundu dizue ikasleen arlo emozionala gehiago zaintzen?
Ikasleen arlo emozionalari begira adiago egon gara. Guretzat beti izan da garrantzitsua ikasleen arlo emozionala zaintzea, baina egia da ikasturte honetan, zoritxarrez, denok pairatu dogula. Batzuk gehiago azaleratu dute, beste batzuek gutxiago, edo modu desberdin batean… Erronka izan da guretzat, baina konturatu gara hori ere bide oso garrantzitsua dela: gu ondo egon behar garela besteei gure onena emateko. Eta ez bakarrik ikasleen aldetik; niretzat ere erronka izan da irakasleen ongizate emozionala. Bakoitzak bere errealitateak bizi izan ditu egoera honetan, eta kasu batzuetan gogorra izan da, eta horrek azkenean eragina dauka zure egitekoan. Hori guztia zaintzea nire erronka izan da. Egin dut ahal izan dudana, seguru asko gauza asko hobetu beharko ditut, baina erronka handia izan da.

Hezkuntza sistema aldetik ere aldaketa nabarmena gertatu da, batez ere teknologia berrien erabileraren aldetik.
Zentzu horretan gure egitekoan lagundu dosku egin dogulako ikastaro express bat. Orain adituagoak gara teknologia berrietan. Hasieran kosta jakun apur bat adin batzuetan. Egia da teknologia berriak garrantzitsuak direla, baina oso argi daukagu presentzialak garrantzia gehiago duela, eta adin batzuetan ezinbestekoa. Txikitxuekin eta LHko lehenengo mailakoekin. Orokorrean, klase presentzialak duen pisua eta garrantzia telematikoki  egiteak ez du orekatzen. DBHren kasuan hobeto murgiltzen dira teknologia berrietan. Gure ikasleek, LH5etik aurrera, euren chromebookak dituzte, eta zentzu horretan materiala badute. Arlo gehienak digitalean daude momentu honetan DBHn, nahiz eta guk gure egunerokoan paperezko euskarriari garrantzia ematen diogun. 

Baina euskarri digitala prest duzue beste itxialdiren bat gertatzekotan.
Ikasturte hasieratik ikusten genuen beharrezkoa dena apurtxu bat aurreikustea eta digitalki ere euskarri hori izatea, egun batetik bestera etxera baldin bagoaz ez egoteko aurreko ikasturtean moduan. HHtik irakasle guztiek euren programazioa eta plangintza guztia jarri dute euskarri digitalean. Hori ere aldaketa positiboa izan da. Adin batetik aurrera joera hori bazegoen, baina joera hori hedatu egin dugu maila guztietara. Orain, koronabirusaz aparte, edozein arazorengatik etxean badago ikaslea plataforma digitalean sartu daiteke eta badaki zein den plangintza. Gero tutorea jarriko da berarekin harremanetan. Hori lehen ere egiten genuen, baina orain euskarri digital hori ere badago.

Datorren ikasturteari begira, zer aurreikusten duzu?
Datorren ikasturteari begira lanean hasi gara, baina ez daukagu informaziorik komunikabideetatik entzuten duguna besterik. Ez dakigu ofizialki datorren ikasturtea zelan izango den. Nik uste dut datorren ikasturtean apurka-apurka normaltasun baterantz joango garela. Espero dut horrela izatea danon onerako.
Aurreikusten dut datorren ikasturtean, dana ondo baldin badoa, burbuilak apurtxu bat handitu ditzaketela. Jantokietan-eta ez dakit zelan etorriko den agindua. Guk musika gela jantoki bezala ere egokitu dugu aurten eta badaezpada ez dugu ezer desmuntatuko. Ez dakit berririk emango duten ikasturte bukaera izan aurretik edo irailean; hortaz, dagoen bezala utziko dogu. 

Aurrematrikulazioa zelan joan da Eguzkibegin?
Ikasturte honetan aurrematrikulazioan pairatu dogu ere jaiotza-tasa jaitsi dela eta Covid-ak eraginda HHko lehenengo ziklo horretan ikasle gutxixeago izan ditugula. Datorren ikasturterako aurreikuspenetan ere ziklo horretan ikasle mordoxka gitxiago dekoguz. Jaiotza-tasaren beherakada arrazoi nagusia bada ere, Covid-ak ere horretan eragin du, eta 2-3 urteko geletan ikasle gitxiago ditugu. Espero dut joera hori aldatzea, umeak behar ditugulako. Egia da, momentu honetan HH3tik gora gelak beteta ditugula.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak