→Galdakao

Daniel Arenas: “Hotz egiten duen lekuetan entrenatzen dugu, batez ere txakurrak eroso egoteko”

Bikejoring modalitateko Master40 kategorian izan da irabazle Arenas, Asterix 8 urteko txakurrarekin batera.

Arantzilen elkartu gara Daniel Arenas eta Asterixekin // Geuria

Espainiako bikejoring txapeldun da Daniel Arenas Galdakaon bizi den elgoibartarra (Elgoibar, 1976). Otsailaren 28an Espainiako Mushing txapelketa izan zen Olvegan (Soria) eta Bikejoring modalitateko Master40 kategorian izan da irabazle Arenas, Asterix 8 urteko txakurrarekin batera. Bikejoring modalitatean txakurrek bizikletatik tira egiten dute. 2019an, bikejoring-ean hasi eta hilabete gutxira Munduko txapeldun izan zen Arenas Sua txakurrarekin. Arantzile parkean elkartu gara Danielekin eta Asterixekin batera eta kirol honen inguruan hitz egin dugu. 

Espainiako Bikejoring txapeldun zarete zu zeu eta Asterix. Zorionak!
Bai, eskerrik asko! Maila emozionalean txapelketa oso gogorra izan zen arrazoi ezberdinengatik, baina oso ondo kudeatu genuen Asterixek eta biok eta irabaztea lortu genuen. Benetan oso pozik gaude.

Kontaiguzu Asterixi buruz.
Iaz neurea den Suarekin eta oraindik nirea ez zen Asterixekin lehiatu nintzen. Aurten Silvia nire bikotea Suarekin lehiatzen da eta ni Asterixekin. Alejandro Gomez nire lagunaren txakurra zen Asterix. Atleta olinpikoa izan zen Alejandro eta urtarrilean zendu zen garuneko tumore baten ondorioz. Udan Galiziara bisitan joan ginen eta Asterix geratzeko esan zigun. Berak 28 txakur zituen eta emaztea horiekin guztiekin gaizki egongo zela-eta, Asterix guk hartzeko eskatu zigun. Nik bi txakur nituen jada, Sua eta Bruc, eta irailean Nit ekartzekotan ginen. Uste genuen lau txakurrekin lan asko edukiko genuela, baina azkenean lagunari mesede bat egitearren Asterix ekarri genuen Galdakaora.  

Ondo egokitu al zen Galdakaora?
Bronkitisak jota etorri zen. Tratamendua ipini genion hemen eta etxean ematen diogun janariarekin sendatu zen. Azken batean, txabola batean egotetik, halako batean pisu batean egotera, etxe bero batean, eta menua jaten, azkenean guztiz sendatu eta handik hilabete batzuetara, begira, Espainiako txapeldun!

Nolakoa da Asterix?
Hasieran, normala den bezala, etxeko beste txakurrekin oso lotsatia zen. Orain, gozamena da. Oso ondo portatzen da, oso maitakorra eta mainosoa da. Ez du apenas lanik ematen. Txabolako txakurra izatetik (lehen lursail zabal batean bizi zen) etxeko txakurra izatera alde handia dago, baina egia esan ez du lanik ematen: ez du ez pixarik ez kakarik etxean egiten. Egia da kalean kostatu egiten zaiola ohitzea: ikaratu egiten da jendearekin eta zaratekin. Noski hori normala da: lehen herrixka batean bizi zen eta orain jendez eta zarataz beteta dagoen herri batean. Bestetik, oso grinatsua da, bai bazkaltzerako orduan bai kalera irteterako orduan, baina hori kenduta, txakur zoragarria da.

Ondo konpontzen al da Asterix dituzuen beste txakurrekin?
Bai, oso ondo konpontzen da etxeko beste txakurrekin (Bruc, Sua eta Nit). Asterix ez dago guztiz hezita, baina oso ondo konpontzen da besteekin. 

Bikejoring-az hitz egingo dugu orain. Zer da zehazki?
Bikejoring Espainiako Neguko Kirol Federakundeari atxikitako mushing modalitate bat da. Kirol-modalitate honetan, pertsona bat bere bizikleta gainean doa, txakur batekin, tira elastikoko lerro bati lotuta eta arnes berezi batekin, bere burua kaltetu gabe, bizikletatik tira egin ahal izateko.

Eta mushing?
Mushing-a kirol ezaguna da gaur egun, nahiz eta urteetan garraiobidetzat baino ez den hartu. Bere izena frantsesezko hitz batetik dator, martxa hasteko erabiltzen dena. ‘Goazen’ izan liteke bere itzulpena. Batez ere tenperatura baxuko herrialdeetan egiten den kirola da, hala nola, Europa iparraldeko herrialdeetan edo Ipar Amerikan. Gehienbat elurretan praktikatzen da; hala ere, lur gaineko modalitate berriak ezarri dituzte eta horrek beste herrialdeetan ere praktikatzea ahalbidetzen du. Esaterako, Espainian. 

Duela gutxi hasiko zinen bikejoring-ean.
Bai. Orain hasi da kirola ezaguna egiten gurean, eta ni duela gutxi hasi nintzen praktikatzen: 2019an, alegia. Kanikrosa utzita hasi nintzen bikejoring-arekin. 

Beraz, aurretik txakur krosa egiten zenuen.
Nire bikotekideak eta biok Eslovenian ezagutu genuen txakur krosa, eta probatzeko gogoa sortu zitzaidan. Etxera itzultzean, txakur baten bila hasi ginen, eta Sua ekarri genuen familiara. Bilboko Udaltzaingoaren txakurrekin lan egiten duen lagun batek deitu zidan esanez belgiar malinois artzain-txakur arrazako txakur bat iritsi zitzaiela. Hasieran zalantzak nituen, izan ere, oso etxe txikia genuen, eta dena apur zezakeela iruditzen zitzaigun. Hala ere, ikustera joan ginen eta handik bi egunera, haren bila jo genuen. 

Daniel eta Asterix // Geuria

Suarekin hasi zinen lehiatzen, ezta?
Hala da. Bizkaia Kopa Trail zirkuituan hasi ginen kanikrosean Sua eta biok. Lasterketa guztietan podiumean sartzea lortzen genuen. Lasterketak motzak ziren: txakurra oso ondo ibiltzen zen, baina nik lehertuta bukatzen nuen. Bihotz maiztasun altuan ibiltzen nintzen eta medikuarenera joatea erabaki nuen. Esfortzu proba bat egin zidaten, eta medikuak esan zidan bihotzeko balbula batek ez zuela ondo funtzionatzen, eta kirola aldatzeko gomendatu zidan.

Eta orduan aldatu zenuen txakur krosa bikejoring-agatik?
Suarekin Bizkaia Kopa Trail zirkuituko txapeldun izan ginen, baina bide horretan ezin nuela jarraitu ikusi nuen eta bikejoring-a probatzea erabaki nuen. Hondarribian lehenengo bikejoring lasterketa egin genuen eta denetarik pasatu zitzaigun: txakurra erotuta, beste txakurren atzetik abiatzen zen, bat-batean gelditu egiten zen, kaka egiteko geratzen zen… Hala ere, pixkanaka bizikletarekin ibiltzera moldatu zen. Beteranoen artean eta nire mailan, belgiar artzain txakurren arrazakoen artean, munduko txapelketarako sailkatzea lortu genuen. Han hasi zen gure ibilbidea.

2019an hasi zinen bikejoring-ean eta hilabete gutxira Munduko txapeldun izan zinen Suarekin. Hasiberriak eta munduko txapeldunak!
Egia esan, sorpresa handia izan zen iritsi eta mundiala irabaztea. Txekiar Errepublikan izan zen txapelketa eta ondo prestatzeko entrenamendu bereziak egin genituen. Nik, adibidez, ultra lasterketa batzuk egin nituen. Esperientzia ahaztezina izan zen.

Munduko txapelketetan parte hartzea zaila ala erraza da?
Federazioaren araberakoa da hori. FMBB Federazioan (Fédération Mondiale du Berger Belge), esaterako, lehenik eta behin arraza-aitorpena izan behar duzu, eta gero, horretarako hautatua izan.

Bikejoring-a eta oro har Mushing-a Euskal Herrian edo Espainian ezagunagoa dela esan duzu.
Bai, gero eta ezagunagoa da, baina, zoritxarrez, oraindik gutxiengoen kirolak dira. Hedabideek eta markek gutxi laguntzen dute. Txakur krosa izango litzateke ezagunena.

Babeslerik ba al dago?
Ni pribilegiatua izan naiz, nahikoa babeslerekin hasi bainintzen, baina orain egoera bestelakoa da. Babesleak gutxi dira, eta hori areagotu da pandemiaren eraginez eta lasterketa gutxir antolatzen direlako.

Laguntzarik baduzue txapelketetara joateko?
Oso gutxi, eta ematen dituzten laguntzak ez dira ia ezertarako iristen. Guk jasan behar izaten dugu gastu guztia: lasterketetara joateko bidaiak, gasolina, bidesariak…

Entrenamenduez galdetuko banizu.
Egunero entrenatzen dugu. Txakurrak egunero ateratzen ditugu kalera ordu eta erdi eta bi ordu artean. Goizeko 5etako freskoarekin atera ohi gara etxetik eta mendi aldera jotzen dugu jendearekin ez elkartzeko. Gero, denboraldiaren arabera, lasterketak simulatzen ditugu. Nik era askotako entrenamenduak egiten ditut, oso ondo pentsatuta eta dena Zuzen Pilates zentroan antolatuta.

Batez ere non entrenatzen duzue?
Garaiaren arabera, leku batzuetara edo besteetara joaten gara. Beti bilatzen dugu hotz egiten duen lekuren bat, batez ere txakurrak ondo egoteko eta arriskurik gabe entrenatu ahal izateko. Nafarroara edo udan Frantziara joaten gara.

Zenbat txakur dituzu?
Lau txakur ditut, denak harrak: hiru alaskanar (Bruc, Nit eta Asterix) —mushing-erako txakur espezifikoak— eta artzain begikar bat (Sua). Sua eta Bruc bagenituen, eta gero etorri ziren ia batera Nit eta Asterix.

Lehiatzerako orduan txakurrarekin konplizitate osoa izatea garrantzitsua izango da.
Txakurra eta nire arteko lotura oso garrantzitsua da niretzat. Txakurrekin orduak pasatzen ditut —etxean bizi dira gurekin— eta horrekin lortzen dugu konplizitatea. 

Dieta berezitik behar dute txakurrek?
Gure txakurrek Petkisek haientzat prestatutako menu bereziak jaten dituzte. Nafarroatik izoztuta bidaltzen dizkigute eurentzako jakiak.

Pilateseko irakaslea zara. Zer onura du pilates egiteak kirolari batentzat?
Nire kasuan, ariketa zuzentzaileekin pilates egieko modua funtsezkoa da edozein kirolarirentzat. Izan ere, ariketa horiekin gorputza jarduera horretarako prestatzen dugu, lesioak saihestuz eta errendimendua handituz.

Herriko kirolariak zaindu eta motibatu behar direla esan zenuen 2019an Galdakaoko Udalak Munduko txapelketa irabazi eta geroko aitortza ekitaldian.
Bai, gogoan dut esan nuena. Nola zainduko eta motibatuko nituzke herriko kirolariak? Bada irabazten duten txapelketaren arabera emango nieke beka atletei —edozein modalitatekoak izanda ere—. Adibidez: Euskadiko txapelketa irabazteagatik hainbeste euro, Espainiako txapelketa irabazteagatik horrenbeste, Europako txapelketagatik beste horrenbeste eta Mundiala irababazteagatik beste hainbeste. Berdin dio bikejoring, petanka edo futbolekoak diren.

Bikejoring-a praktikatu aurretik beste kiroletan ere aritu izan zara: atletismoa, txirrindularitza, ehiza, mendiko lasterketak, kulturismoa, arroilen jaitsiera… Kirolari nekaezina eta saiatua zarela ondoriozta daiteke, ezta?
Bai (kar, kar, kar). Bizitza osoa daramat kirola egiten, lehiaketetan parte hartzen beti. Kirola egiteko behar dudan guztia ondo kudeatzea gustoko dut, entrenamenduak eta elikadura, kasu. Dena dena, kirola eta pilatez egiteaz bizi naiz. Kirola nire bizitza da. 

Praktikatu dituzun kirol bakoitzetik zer nabarmenduko zenuke?
Kirol guztiek dute zerbait nabarmentzeko. Denek irakasten dizute ezer. Batez ere, diziplina, pazientzia, iraunkortasuna, lana, lan ona eta apala izatea. Lesioak ere nabarmentzekoak dira, baina kontran, alde txarrean dauden. 

Pandemiak eraginik izan al du zure entrenamenduetan edota txapelketan?
Bai, zoritxarrez, mundialak, Europako zein Espainiako txapelketak bertan behera utzi dituzte. Aurten, irabazi dugun txapelketa hura baino ez da ospatu. 

Epe laburrean, ertainean edo luzean lasterketarik duzu?
Europako txapelketak eta mundialak egin ahal izatea espero dut, hala ere zail ikusten dut pandemiagatik, baina are zailagoa baliabide ekonomikorik ez izateagatik. Txakurrei dagokienez, 10 urterekin jada ez dute lehiaketetan parte hartzen, legeek hala diotelako. Beraz, espero dut Asterixekin datozen bi urteetan gehiago lehiatzea. 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak