→Galdakao

Milioi bat euro bideratuko ditu Galdakaoko Udalak merkatari, ostalari eta ETEentzat

Koronabirusaren krisiak herritarrengan eragingo duen kalte ekonomikoa arintzeko helburuarekin, Galdakaoko Udalak guztira hiru milioi euro bideratuko ditu. Zenbateko horretatik, 1,8 milioi euro merkatariak, ostalariak eta enpresa txiki eta ertainak (ETE), lanik gabe gertatu direnak edota egoera zaurgarrian daudenak lagunduko ditu Udalak.

Denda, ostalaritza eta ETEentzako milioi bat euro bideratuko dituzte; alarma-egoeraren ondorioz lanik gabe geratu diren familiak laguntzeko 500.000 euro izango ditu Udalak; eta larrialdi egoeran dauden herritarrak laguntzeko 300.000 euro bideratuko dituzte.

Diru-laguntza horiek guztiak arautzeko pleguak prestatzen ari da Udala, “dirua lehenbailehen iris dadin”, diote Udaletik. Ostiralean Ogasun batzordeak diktaminatuko du laguntzen partida eta ondoren, maiatzeko osoko bilkuran eztabaidatuko dute. Udalbatzak partida onartu eta gero, laguntzak eskatzeko epea zabalduko du Udalak.

Bestetik, 1,2 milioi euro bideratuko ditu Udalak alarma egoerak eragindako behar berriak oinarri izango dituzten enplegu planetarako.

Kultur eskaintzak sustatzeko laguntza

Era berean, kultura eta artistak laguntzeko neurriak ere hartuko ditu Galdakaoko Udalak, eta alarma egoeraren ondorioz kultura aurrekontuan exekutatu gabe geratu den diru kopurua kulturan berrinbertitzeko konpromisoa hartuko du. “Esate baterako, emanaldia atzeratu behar izan duten artistei aurretiaz ordainduko diegu zati bat, eta herriko jai eta ospakizunetan herriko artistak kontratatzeko ahalegina egingo dugu”, diote Udaletik. Gainera, online bidezko kultur eskaintza sustatuko du Udalak eta horretara 30.000 euro bideratuko ditu.

Zeharkako beste laguntza batzuk ere jarriko ditu abian Galdakaoko Udalak. Besteak beste, terrazak jartzeagatik ostalariek ordaintzen duten udal tasa jaitsiko du, kiroldegiko urteko ordainketari kendu egingo diote itxialdiari dagokion diru kopurua, eta bertako dendariei laguntzeko bono denda kanpaina martxan jarriko du.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak