→Galdakao

Fernando Izagirre (EAJ Galdakao): “Bi urtez egon gara oposizio eraikitzaile eta zintzoa egiten”

Galdakaoko EAJk udal gobernu taldearen ekintza falta eta legegintzaldiko bi urteetan herritarrek aukeratutako proiektuetako bat ere ez duela gauzatu salatu du.

Legegintzaldi erdia bete da eskualdeko Udaletan. Joan den ekainaren 15ean Galdakaoko udal gobernu taldeak (EH Bildu, Auzoak, Usansolo Herria eta Podemos) 2019-2023 legegintzaldiaren lehenengo erdiaren balorazioa egin zuen, eta gaur, oposizioan dagoen EAJk egin du. “Udal gobernu taldeak ez du oraindik proiektu propiorik aurrera atera, eta 2019, 2020 eta 2021ean garatzeko herritarrek aukeratu dituzten proiektuetako bat bera ere ez du gauzatu”, salatu du Fernando Izagirre EAJ Galdakaoko udal-taldeko bozeramaileak: “Uste dugu oso zaila egingo zaiela legegintzaldiaren hasieran ezarritako 100 neurriak betetzea”. Izagirrerekin batera prentsaurrekoan egon dira Aintzane Urkiza, Ruben Seoane eta Errupin Jauregi -Ainhoa Agirregoikoa eta Koldo Goioaga geroago iritsi dira.

Argazkia: EAJ Galdakao

Galdakaoko udal gobernu taldeak adierazi zuen 13 proiektu dagoeneko eginda daudela eta beste 72 egiteko bidean daudela: “Datu horiek ez dira benetakoak. Errealitatea da gobernu taldeak ez duela oraindik proiekturik gauzatu. Dagoeneko gauzatu direnak EAJk aurreko legegintzaldian esleitutakoak edo nahiko aurreratuta utzi zituenak izan dira, hala nola, N-634 errepidearen gainean Urretako pasabidea kentzea, errepide horretan bertan hasi berria den obra edo Aperribaiko igogailuak, nahiz eta, hala ere, lanen hasiera zortzi hilabetez atzeratu zen”, dio Izagirrek.

“Bestetik, herritarrek hainbat kontsultatan aukeratutako proiektuak abian jartzeko ez da inongo pausorik eman. Izan ere, 2022ko aurrekontuetarako partaidetza-prozesua hasi zenean, EAJk gobernu-taldeari eskatu zion, partaidetza-prozesu berri bat hasi aurretik, aurreko ekitaldietan onartutako eta aurrekontuan xedatutako herritarren proposamenak gauzatzen hasteko. Esaterako, Lekubasorako proposamenak, argiztapen-hobekuntzak edo Urretako kiroldegiko hobekuntzak”, dio Izagirrek. Lekubasoko atsedenlekua berreskuratzeko obrei dagokienez, lanak esleitzear ditu Udalak; argiztapen-hobekuntzei dagokienez, eskaintzak edo parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea itxiko du uztailaren 12an.

Gobernu Planean aurreikusitako 100 neurrietatik 13 bukatu eta 72 burutzen ari da Galdakaoko Udala

Era berean, alderdi jeltzaleak salatu du Udalak ez dituela gauzatu herritarren parte-hartzearen mende egon ziren beste proiektu batzuk, “esate baterako, haurreskola berri bat eraikitzea, nahiz eta matrikulazioa jaitsi egin den, jaiotze-tasagatik, bai amatasun eta aitatasun bajek kontziliaziorako ekarri dituzten erraztasunengatik, edo Emakumeen Etxea eraikitzea”, dio Izagirrek. Haurreskola zein Emakumeen Etxea eraikitzeko prozesu parte-hartzaileak hasi ditu jada udal gobernu taldeak. 

“Oposizio eraikitzailea eta zintzoa”

Galdakaoko EAJk 830.000 euroko balioko zuzenketak aurkeztu zituen 2021eko aurrekontuan, udal-zerbitzuak, irisgarritasuna, aisialdirako aukerak eta ongizatea bezalako arloak indartzeko: “Zoritxarrez, gure proposamenenekin bat eginda ere, eta aurrekontuan sartu arren, bi urte hauetan proiektu bakar bat ere gauzatu ez dela ikusten dugu”, deitoratu du Izagirrek: “Oposizio eraikitzailea eta zintzoa egin dugu. Pazientzia handia izan dugu eta ulerkorrak izan garela, baina uste dugu momentua dela gauzak behingoz egiten hasteko”. 

“Oposizio eraikitzailea egiteko eta aurreko proiektuak gauzatzeko gure esku dagoen horretan aurrera egiteko konpromisoa berretsi nahi dugu. Gainera, proposamenak egiten jarraituko dugu”, dio Izagirrek: “Hala ere, gobernu taldeak oposizioko alderdiei ematen digun tratua salatu nahi dugu. EAJk hainbat arlotan aurkeztu ditu proposamenak, eta oso gutxitan deitu digute negoziatzeko ere”. Besteak beste, arlo horretan alderdi jeltzaleak hauek nabarmendu ditu: “Covid-19ri aurre egiteko plana merkataritza, ostalaritza, ETEak eta udalerriko pertsona autonomoak berraktibatzeko, baita herriko familiak laguntzeko ere”. Alderdi jeltzaleak “eraikitzeko” eta “oposizio eraikitzaile bat egiteko” lanean jarraitzeko prest dagoela azpimarratu du, “Galdakao guztion artean eraikitzeko”. 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak