→Galdakao

Egia, Urreta eta Unkina ikastetxeetako patioetan karpak jarri ditu Galdakaoko Udalak

Karpak ekainaren 23ra arte mantenduko dituzte. Galdakaoko Udalak Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza eskatuko du. 

Gandasegi-Egia ikastetxeko karpa // Galdakaoko Udala

Ikastetxeetako jolastokietan karpak instalatzen hasi dira hainbat Udal. Galdakaoren kasuan, Egia eta Urreta ikastetxeetan eta Usansoloko Unkina ikastetxean jarri dituzte estalkiak patioetan atzo eta gaur artean. “Unkinako kasua argia da: eskolak ez du patio estalirik. Egia eta Urretako eskolek badute jolastoki estalia baina aterpe gehigarria jartzea oso lagungarri izango zaie distantziak gorde ahal izateko eta biek badute nahikoa leku kanpoan estali ahal izateko”, diote udal ordezkariek. Karpak ekainaren 23ra arte mantenduko dituzte.

“Covid-19ak eragindako beharretara egokitzeko neurria da. Izan ere, kutsatze orokortuak saihesteko, taldeka banatzen dira ikasleak eta taldeen arteko distantziak handitzeko eskatzen dute prebentzio neurriek. Leku gehiago behar izatera darama horrek. Euria egiten duenean ere multzo horien arteko distantziak gorde eta haur guztiek nahikoa espazio izatea da neurriaren helburua”, diote udal ordezkariek. Karpen alokairua Galdakaoko Udalak ordaindu du, baina Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza eskatuko du.

Hego Uribe eskualdean, Etxebarriko Kukullaga ikastetxean, Basauriko Bizkotxalde, Etxegarai eta Basozelai-Gaztelu ikastetxeetan, Zaratamoko ikastetxean eta Ugaoko Leitoki ikastetxean jarri dituzte karpak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak