→Galdakao

“Eguzkibegi Ikastolako espazioak berritu nahi ditugu, eta horretarako antolatuko dugu Ibilaldia 2025ean”

2018ko Euskaraldiako argazkia Eguzkibegi Ikastolan // Utzitakoa

2023tik 2028ra arteko Ibilaldia jaiak esleitu ditu Ikastolen Elkarteak. Hurbiletik joko du albistea Galdakao. Izan ere, Eguzkibegi Ikastolak hartuko du jaia 2025ean. Galdakaon lehenengoz Ibilaldia 2009an antolatu zuen Eguzkibegik eta bigarrena hamasei urte ondoren antolatuko du. “Aurreko ikasturtean aurkeztu genuen hautagaitza. Ikastolako komunitate osoak gabezien eta ahulezien azterketa egin genuen eta ikusi genuen gure espazioak berritu behar genituela. Ikastola leku zoragarrian dago, baina eraikinak urte asko ditu. Aldaketa prozesua bizi dugu, bai barrura begira bai pedagogikoki ere. Metodologia aldaketa egon da eta horrek Ikastolako espazioak eraldatzea eskatzen du. Espazioak eraldatu eta berritu behar ditugu”, dio Itxaso Etxebarria Eguzkibegi Ikastolako zuzendariak. 2025eko Ibilaldia antolatzeko batzordea eratu behar dute. “Aurreikuspenen arabera, 2022an osatuko dugu batzordea”, dio Etxebarriak. 

“Osasun larrialdi egoerak ez ditu gure itxaropenak zapuztu, eta berriro ere elkartu, besarkatu, ongi pasatu eta pandemiaren aurreko normaltasunean gure jaiez gozatzeko esperantzak bizi-bizirik dirau. Aurten nekez itzuliko gara egoera horretara, baina egoerara moldaturiko jaiak prestatzen dihardugu, eta etorkizunekoak pentsatzen ere bai”, diote Ikastolen Elkartetik. Aurtengo Ibilaldia Sopelako Ander Deuna eta Leioako Betiko ikastolek antolatuko dute, eta 2022an Bilboko Abusuikastolak. Bizkaiko Lurralde Batzarrak dagoeneko hurrengo sei urtetako jaiak non ospatuko diren eta zein ikastolek antolatuko dituzten erabaki du: 2023an Ondarroan (Zubi Zahar ikastola), 2024an Getxon (San Nikolas ikastola), 2025ean Galdakaon (Eguzkibegi ikastola), 2026an Bilbon (Kirikiño ikastola), 2027an Santurtzin (Bihotz Gaztea ikastola), eta 2028an Bilbon (Harrobia ikastola). “Ikastolen asmoa da gure jaien bitartez euskarari, euskal kulturari eta gure artista eta sortzaileei urtero bost plaza handi eskaintzen jarraitzea, eta berorien bidez ikastolen proiektuak biziberritzen jarraitzea”, diote Ikastolen Elkartetik. 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak