→Galdakao

Eider Eibar ilustratazailearen lana aitortu dute JUUL sarietan

Eider Eibar ilustratzailea Juul Sarien banaketan // kokoakgara

Galdakaon bizi den Eider Eibar ilustratzaile bilbotarraren lana aitortu dute Nafarroako Ikastolen Elkarteak antolatzen dituen JUUL sarietan. “JUULek pilak kargatzen dizkit. Indarrez betetzen nau eta irakurleen beroa jasotzen dut. Ezin dut besterik eskatu… a, bai; papera eta margoa, mesedez!”, adierazi du Eider Eibarrek sare sozialetan.

“Arte Ederrak eta Animazioa ikasi eta berehala bere ibilbide profesional oparoari ekin zion Eider Eibarrek. Ilustratzaile modura lanean dabil beste hainbat gauzarekin batera, irudigintzaren munduan beti gauza berri eta interesgarriak eskaintzeko prest baitago. Bere hitzetan, “animazioaren magiak irudiak mugimenduan jartzen ditu eta liburuetan ere hori bera egiten saiatzen naiz, ipuin ederrak lagunduz eta irudimena hegan eta dantzan jarraraziz”. Hitz ederrak benetan. Zorionak Eider Eibar!”, diote Juul egitasmoko arduradunek. Bestetik, Jon Arretxe idazle basauriarrak ere JUUL saria jaso du, Beti iparralderantz bidaia-kontakizunagatik.

Nafarroako Ikastolen Elkarteak antolatzen ditu urtero JUUL sariak. Hauteskunde literarioetan egile bozkatuenei gorazarre egiteko ekitaldia eta ikasleek eurek ematen dute botoa. Aurtengoa JUUL sarien 24. edizioa izan da eta irailaren 22an egin zuten sari banaketa Lizarrako Julian Romano Musika Eskolan.

Sari banaketa ekitaldi osoa ikus daiteke hurrengo bideoan:

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak