→Galdakao

Greziako Katerini ikastetxearekin proiektuak lantzen jarraituko du Galdakaoko Elexalde Institutuak

Pandemia aurretik Greziara bidaiatu zuten Elexalde Institutuko ikasleek // Elexalde BHI

Elexalde Institutuak maiatzean amaituko du ‘Discover and share your identity mark‘ proiektu europarra. 2018an hasi zuten proiektua Greziako Katerini ikastetxearekin elkarlanean eta hiru urte ondoren bukatutzat emango dute: “Ia hiru urteren ondoren, Elexalde ikastetxeko ikasleek esperientzia paregabea eta ahaztezina itxiko dute. Proiektuan zehar gure sustraietan sakontzeko aukera izan dugu, gure bazkide izan diren greziarrekin hau guztia elkarbanatu eta greziar kulturaz bustitzeko eta gozatzeko parada izan dugu”, dio Gemma Gutierrez Elexalde Institutuko Ingeleseko irakasleak.

Hain zuzen ere, proiektua ingelesez garatu dute DBHko ikasleek: “Proiektua DBHko 3. mailako ikasleekin hasi zen eta DBH-4ko ikasleekin jarraitu zuen. Pandemiaren ondorioz, proiektua bederatzi hilabetez luzatu genuen, eta beraz, DBH-2 eta DBH-4ko ikasle berriak gehituz joan dira”, dio Gutierrezek. Proiektuan beste irakasgai batzuetako irakasleek parte hartu dute, eta landu duten proiektuaren edukia ondare kulturala, naturala, itsasokoa eta ondare historiko-arkitektonikoa izan da. “Hainbat jarduera egin ditugu, baita dastatzera gonbidatzen zaituztegun Greziako eta Euskal Herriko janari tipikoen errezeta liburu bat ere. Euskal Herriko herri kiroletan jarduteko aukera izan dute eta ikasle greziarrei erakutsi dizkiete eta bi ekintza hauek mugikortasun birtualean praktikan jarri dituzte. Gainera, euskal mitologiako istorioak sortu dituzte eta greziar jainkoen istorioak entzun dituzte”, dio Gutierrezek.

“Nazioartekotzea izan da proiektu honen plan estrategikoaren ardatzetako bat. Gaur egun bizi dugun gizartean alor garrantzitsua deritzogu gure errealitatetik abiatuta beste errealitate batzuetara zabaltzea, eta horregatik erabaki genuen erronka hau burutzea”, dio Gutierrezek: “Proiektuaren helburu nagusia izan da gure ikasleak beren kultura-ondareaz jabetzea, Greziakoarekin erreparatzea, biei buruz hausnartzea eta tolerantzian, errespetuan eta desberdintasunez beteriko elkarbizipenak partekatu eta bertatik ikasi ahal izatea”.

Elkartrukea pandemia aurretik

Guztira hiru topaketa presentzial eta topaketa birtual bat egin dituzte: “Lehenengo urtean, Elexalde Institutuko irakasleek Katerini Greziara bidaiatu zuten bi ikastetxeen artean praktika onak egiteko. Eta ondoren, Katerini ikastetxeko irakasleek Euskal Herrira bisita egin zuten gure ikastetxea ezagutzeko eta gure kulturarekin lehen harremana izateko”, dio Gutierrezek. Era berean, pandemia aurretik, Galdakaoko ikasleek Greziara bidaiatu zuten: “Gure ikasleek ez dute ahaztuko Greziarekin iaz pandemiaren aurretik egindako trukea. Greziar kultura ezagutzeaz gain, oso lagun onak egin zituzten eta esperientzia pertsonal baliotsua izan zen”.

Koronabirusa dela eta, Greziako ikasleak ezin izan dira Galdakaora etorri: “Pena izan da, koronabirusa dela eta, ikasle greziarrek ezin izan dutela Euskal Herria bisitatu. Mugikortasun birtuala egin genuen eta gildak prestatzen ikasi zuten eta VR betaurrekoen bidez gure ikastetxea eta Bilbo zeharkatu zituzten birtualki”, dio Gutierrezek. Joan den apirilean ikasle galdakoztarrak Iñigo Hernando alkatearekin bildu ziren eta mezu bat helarazi zien Greziako ikasleei: “Galdakaok besoak zabalik itxarongo ditu etortzeko aukera dutenean”.

Maletak beteta

“Proiektu interesgarri hau duela hiru urte hasi zen, Elexalde ikastetxea Erasmus+ K229 proiektu baten koordinatzaile hautatu zutenean, eta gurekin batera Greziako bigarren hezkuntzako Katerini ikastetxea ere izendatua izan zen. Orduantxe hasi zen bidaia luze hau, maletak hutsik eta ilusioz beterik geneuzkala, pixkanaka bizipenez eta bere kulturaren eta greziar kulturaren ezagutzaz betetzen joan diren maletak”, dio Gutierrezek. Maiatzean amaitutzat emango dute ‘Discover and Share your Identity Mark’ proiektua, baina Greziako Katerini ikastetxearekin “proiektu puntualak” lantzen jarraituko dutela diote Galdakaoko Elexalde Institututik.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak