Sareak

☉ Galdakao

Auzolanak, tailerrak eta bazkari komunalak izango dira Galdakaon, Elkarlaguntza Astearen barruan

Ekainaren 14an hasiera eman zioten Galdakaon Elkarlaguntza Asteari. Hilaren 20ra bitartean hamaika jarduera antolatu ditu Elkarlaguntza Sareak.

|

Etorkinen bizipenak eta errelatoak jaso zituzten astelehenean // Elkarlaguntza Sarea

Galdakaoko Elkarlaguntza Sareak hamaika ekimen antolatu ditu aste honetan. Elkarlaguntza Astea joan den astelehenan hasi zuten eta ekainaren 20ra bitartean izango da. Besteak beste, tailerrak, auzolanak, bazkari komunalak, mahai inguruak, musika eta umeentzako jolasak antolatu dituzte.

“Aste horren helburu nagusia komunitatearen eraikuntzan aurrerapausoak ematea da, elkarlaguntza eta zaintzaren bitartez sarea sendotzea eta gure proiektua herrian lau haizetara zabaltzea. Ekimen guzti horiek nahi duenarentzat irekiak dira, beraz herritar guztiak parte hartzera gonbidatzen ditugu”, diote Elkarlaguntza Saretik.

Elkarlaguntza Astea / Galdakao / 2021

Ekainaren 14tik 20ra

Ekainak 14, astelehena
18:00 Etorkinen bizipenak eta errelatoak. Kurtzeko plazan

Ekainak 15, asteartea
18:00 ‘Elkartasun altxorraren bila. Gurasotasuna eta militantzia. Gure auzoa ezagutuz’. Biltegiko plazan, Tximelarren
19:30 Xaboi eta makrame tailerra. Biltegiko plazan, Tximelarren

Ekainak 16, asteazkena
18:00 ‘Ekoizpen komunalen gaineko hausnarketa. Zaintza eta elkarlaguntza merkantzien logikaren aurrean’. Iturrondo plazan

Ekainak 17, osteguna
16:30 Auzolanak:
– Ortua. Urrena baserrian
– Konpresa ekologikoen jostun tailerra. Biltegiko plazan, Tximelarren
– Ondoren: parrillada

Ekainak 18, ostirala
18:00 Mahai ingurua: ‘Ekonomia feminista’. Iturrondo plazan
22:00 Bakarrizketa: Ane Lindane. Iturrondo plazan

Ekainak 19, larunbata
10:00 Orienting Urrenara Kurtzeko plazatik
15:00 Bazkari komunala Urrenan
17:00 Tailerrak: makinaria agrikola, elektrizitatea eta sexualitatea. Urrenan
Gauean Jam Session eta Karaokea

Ekainak 20, igandea
10:00 Sendabelar tailerra Urrenan
15:00 Bazkari komunala Urrenan
Iluntzean San Juan Gaua Urrenan

☉ Galdakao

Gizon bat espetxeratu dute Galdakaon bere lehengusina adingabeari sexu abusu jarraituak egiteagatik

Gizona, 50 urtekoa, Basauriko espetxean sartu dute. Sei urteko zigorra ezarri diote adingabeari sexu-abusu jarraitua egiteagatik 2016tik 2020ra bitartean

|

Basauriko espetxean dago 50 urteko gizona eta sei urteko zigorra bete behar du // Geuria

Gizon bat espetxeratu dute Galdakaon bere lehengusina adingabeari sexu abusu jarraituak egiteagatik.

El Correo egunkariak publikatu duenaren arabera, gizona, 50 urtekoa (G.Y.I.), Basauriko espetxean sartu zuten urriaren 17an. Bizkaiko Auzitegiak 2022an ezarri zion espetxe zigorra, baina kondenatuak epai bakoitza errekurrituz joan da azken instantziara iritsi arte, Auzitegi Gorenera, hain zuzen.

Sei urteko zigorra ezarri diote adingabeari sexu-abusu jarraitua egiteagatik 2016tik 2020ra bitartean, haurrak 8 eta 12 urte artean zituenean. Kondenatuak 42 urte zituen sexu abusuekin hasi zenean.

Gertaerak biktimaren amak aurkitutako gutun batzuen bitartez azaleratu ziren.

Lehen sententziak adierazten duenez, “musuak ahoan eman ohi zizkion eta ipurdia ukitzen zion”. Gainera, “zakila praken gainetik ukitzeko eskatzen zion eta bideo pornografikoak erakusten zizkion”.

Era berean, gizonaren mugikorrean haurren argazki sexualak aurkitu zituzten, eta adingabearen deklarazioaz gain, froga nagusietako bat izan zen adingabeari bideo bat grabatu ziola, zinta batean biluzik korrika, kamerak genitalak fokatzen zituela.

Epaiketan gizonak alegatu zuen bere jarduerek ez zutela “konnotazio sexualik”, eta “zaintzaile rola nahastu” zuela.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Bideoa | Xanduli-manduli kirrikiki… Gau Beltza ospatu dute Galdakaon!

|

“Xanduli-manduli kirrikiki, eman goxokiak guri!”. Horrela ospatu dute Gau Beltza Galdakaon. Aurten elkarlanean antolatu dute arimen gaua Eguzkibegi Ikastolako eta Gandasegi eta Urreta ikastetxeetako gurasoek, Udalarekin lankidetzan. Ikusi hemen argazkiak!

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Argazkiak | Antzerkia, tailerrak eta edabe magikoa prestatu dituzte Galdakaon Gau Beltza ospatzeko

|

Gau Beltza ospatzen ari dira Galdakaon. Aurten lehen aldiz elkarlanean aritu dira Eguzkibegi, Gandasegi eta Urreta ikastetxeetako gurasoak eta hamaika ekintza antolatu dituzte: aurpegi margoketa, tailerrak, antzerkia, edabe magikoa, gaztain erreak, taloak eta edariak.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakaoko bilketa pneumatikoko langileek grebari amaiera eman diote akordioa lortu ostean

Zortzi hilabete zeramatzaten greba mugagabean. Akordioari esker, besteak beste, % 40ko igoera lortu dute soldatan

|

Besteak beste, % 40ko igoera lortu dute soldatan // ELA Sindikatua

Galdakao, Barakaldo eta Laudioko hondakinen bilketa pneumatikoko langileek greba mugagabeari amaiera eman diote, euren baldintzak hobetzeko akordio bat lortu eta gero.

Akordioaren arabera, Envac Iberia enpresak % 40ko igoera izango dute soldatan 16 langileek.

“Lau urtean 530 euroko plus finko eta xurgaezina kobratzera iristiko da plantilla osoarentzat: 150 euro aurten, 260 euro 2026an, 395 euro 2027an eta 530 euro 2028an”, zehaztu dute ELA sindikatuko ordezkariek.

Era berean, hobekuntza hauek ere jasotzen ditu hitzarmenak:; urteko lanaldia 200 ordu murriztea (1.789 orduko jardunaldia izatetik 1.591 ordu izatera); txanda-kontraturako eskubidea bermatzea; lan-erreformaren aurkako klausulak onartzea; eguneko 100 euro jasotzea hoditerian sartzeagatik; jaiegunetan eta igandeetan lan egindako orduaren prezioa bikoiztea; batzarretarako urtean ordainpeko 8 ordu; norberaren gauzetarako egun bat (ordaindua); eta lanpostu hutsen bat dagoenean enpresak plantillari eskaintzea lanaldi partzialean daudenei eta aldi baterako kontratuak dituztenei.

“Akordioa posible izan da antolaketa eta borroka sindikalari esker. Sindikatuaren erresistentzia-kutxa funtsezkoa izan da hilabete hauetan guztietan grebari eutsi ahal izateko”, esan dute ELAko ordezkariek.

Zortzi hilabete zeramatzaten greba mugagabean hitzarmen propioa aldarrikatzeko. Orain arte enpresak Ingeniaritzako Estatuko Hitzarmena aplikatzen zuen.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Gau Beltza antolatuko dute aurten Galdakaon Eguzkibegi, Gandasegi eta Urreta ikastetxeetako gurasoek elkarlanean

Urriaren 31n mozorroz eta misterioz beteko da Kurtzeko plaza Galdakaon. Hamaika ekintza antolatu dituzte elkarlanean Gau Beltza ospatzeko

|

Kurtzeko plazan ospatuko dute Gau Beltza Galdakaon urriaren 31n // Argazkia: Utzitakoa, Eguzkibegi Ikastola

Urriaren 31n Gau Beltza da eta Galdakaon hainbat ekintza antolatu dituzte elkarlanean Eguzkibegi Ikastolak, Gandasegi eta Urreta ikastetxeetako gurasoek eta Udalak.

Aurpegi margoketa, antzerkia, tailerrak, ipuinak, edabe magikoa, gaztain erreak, musika, taloak eta edariak egongo dira Kurtzeko plazan 18:15etik aurrera.

Mozorroak janzteko gonbitea ere egin dute antolatzaileek. Horretarako mozorroa prestatzeko erabilgarri izan daitezkeen aukerak zabaldu dituzte: baserritar-arrantzale gona eta prakak, azpigona, pololoak, baserritar galtzerdiak, abarkak edo espartinak, lastozko txapela, koadrodun edo loredun alkandora, artilezko jertse zaharra, arrantzale edo baserritar zapia, kriseilua, aurpegirako zapia, zaku-telaz egindako jantzia, fibra naturalezko sokak, mantillak edo manta zaharrak.

“Ekimenak herriko eskola publikoen eta ikastola kontzertatuaren arteko lankidetza balioan jartzen du, tokiko ohiturak bizirik mantenduz eta hezkuntza komunitate osoaren arteko bizikidetza sustatuz. Horrela, Kurtzeko plaza tradizioz eta magiaz beteriko gauaren epizentro bihurtuko da”, diote udal ordezkariek.

Osorik irakurri