→Galdakao

Galdakaon emakume bat atxilotu du Ertzaintzak etxebizitza batean lapurreta egiten saiatu ondoren

/ Ertzaintza

Ertzaintzak, Galdakaoko Udaltzaingoaren laguntzaz, 32 urteko emakume bat atxilotu zuen bart, ostiral gauean, etxebizitza batean eta, jarraian, herriko garaje batzuetan lapurreta egiten saiatzeagatik.

Segurtasun Sailetik ohar bidez adierazi dutenez, atxilotutakoa lapurtutako auto batean zihoan lau urteko semearekin, eta auto barruan lapurtutako bi txakur eta bestelako objektu batzuk aurkitu dituzte; Ertzaintza horien jatorria ikertzen ari da.

Ostiralean, gaueko 21:30ean, Galdakaoko Urreta auzoko bizilagun batek poliziaren laguntza eskatu zuen bere etxean, emakume bat terrazatik jauzi eginda eta komuneko leihoa hautsita etxean sartzen saiatu zela esanez.

Biktimak emandako deskribapenean oinarrituta, Galdakaoko udaltzainek ustez lapurreta egiten saiatu zen emakumea aurkitu zuten. Lekura Ertzaintzako dotazio batzuk agertu ziren, eta bizilagunek jakitera eman zieten inguruko garaje batzuetan ere lapurreta egin zuela.

Ertzainek egiaztatu zuten gaztea bezperan Abadiñon lapurtutako auto batean zebilela, eta barruan lau urteko semea aurkitu zuten, bai eta lapurtutako bi txakur, bizikletak eta material informatikoa ere, eta emakumeak ez zuen horien jatorria azaltzen jakin.

Emakumeak aurrekariak ditu antzeko egintzengatik, eta ondarearen aurkako delituak leporatuta atxilotu eta polizia-egoitzara eraman zuten zegozkion eginbideak hasteko. Gaur, larunbatean goizean zehar, Bilboko Guardiako Epaitegiaren eskuetan jartzeko asmoa du Ertzaintzak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak