→Galdakao

Emakume Master Cup txapelketako finalerdiak, igandean, Kurtzeko frontoian

Patri Espinar usansolotarrak Olatz Arrizabalaga gernikarraren aurka jokatuko du. Era berean, Leire Etxaniz, Iera Agirre, Leire Garai, Miriam Arrillaga, Laia Salsamendi eta Miren Larrarte pilotariak ere izango dira finalerdietan

Binakako txapelketako lehen kanporaketa ere Galdakaon jokatu zuten // Argazkia: Geuria

Patri Espinar usansolotarrak Olatz Arrizabalaga gernikarraren aurka jokatuko du. Era berean, Leire Etxaniz, Iera Agirre, Leire Garai, Miriam Arrillaga, Laia Salsamendi eta Miren Larrarte pilotariak ere izango dira finalerdietan

Lau eta Erdiko Laboral Kutxa Master Cup txapelketako finalerdiak jokatuko dituzte abenduaren 1ean, iagndez, Galdakaon. Goi mailako pilota mixtoari dagokion kategorian Leire Garai eta Miriam Arrillaga aurrez aurre arituko dira, baita Laia Salsamendi eta Miren Larrarte ere. Pilota goxuari dagokion ataleko lau pilotariren artean hiru, bizkaitarrak dira. Lehen partidan Patri Espinar usansoloarra Olatz Arrizabalagaren kontra arituko da. Bigarrenean, Leire Etxaniz eta Iera Agirre izango dira aurrez aurre.

Partidak 12:00etan hasiko dira eta ETB-1ek zuzenean emango ditu. Partidu profesionalak hasi aurretik, 11:00etan Galdakaoko Adiskide pilota elkarteko neskatoek jokatzeko aukera izango dute, txapelketako antolatzaileek finalerdiko partiden aurretik lagunarteko partidak egiteko gonbita egin baitiete herriko neskatoei. Gaur egun bost neskato ari dira Adiskide elkartearekin pilotan.

“Neskatoak eta emakumeak frontoira hurbildu daitezela eta jokatu dezatela da helburua. Bide asko dago oraindik egiteko, baina pixkanaka ari gara aukerak sortzen”, dio Iker Amarika Emakume Master Cup-eko antolatzaileak. Norabide horretan pilota elkarteak egiten ari diren lana eskertu du, Galdakaoko Adiskide taldearena espresuki nabarmenduta.

Inoiz baino pilotari gehiago

Aurten 92 pilotarik parte hartu du Lau eta Erdiko Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketan, “inoiz baino gehiago”, dio Amarikak. “Errekorrak” hausten jarraitzeko asmoa azaldu du Amarikak, eta zentzu horretan Galdakaoko Udalak erakutsitako “konpromisoa” goratu du.

“Halako edozein krirol praktika ekartzea onuragarria da herriarentzat eta bertako herritarrentzat. Are gehiago emakumeen kirola denean”, dio Edurne Espilla Galdakaoko Udaleko zinegotziak: “Kirol karreran aurrera egiteko plazak behar dira, eta gu, hor egongo gara”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak