→Galdakao

Bideoa | Emakumeen Etxea eraikitzeko prozesua hasi dute Galdakaon

Emakumeen Etxea eraiki nahi dute Galdakaon. Oraindik ez dakite non eraikiko den etxea, baina dagoeneko hasi dira proiektua ehuntzen. Hain zuzen ere, Galdakaoko Emakumeen Etxea izango denaren oinarriak zehazteko prozesu parte hartzailea abiarazi dute. “Proiektua behar bezala gauzatu dadin, ezer baino lehen oinarriak landu behar dira. Lehenengo edukia eta gero jantzia, etxea”, dio Iñigo Hernando alkateak. Zentzu horretan, prozesuko protagonistak emakumeak izango direla adierazi du Hernandok, eta horretarako herriko emakume guztiek parte hartzeko deia luzatu dute udal ordezkariek: “Emakumeak izango dira protagonista, hasieratik amaierara. Eragile feministak, kolektibo ezberdinetako emakumeak, alderdi politikoetako emakumeak edota norbanakoak deitzen ditugu Galdakaoko Emakumeen Etxea izango denaren oinarriak zehazteko prozesuan parte hartzera”, dio Nerea Orozko Berdintasun arloko zinegotziak.

Mota, jatorri eta izaera guztietako emakumeentzat “hurbileko eta konfiantzazko” gunea eraikitzea helburu izanik, talde eragilean parte hartzeko gonbita egin die alderdi zein elkarte guztietako emakumeei, zein bertan parte hartu nahi duten emakume guztiei: “Elkarlanean Emakumeen Etxea izango dena diseinatu nahi dugu”, dio Orozkok. “Galdakaoko emakumeen behar, nahi eta desioak kontutan hartuko dituen etxea eraikitzeko eraikuntza kolektiboa egin behar da”, dio Irati Garai parte hartze prozesua gidatuko duen Farapi elkarteko kideak: “Gerora etxean egongo diren emakumeak saretzen hasteko eta ezagutzeko ikasketa prozesua elkarrekin eraiki behar dugu. Hau da, talde kohesioa sustatu behar dugu”.

Berdintasun Kontseilua izango da hasiera batean hausnarketa horren abiatuntu, baina taldea zabaldu beharra dagoela adierazi dute. Gauzak horrela, talde eragileko parte izan nahi dutenek berdintasuna@galdakao.eus helbide elektronikora idatzi behar dute. “Hala ere, talde eragilean zuzenean parte hartu ezin edo nahi ez dutenentzat ere zabalik egongo da parte-hartze prozesua online”, dio Garaik. Udal webgunean ‘Galdakaoko Emakumeen Etxearen sorrerarako partaidetza prozesua’ izeneko bannerra jarriko dute.

Parte-hartze prozesua iraila edo urrira arte luzatuko dela adierazi dute udal ordezkariek: “Pandemia egoera honek guztiz baldintzatzen gaitu. Egoera zaila da, eta ez dakigu zehazki noiz arte luzatuko den prozesu parte hartzailea, baina aurreikusten dugu iraila-urrira arte luzatu daitekeela”. Prozesuan zehar mahai inguruak antolatzeko asmoa ere agertu du udal gobernu taldeak: “Mahai inguruak antolatzeko asmoa daukagu, eta Euskal Herriko beste Emakumeen Etxeetako jendea elkartzea nahiko genuke, baina noski, egoera honek zaildu egiten du hori antolatzea”, dio Orozkok. Hego Uribe eskualdean Basaurin Marienea Emakumeen Etxea dago eta horren ibilbidea gertutik jarraitu dutela dio Orozkok: “Eurekin elkartu izan gara, eta prest agertu dira euren esperientzia galdakoztarrokin partekatzeko”.

“Tresna oso garrantzitsua izango da Galdakaoko Emakumeen Etxea. Ez da toki bat bakarrik izango: egitasmo globala da”, dio Orozkok: “Hausnarketaren bidez emakumeak ahalduntzea bilatzen da, eta ahalduntze horren bidez aldaketarako tresna izatea. Hortaz, ardatz bakartzat feminismoa hartuta, alde guztietako indarrak batu eta sinergiak landu behar dira”.

Emakumeen Etxea Galdakaon eraikitzea “aldarrikapen historikoa” dela gogorarazi du Iñigo Hernando alkateak. “Emakumeen Etxea eraikiko dugu Galdakaon. Udal gobernu talde honen apostu irmoa da politika feministak aurrera eramatea”, dio Hernandok: “Gizarteak eraldaketa bat eskatzen du eta argi daukagu nahitaez feminismotik eraldatu behar dugula”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak