→Galdakao

Erletxeko industrialdea handitzeko aukera jasoko du Galdakaoko HAPOak

Erletxe industriagunean dauden zenbait enpresa // Google

Erletxe industrialdea hobetzeko eta indartzeko lanetan ari dira Galdakaoko Udala eta Erletxe Industraildeko Enpresa Elkartea (EIEE). Besteak beste, argiteria eta garbiketa hobetu dituzte Udalaren elkarlanari esker, eta gaur egun seinaletika lantzen ari dira. Horrez gain, Erletxeko lurren egoerari buruzko azterketa bat egiten ari da elkartea, Udalaren babesari esker. “Azterketa hori etorkizunerako giltzarria izango da, elkartearen eta Udalaren arteko elkarlana sakondu eta ardurak banatzeko oinarria izango baita”, dio Iñigo Hernando alkateak: “Eta hori da hitz klabea: etorkizuna”.

Ildo horretan, Erletxeko industrialdea handitzeko aukera jasoko du Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak (HAPO): “HAPOa berritzeko lanean ari gara eta horren parte bat izango da Erletxeko industrialdea aukeraz betetzea, handitu ahal izatea, are enpresa gehiago erakarri ahal izatea eta are industriagune indartsuagoan bihurtzea”, dio Hernandok: “Eta bide horretan akordioa, elkarlana eta inteligentziazko kudeaketa dira datozen urteetarako duguna, etorkizunari begira”.

“Apustu estrategikoa”

Erletxe industriagunea indartzea “apustu estrategikoa” dela adierazi du Iñigo Hernando alkateak: “Gobernura sartu bezain laster egin genuen apustua berresten dugu. Udalarentzat Erletxeko industrialdea apustu estrategikoa da”. Gauzak horrela, eskutik helduta hasia duten bideari jarraitu eta “akordioz eta inteligentziaz” elkalanean jarraitzeko deia egin du alkateak.

“2019an gobernura heldu ginenetik oso argi izan dugu Udalak aurrerapauso bat eman behar zuela eta elkarlana bilatu herrian dauden enpresa eta industriekin”, dio Hernandok. Zentzu horretan, Erletxeko industrialdea “ardatz nagusietakoa” dela aitortu du Galdakaoko alkateak, eta hura indartzeko apustua egin du.

Bazkideak bikoiztea

Erletxe Industrialdeko Enpresa Elkartea (EIEE) 202oko martxoan sortu zuten eremuko zenbait enpresek. Hasieran 48 bazkide batzen zituen elkarteak, eta azken urtean ia bikoiztu egin dira kideak: gaur egun 86 bazkide ditu. Hain zuzen ere, Erletxe Industrialdeko Enpresa Elkartea bazkide aldetik % 79 hazi da azken urtean. Horren berri eman zuten maiatzaren 13an Torrezabalen egin zuten lehen Batzar Orokorrean. “Batasun horrek indartu egiten zaituzte, eta enpresariak ikusten ari dira babes horren onura”, dio Hernandok.

Lehen Batzar Orokorra egin zuen EIEEk maiatzaren 13an Torrezabalen // Argazkia: Galdakaoko Udala

Guztira 142 enpresa biltzen ditu Erletxeko industrialdeak eta Bizkaiko handiena da. “Handia da enpresen gune hori, herriko eta Bizkaiko handiena. Enpresa asko ditu, eta aukeraz beteta dago. Utzita egon zen urtetan, ordea, eta gainbehera hasi zen. Udal gobernu honek, herriarentzat estrategikotzat hartu, eta bere industria sustatzeko lanari ekin dio”, dio Hernandok.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak