→Galdakao

Esti Yuguero: “Bitxigintza parametrikoak bizirik dauden diseinuak egiteko aukera ematen dit”

Esti Yuguero galdakoztarrak, Adriana Rufrancosekin batera, Chic Market Bilbao azoka antolatuko dute hilero Bilborocken. Berarekin hitz egin dugu GEURIAn.

Esti Yuguerok 3D inprimagailua erabiltzen du Barocken bitxiak egiteko // Geuria

Pandemia erdian jarri zuen martxan BaRock Jewelry Estibaliz Yuguero Suso (Galdakao, 1984) galdakoztarrak. Belarritakoak eta lepokoak egiten ditu bere etxean daukan tailerrean, eta horretarako 3D inprimagailu bat erabiltzen du. Adriana Rufrancosekin batera Chic Market Bilbao azoka sortu du eta gaur inauguratu dute Bilborocken. Tokiko diseinatzaileak ezagutarazteko azoka da eta hilabetean behin antolatuko dute. Azokaren sorrera aprobetxatuta Estirekin berba egin dugu.

Zer da Chic Market Bilbao azoka?
Chic Market Bilbao diseinatzaileentzako pentsatutako azoka da. Tokiko 18 diseinatzaile bilduko ditu Bilborocken irailaren 11n. Azokak “made in Euskadi” artisautza, moda eta diseinuaren balioa azpimarratzea du helburu, Bilboko publikoari zein ingurukoei bertoko sortzaileek sinaturiko kalitatezko eta diseinuko produktuak eskainiz.

Nola sortu zen horrelako azoka irekitzeko ideia?
Diseinatzaile gisa, zaila da egiten duzuna ezagutaraztea, eta, gainera, ohiko merkatuetan diseinuko produktuak ez dira oso ondo egokitzen. Beraz, argi ikus genuen beharrezkoa zela gure salmenta-gune propioa izatea gure lana ezagutarazteko.

Kontatu zuei buruz: Adriana Rufrancos eta Estibalis Yuguero.
Bitxien diseinatzaileak gara, eta merkatuetan parte hartzen ezagutu dugu elkar. Adriana Rufrancosek Adricalyptica Designen soutachez egindako arrakadak egiten ditu. Nik, berriz, BaRock jewelryn 3Dan inprimitutako bitxiak egiten ditut.
Adrianak (Zallan jaioa eta hazitakoa) arte turismoaren arloan egin du lan betidanik, baina Covid-19aren pandemia dela eta, bere etorkizunari buelta bat eman behar izan dio. Momentu horretan eman zion forma Adricalyptica Design izango zenari; soutache teknika lantzeko denbora izan zuen konfinamenduan zehar, eta momentu horretatik aurrera kalitatea gero eta nabarmenagoa da egiten dituen bitxietan. Turismoan izan dituen lanak direla eta, beretzako bidaiatzea garrantzia handia dauka gure munduaren ulermena garatzeko; horregatik bere bitxi-bildumek munduko kultura, pertsonaia edo lekuekin dute zerikusia: bilduma bat historiako emakumeen inguruan sortu zuen, beste bat 2020an egin izan ez genituen bidaiei buruz, eta beste bat munduko kultura prehistorikoen inguruan, esate baterako.
Nik Arkitektura ikasi nuen eta 10 urtez aritu nintzen lan horretan. Diseinatzea oso gustokoa izan dut beti eta 3D diseinuan espezializatu nintzen pixkanaka. Era guztietako programak eta diseinu-sistemak probatu nituen, harik eta diseinu parametrikoa aurkitu nuen arte, niretzat errebelazio bat izan zen. Sistema honekin etengabe eboluzionatzen ari diren piezak sor ditzakezu, objektua bizirik mantenduz eta etengabe aldatuz. Beraz, argi ikusi nuen horrela diseinatu nahi nuela. Orain 3Dn inprimatutako bitxiak egiten ditut nire markan: BaRock jewelry. Forma organikoak eta egitura naturalak asko gustatzen zaizkit, eta beraz nire diseinu guztiak naturan inspiratuta daude.

Irailaren 11n zabaldu ditu ateak Chic Market azokak.
Bai. Produktu ugari daude salgai azokan. Hala nola, bitxiak, etxerako osagarriak, moda, kosmetika, ilustrazioa, zeramika, gozogintza… Irailaren 11ko azokan honako hauek parte hartuko dute: Adricalyptica Design (soutache bitxiak), BaRock Jewelry (3d-an inprimitutako bitxiak), Bazthan Bilbao (moda), Carumenu (Tapizeria oihalkiz egindako poltsak), Clino Art (ilustrazioa eta estanpazioa), El club de la plantas (landareak), Harri Kontari (eskuz margotutako harriak), Ixaboiak (artisau xaboiak), KB Sisters (artisau osagarriak), Peperpetummobile (berreskuraturiko ehunekin egindako osagarriak), Kuttun Art (erretxinazko bitxiak), La galga menta (moda eta artisau osagarriak), LaPreTAda (zeramika), Lahruka (ilustrazioa eta moda feminista), Marielita Color (poltsak nazioarteko ehunekin), Memiimo (estanpatuen diseinua eta ehungintza), Sugar Skul (nazioarteko gozogintza) eta Titontziak (zeramika feminista). Azoka zabalik dago 11:00etatik 20:00etara.

Hilero antolatuko duzue azoka. Hilero tokiko diseinatzaile desberdinak ikusiko ditugu?
Bai, ideia hori da, hilero diseinatzaile berriak izatea ahalik eta sortzaile gehien ikusarazteko. Datozen azoka egunak dira: urriak 9, azaroak 27 eta abenduak 19.

Diseinatzaileak jarriko dira zuekin harremanetan ala zuek jarriko zarete ezagutzen dituzuen diseinatzaileekin harremanetan?
Lehenengo azoka honetan gu jarri gara harremanetan ezagutzen genituen disenaitzaileekin. Baina hurrengo ediziotan disenatzaileak gurekin harremanetan jartzea espero dugu, disenatzaile gehiago ezagutu eta edizio bakoitzean gende berriari bere lana ikustarazteko aukera emanez. Gurekin jarri daitezke harremanetan chicmarketbilbao@gmail.com helbide elektronikoaren bitartez edo @chicmarketbilbao Instagram kontuaren bitartez.

Momentuz abendura arte izango da azoka. Datorren urtean jarraitzeko asmoa duzue?
Jakina 2022an jarraitu nahiko genukeela, baina lehenengo edizioek nola funtzionatzen duten ikusi nahi dugu.

Zergatik Bilborock eta zergatik Bilbo azoka antolatzeko?
Merkatuaren ideiarekin hasi ginenean argi genuen Bilbon eta erdigunean egotea nahi genuela, horrelako ekitaldietan kokapena funtsezkoa delako. Lokal bila genbiltzala, Imaginautak artisten elkarteak Bilborockekin jarri gintuen harremanetan. Bilborock oso espazio berezia da, benetan polita delako eta, gainera, aretotik erraztasun guztiak eskaini zizkiguten azoka hau prestatzeko.

Asmoa daukazue Bilboz gain azoka beste herri batzuetara hedatzeko?
Bai, noski. Bertoko diseinatzaileak Euskal Herri osoan zehar eramatea gustatuko litzaiguke. Momentuz Bilbon eta Bilborocken antolatuko dugu azoka.

Bilbao Gazte-k finantzatuko du azoka. Beste diru-iturririk behar izan duzue azoka martxan jartzeko?
Ez, oraingoz gure finantziazio bakarra da eta eskerrak eman nahi dizkizuegu.

Tokiko disenatzaileen lana ikusgarria izateko sortu duzue azoka. Sare sozialen garaian gaudela, uste duzu oraindik ere ikusezin daudela tokiko diseinatzaileak?
Sareak tresna onak dira, baina marka txikientzako ikusgarritasuna benetan zaila da. Jendeak ez badaki existitzen zarela, ez zaitu bilatzen. Gainera, denbora eta asmamen asko inbertitu behar dira, eta hori beste alde batzuetatik kendu behar da. Enpresa txiki batentzat zaila da oreka aurkitzea, kontuan hartu beharreko faktore asko daudelako: erosleen adina, zein sare egolitzen zaizun hoberen, behar duzun denbora, produktu mota…

“Gure ustez, diseinatzaile eta kreatzaile gisa indarrak batzea, bitartekaririk gabe, modu bakarra da sektore hau aurrera eramateko”, diozue.
Gure esku dago, diseinatzaileen esku, ikusgarritasun handiagoa lortzea, argi dago gure lanaren parte garrantzitsu bat dela, horregatik sortu dugu Chic Market Bilbao. Dena den, laguntza eta babesa ongi etorria da beti. Kalitatezko produktuak egiten dituen jendeari ikusgarritasuna emateak guztioi mesede egiten digu gizarte gisa. Batez ere, daukagun kontsumo mentalitatea aldatzeko modu bat delako, kontsumo sistema jasangarriago batera pasatzeko, non kalitatea kantitatea baino gehiago baloratuko diren.

Bizi daiteke diseinatzaile izatetik?
Zaila da, baina ez da ezinezkoa. Azokak ahalbidetuko digu diseinatzaileoi diru-iturri gehigarri bat izateko. Hori da gure asmoa: Chic Market Bilbao azokan ikusgarritasuna eta salmenta onak izatea.

Hego Uribe eskualdean diseinatzaile asko zaudete.
Hala da. Diruditenak baino diseinatzaile gehiago daude eta azokaren hurrengo edizioetan horietakoren bat izatea espero dugu.

BaRock jewelry-ri buruz hitz egingo dugu orain, zure enpresa.
2019ko amaieran sortu nuen, baina martxan martxan 2020ko ekainean jarri nuen. Hasieran ez neukan bat ere argi horrelakorik sortzea, baina beharretara egokitzen joan naiz. Covid-arekin dena izan da ohi baino kaotikoagoa.

Erraza ala zaila izan da denda zabaltzea?
Denda irekitzea erraza da, online denda bat baita (www.barockjewelry.com). Saltzea da zailagoa. Prozesua erraza da ordenagailuekin esperientzia pixka bat baduzu. Webgune bat egin behar da, eta bertan denda sortu. Gero, produktuak banan banan sartu. 

Naturarekin harremana dute zure kreazioek.
Naturak inspirazio gisa balio digu gure bitxi guztietarako. Izan ere, naturala dena ederra da. Asko gustatzen zait naturaren formak behatzea eta horien hazkundea ulertzea patroiak sortzeko. Forma organikoak obsesio bat dira niretzat.

Bitxigintza parametrikoa teknika erabiltzen duzu. Zer da?
Diseinu digitaleko sistema bat da, non oinarrizko forma bat definitzen dudan eta gero, forma perfektua sortu arte aldatzen dudan. Diseinu ebolutiboak egiten ditut.
Sormen prozesu benetan ederra da. Izugarri gozatzen dut. Formekin jolasten dut, mugitu egiten ditut, aldatu egiten ditut, bat-batean forma perfektua agertzen den arte. Sentsazio ikaragarria da. Dena intuizio hutsa da, horrela bakarrik lortzen dira hain bitxi bereziak.

Azaldu zelan diseinatzen eta sortzen dituzun bitxiak.
Prozesuak lau urrats ditu: lehenengoa da inspirazioa. Zaila da etengabe ideia berriak sortzea, energia eta denbora dosi handia eskatzen duelako. Sormenari beti lanean eusteko modu bat natura behatzea da. Formen eta koloreen liburutegi amaigabea da.
Bigarren zutabea da diseinu parametrikoa. Bitxigintza parametrikoak bizirik dauden diseinuak egiteko aukera ematen dit: mugitu egiten dira, hazi egiten dira, eboluzionatu egiten dute. Arrakada batzuk milaka bertsio desberdin izan ditzakete, baina oinarri beretik abiatuta. Zuhaitzen hostoak bezala: denak zuhaitz beretik jaiotzen dira, antzekoak dira, baina ez berdin berdinak. Eta zalantzarik gabe, horien guztien artean beti daude edertasun magnetikoa duten batzuk. Ni edertasun horren bila nabil.
Hirugarren urratsa da 3D inprimatuak egitea. Teknologiaren friki samarra naiz eta bitxi guztiak nire kabuz inprimatzen ditut nire tailerrean. 3Dan inprimatzeak abantaila asko ditu, gauza oso zoroak eta milaka proba egitea adibidez. Baina onena, zalantzarik gabe, inprimatzen dudan materiala da: erretxina. Material gogorra da, baina batez ere oso arina. Belarritako oso handiak egiten ditut eta ez dute ezer pisatzen! Zoragarria da.
Eta laugarren eta azken pausua da eskuz pintatzea. Koloreak dira gure bitxiei arima ematen dietenak, formaren edertasuna argitara ateratzen duelako. Baina, batez ere, eskuz egiten delako eta guztiak desberdinak eta bakarrak izatea eragiten duelako. Banan-banan margotzen ditut, pazientziaz eta mimoz. Prozesu polita da, bitxi bakoitza protagonista bihurtzea ahalbidetzen didalako.

3D inprimagailua erabiltzen duzu. Imaginatzen zenuen horrelako teknologia erabiliko zenuela noizbait?
Ezta nire ametsik onenetan ere! Hurrengo urteetan iritsiko den teknologia berria ikusteko irrikaz nago.

Covid-19ak eraginik izan du zure sortze prozesuan?
Bai, eragina izan du, dirudiena baino gehiago. Covid-ak gure bizitzak berrantolatu behar izatea eragin du. Izan ere, Lorak izeneko bilduma bat daukat, konfinamenduan egina, udaberriko loreen falta sumatzen nuelako. Beraz, sormenaren alderdian dezente eragin dit, baina uste dut praktikan are gehiago, murrizketen ondorioz, dena benetan zaila izan dela, hilabeteak egon direlako merkatu edo ekitaldi bakar bat gabe.

Denda fisikorik irekitzea pentsatu duzu?
Gustatuko litzaidake, baina aurrerago, azkenean denda fisiko bat zure bezeroekin harreman zuzena izatea da eta hori beti dago ondo.

Etorkizunean, azokaz gain, bestelako proiekturik duzu buruan?
Bai, gauza pilo bat… Oraintxe bertan erakusketa bat daukat irailaren 15era arte Romeo eta Julieta Tatoon, Bilbon. Gero udazkenerako bilduma berri bat atera nahi dut eta ditudan bildumei bitxiren bat gehitu. Beste diseinatzaile batzuekin elkarlanen bat egin nahi nuke, eta Gabonei begira zerbait berezia antolatu ere.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak