→Galdakao

Bideoa | Etxeko eta zaintzako emakume langileen errealitatea azaleratu dute Galdakaon

M8aren inguruko egitarauaren barruan, atzo ‘Etxeko eta zaintzako emakume langileen aldarrikapenak eta errealitatea’ topaketa izan zen Torrezabal Kultur Etxean, Galdakaon. Besteak beste, langileek bizi dituzten egoerak, atzerritarren legea, jasaten dituzten genero-indarkeria motak edota gizartean duten irudia eta estereotipoak azaleratu zituzten. “Euren errealitatea nolakoa den, diskriminazioa zelan jasatzen duten eta euren eskubideak zelan murrizten diren azaleratu behar dugu”, dio Sarai Martin Ruiz Mundu Bat Fundazioko kideak. Topaketan moderatzaile lanetan ibili zen Martin eta hizlarien artean izan ziren: Etxekotu Gabeko Langileen kolektibotik Mariana Urcuyo Hernandez, Yolanda Atoy Perez eta Conchi Gomez Mahave, Hitzarmena Orain kolektiboko Soledad Rivera, eta Argitan Barakaldoko Emakumearen Aholkularitza Zentrotik Isabel Quintana Cantero.

“Mundu Bat Fundazioan hasi ginen 2014. urtean Ekonomia Feminista eskola bat eta bertan erabaki zuten kolektibo bat sortzea: Etxekotu Gabeko Langileak. 2018an ikerketa bat egin zuten etxeko eta zainketako emakume langileei buruz, eta harrez geroztik euren eskubideen alde lan egiten ari gara”, dio Martinek. “Etxeko eta zainketako lanetan emakume asko dago beharrean. Batzuek lan ordaindua dute, Gizarte Segurantzan izena emanda, baina gehiengoa paper barik dago. Lan egiten dute, baina ez dago hori inon adierazita. Horregatik oso zaila da jakitea zenbat emakume arduratzen diren etxeko eta zaintza arloko lanez, eta zein den euren egoera”, dio Martinek: “Etxeko barne-langileak ere badaude, eta gehienetan ez dakigu zein den euren benetako egoera. Normalean haiek dira diskriminazio gehien jasaten dituzten langileak. Azken finean ez dira etxetik irteten, egunero lan egiten dute astelehenetik igandera 24 ordu, eta denetarik pasatzen dute”.

Atzerritarren legeaz galdetuta, Martinek dio zaintza arloko emakumeekin oso erlazionatuta dagoela: “Emakume atzerritarrek oztopo asko topatzen dituzte egunero eta gaur egun pandemiarekin are gehiago. Era berean, indarkeria asko jasaten dute; ez bakarrik indarkeria sexuala, baizik eta biolentzia ekonomikoa ere. Egia esateko, mundu oso diskriminizatua da, eta gure laguntza behar dute euren eskubideak bermatzeko”, dio Martinek. “Irtenbidea da antolatzea eta borrokatzea euren eskubideen alde. Instituzioen aldetik, gehiago entzun beharo lukete legean aldaketak egin ditzaten. Nazioareko Lan Erakundeko 189 Hitzarmena berritu beharko litzateke”, dio Martinek.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak