→Galdakao

Euskaraldiaren dinamizatzaile izateko lan eskaintza zabaldu dute Galdakaon

2020ko Euskaraldian parte hartu zuten hainbat elkarteetako ordezkariak // Geuria

2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean Euskaraldiaren hirugarren edizioa izango da. Galdakaon ekimena dinamizatzeko pertsona baten bila ari da Euskaltzaleen Topagunea. Kontratua bederatzi hilabetekoa izango da, martxotik abendura bitartean: martxoaren 28tik abuztuaren 31ra jardunaldi erdian, irailaren 1etik azaroaren 30era lanaldi osoan eta abenduan zehar lanaldi erdian.

Galdakaoko Euskaraldia dinamizatzailearen zereginak honakoak izango dira: herriko eragileei eta herritarrei Euskaraldia ekimena aurkeztu eta prestakuntza eskaintzea; Euskaraldiko Batzordea ahaldundu eta indartzeko ekimenak garatzea eta dinamizatzea; tokian tokiko komunikazio plangintza bideratu eta ekimenak garatzea; herritarren eta entitateen izen ematea antolatzea; herritarrak ahobizi eta belarriprest dinamikarako aktibatu eta prestatzea; balorazioa eta aurrera begirako urratsak adostea herriko euskaltzaleeekin; ekimenaren aurrekontua kudeatzea; antolatzaileen eta herriko boluntarioen lana koordinatzea, koordinazio orokorreko mintegi eta bileretan parte hartzea eta ekimen orokorreko sustatzaileekin zein eskualdeko gainontzeko dinamizatzaileekin koordinatuta egotea.

Lanpostuan izena emateko epea zabalik dago martxoaren 14ra arte. Hautagaiek motibazio gutuna aurkeztea baloratuko dute Topagunetik, gainera. Curriculumak eta motibazio gutunak Lansarearen atariaren bidez edo jon@topagunea.eus helbide elektronikora bidali beharko dituzte interesdunek. Honako baldintza hauek bete beharko dituzte hautagaiek: euskara maila egokia izatea (idatziz zein ahoz); Galdakao eta eskualdea ezagutzea; euskaltzalea izatea eta euskalgintzaren ezagutza izatea; jendaurrean eta jendearekin harremanetarako gaitasuna izatea; eragiletzarako gaitasuna izatea (ekimena herrian zabaldu eta ekimenera jendea erakartzeko abilezia); kudeaketarako gaitasuna izatea; komunikazio alorreko ezagutza izatea baloratuko da (sare sozialak, bideoen sorrera, webguneen kudeaketa, diseinua, ofimatika…); lanerako autonomia maila altua izatea ezinbestekoa da; ordutegi malgutasuna izatea ezinbestekoa da; gidabaimena eta autoa.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak