→Galdakao

Fatima Villa galdakoztarra saritu dute 2022ko CAF-Elhuyar sarietan

Lehen sektoreko lanak saritzeko helburua duen Neiker saria eman diote Villari, ‘Zer diotsi sagarrak jogurtari?’ lanari esker.

Fatimak bideoan bidali du bere eskertza mezua; Bostonen dago ikerketa lanetan // Elhuyar

CAF-Elhuyar sariak banatzeko ekitaldia egin zuten atzo Donostiako Tabakalerako Kutxa Kultur Plazan. Aurten, Elhuyarren 50. urteurrenean, “Zientzia eta irudimena, etorkizuneko giltzak” izan da leloa, eta lau sari nagusi banatu dituzte: dibulgazio-artkulu orokorraren saria; doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluaren saria; zientzia-kazetaritza saria; eta Neiker saria.

GEURIAk zientzia-kazetaritza alorreko saria jaso du. Baina ez da Hego Uribe eskualdeko bakarra izan. Izan ere, Fatima Villa Gonzalez galdakoztarrak ere saria jaso du: lehen sektoreko lanak saritzeko helburua duen Neiker saria eman diote Villari, ‘Zer diotsi sagarrak jogurtari?’ lanari esker. Fatimak GEURIAri azaldu dionez, honetan datza bere lana: “Denok galdetuko diozue zeuen buruei: ‘Zer diotso, ba, sagarrak jogurtari, hain interesgarria dena?’. Ba, ‘hotz dela’ diotso. Nire artikuluak edozein tresnak bere egoerari eta inguruan gertatzen denari buruzko informazioa biltzea eta beste tresna batzuei jakinaraztea ahalbidetzen duen txip-ik ezta bateriarik gabeko pegatina batzuen berri ematen die irakurleei. Chipless etiketak, hain zuzen ere”.

“Xahuketaren gaiari heltzen dio, eta, alde horretatik, gaur egungo behar bati erantzuten dio. Digitalizazioan oinarritzen da, eta kate osoa hartzen du kontuan. Didaktikoa da, ondo idatzita dago. Etorkizunerako proposamen gisa planteatzen du, baina egingarria da; aplikagarritasun handia du”, adierazi du CAF-Elhuyar sarietako epaimahaiak. Neikerreko sari berezia aukeratu dutenak hauek izan dira: Arantza Madariaga Aberasturi Elika Fundazioko zuzendaria; Pilar Santamaría Martínez HAZI Fundazioko arloko burua; eta Rikardo Bueno Zabalo BRTAko zuzendaria.

Saridun guztiek bezala, 2.000 euroko saria eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura jasoko du Fatimak. Hain zuzen ere, nahiz eta sari-banaketa atzo izan zen, Fatima ezin izan zen Donostiara bertaratu; Bostonen dago ikerketa lanak egiten. Bere anaiak jaso zuen saria bere izenean Tabakaleran.

Fatima Villaren anaiak jaso du saria // Elhuyar

Duela urte batzuk elkarrizketa egin genion Fatimari, nazioarteko antena lehiaketa batean parte hartu zuelako Bostonen unibertsitateko beste bi ikaslerekin batera. Hain zuzen ere, 2018 IEEE AP-S Student Design Contest lehiaketan parte hartu zuten eta mundu mailan hirugarren saria lortu zuten. Elkarrizketa osorik irakurtzeko:

Fatima Villa: “Antena berri bat diseinatzeaz gain, uhin-hargailu bat eraiki dugu”

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak