→Galdakao

Fatima Villa: “Nire helburu nagusia txipen krisia gainditzeko ordezko irtenbide bat aurkeztea da”

// Fatima Villa

Fatima Villa Gonzalez (Galdakao, 1995) galdakoztarra saritu dute 2022ko CAF-Elhuyar sarietan. Lehen sektoreko lanak saritzeko helburua duen Neiker saria eman diote Fatimari, ‘Zer diotsi sagarrak jogurtari?’ lanari esker, eta 2.000 euroko saria irabazi du. Gaur egun Bostonen dago Fatima ikerketa lanak egiten eta ezin izan da sari banaketara bertaratu. Berarekin harremanetan jarri da GEURIA saria irabazi duela jakin bezain laster —GEURIA sari banaketan izan zen, Zientzia-kazetaritza saria irabazi duelako—, eta bere saritutako lanaren nondik norakoen inguruan hitz egin dugu berarekin.

Lehenik eta behin, zorionak Fatima! CAF-Elhuyar Sarietako Neiker saria irabazi duzu!
Orain dela aste bi Elhuyarretik email bat jaso nuen, eta CAF-Elhuyarreko Neiker sariaren irabazlea nintzela irakurri nuenean ezin neban sinistu. Neiker saria lehenengo sektorearekin lotutako gaiei buruzko artikuluentzat da, eta nirea itxuraz ez dator bat horrekin, teknologiari buruz diharduelako. Hala ere, laster jakingo duzue irakurleok sari honen zergatia.

‘Zer diotso sagarrak jogurtari?’ lana da saritu dutena. Azalduko diguzu zehazki zein den zure lana?
Denok galdetuko diozue zeuen buruei: ‘Zer diotso, ba, sagarrak jogurtari, hain interesgarria dena?’. Ba, ‘hotz dela’ diotso. Nire artikuluak edozein tresnak bere egoerari eta inguruan gertatzen ari denari buruzko informazioa biltzea eta beste tresna batzuei jakinaraztea ahalbidetzen duen txip-ik ezta bateriarik gabeko pegatina batzuen berri ematen die irakurleei. Chipless etiketak hain zuzen ere.

Zein helburu ditu?
“Adituen arabera, 2020tik hona pairatzen ari garen erdieroaleen krisiarekin bukatzeko modu bakarra dago: txip gehiago fabrikatzea”. Ironikoa, ezta? Nire helburu nagusia txipen krisia gainditzeko ordezko irtenbide bat aurkeztea da.

Artikuluan azaldutako barra kodeen antzeko pegatina hauek, itsatsita dauden objektua identifikatzeaz gain, berari buruzko informazioa emateko gai dira. Beraz, elikagaien hotz katean, hau da, ekoizten direnetik dendetara heltzen diren momentura arte, jakien tenperatura, hezetasuna, pH-a, bakteriak eta abar neurtzeko gai dira; erosten ditugunean egoera onean daudela ziurtatuz.

Fatima Villa galdakoztarra saritu dute 2022ko CAF-Elhuyar sarietan

Epaimahaiak dio gaur egungo behar bati erantzuten diola.
Esan bezela, txipen krisiarentzako irtenbide bat izan daiteke; baita Euskadin urtean xahutzen diren elikagai tonak murrizteko ere. Izan ere, baldintza txarretan garraiatuak izaten ari direla aldez aurretik detektatu daiteke, eta baldintza hauek jakiak xahutu baino lehen aldatu.

Digitalizazioan oinarritzen omen da zure proiektua.
Gauzen Internetari (Internet of Things IoT) egiten diot erreferentzia artikuluaren hasieran, eta testuan zehar uste duguna baino ohikoagoak diren adibide batzuk jartzen ditut digitalizazioa gure egunerokotasunean non dagoen ulertu daiten: smartwatch-a mugikorrarekin etengabe komunikatzen da, Alexak etxeko tresnak kontrolatzeko gaitasuna dauka… Objektu guzti hauen “garunak” informazio digitalean oinarritzen dira eta datuak hodeian partekatzen dituzte. Beraz, nahiz eta txipik ez eduki, aurkezten ditudan etiketa hauek adimenduak dira ere, eta objektuen arteko komunikazioa hobetzen lagunduko dute digitalizazio prozesu honetan.

Didaktikoa ere badela adierazi du epaimahaiak. Zerbait eskainiko lioke hezkuntzari?
Lehenik eta behin, dibulgazio artikulu bat da. Zientzia-artikulu bat baino didaktikoagoa da jada; zientzialariak ez direnei zuzenduta baitago. Beraz, kontzeptu konplexuak nahiko era sinple edo errezean azalduta agertzen dira. Beharbada nire hezkuntzarekiko interesa edo irakasle izateko dudan gogoa islatzeko aukera bezala hartu dut aukera hau.

Beste alde batetik, irudien bitartez ideia zailak azaltzen saiatu naiz; gaur egun ditugun baliabide guztiekin, oso eskema politak eta erkargarriak egin daitezke eta.

Gainera, teknologia eta digitalizazioa gero eta arruntagoak bihurtzen ari dira mundu globalizatu honetan; ondorioz, ezinbestekoa da erabiltzaile gazteenei egunero erabiltzen dituzten tresnek zelan funtzioantzen duten azaltzea.

Etorkizunerako proposamen “egingarria” dela ere badio epaimahaiak. Imaginatzen dut zuk ere horrela ikusten duzula. Noizbait errealitate eta egingarria izango dela uste duzu?
Ezin dut ezer ziurtatu, baina lorpen zailagoak aurrera eramateko gai izan da gizakia. Beraz, bai; hurrengo urteetan zehar txip-ik gabeko etiketak ikusten hasiko gara zenbait produktutan. Baita gailu eta soluzio harrigarriagoak ere…

Elhuyar Sariak ezagutzen zenituen?
Egia esan, ez nituen Elhuyar sariak ezagutzen. Nahiz eta zientzialaria izan, betidanik asko gustatu izan zait idaztea; bai euskeraz, bai gazteleraz, bai ingelesez, beraz beti nago idazteko aitzakiaren bat bilatzen.

Eta, zergatik erabaki zenuen zure lana Elhuyar Sarietan aurkeztea?
Txip-ik gabeko etiketetan ikertzen jardun dut azken lau urtetan zehar, eta haiei buruz euskaraz eta hizkuntza “errez” batean idazteko gai nintzen ala ez frogatu nahi nion neure  buruari.

2.000 euroko saria irabazi duzu! Jakin daiteke zertan erabiliko duzun dirua?
Uff… Uste dot Estatu Batuetako errenta ordaintzeko laguntza ezinhobea izango direla 2000 euro hauek!

Bostonen zaude berriro.
Hala da. Hemen nagoen hirugarren aldia da hau. 2018an Massachusetts Institute of Technology-ko Rahul Bhattacharyya ikerlari (eta laguna) ezagutu nuenetik, berarekin lanean jardun dut egunera arte. Master Bukaerako Lana hemen egin nuen eta orain doktoretza tesiko egonaldi bat ere hemen egiten ari naz. Oso gustura!

Zertan ari zara orain Bostonen?
Doktoretza tesiko egonaldi bat egiten ari naiz MIT Auto ID Labs-ean, IoT kontzeptua asmatu zutenekin,  konkretuki. Horretaz aparte, munduko kultura guztiei buruz, punta-puntako zientziari buruz, toki barriei buruz piloa ikasten ari naiz. Ezagutzen ez baduzue, ongietorriak zarete danok hainbeste maite dudan honetan.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak