→Galdakao

Fernando Izagirrek Galdakaoko eta Jaurlaritzako karguetan dimisioa eman du, DYAn ustez egindako diru-delituengatik

2016tik 2021era bitartean izan zen DYA-ko presindente Izagirre, eta garai horietan irregulartasunik egon zen ikertzen ari dira // Artxiboa

Fernando Izaguirre Eusko Jaurlaritzako Larrialdi eta Meteorologia zerbitzuko zuzendariak dimisioa eman du, Bizkaiko DYAko presidente izan zen garaian ustez egindako irregulartasunengatik. Iazko martxoan izendatu zuten galdakoztarra Eusko Jaurlaritzako Larrialdietako zuzendari.

DYAko barne-auditoria batek piztu ditu alarmak. “Gauza arraro askoren egin dute topo auditorian, besteak beste, diru txartelen erabilera okerra, eta gauza gehiago ere bai”, adierazi diote DYAko ordezkariek Euskadi Irratiko ‘Faktoria’ irratsaiari. Aurreko berbaz gain, zer nolako delituak izan diren ez dituzte gehiago zehaztu.

Era berean, DYA irabazi asmorik gabeko erakundearen egoera finantzieroa “oso zaila” dela aitortu dute, eta zergatiaz galdetuta, “aurreko zuzendaritzaren kudeaketa txarraren ondorioz” dela zehaztu dute. Horiek horrela, barne-auditoria prozesuaren zehar erabaki dute abokatuek 2016-2021 urteen bitarteko zuzendaritzan zegoen Fernando Izagirre salatzea. Ikerketa zabalik dago.

EiTBk publikatu duenaren arabera, DYAko egungo zuzendaritzak salaketa jarri zuen Fiskaltzaren aurrean, 2016 eta 2021 urteen artean erakunde horretako presidente zen bitartean kudeaketa ekonomiko irregularra egin zuelakoan. Ustezko irregulartasun horiek ikertzen ari dira. 1986an hasi zen boluntario gisa Izagirre DYAn eta 2016an izendatu zuten presidente. Iaz kargua utzi zuen Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendaritza hartu ondoren.

Fernando Izagirrek EAJren bozeramaile eta zinegotzi karguak utzi ditu Galdakaon, DYAko aferagatik

Bestetik, Galdakaoko EAJren udal taldearen bozeramaile zein zinegotzia kargua ere utzi du. Oposizioan dago EAJ eta gaur egun arte Izagirre zen alderdi jeltzaleko bozeramailea. 2019ko udal hauteskundeetan alderdi jeltzalearen alkategai izan zen Izagirre, baina alkatetza EH Bilduk eskuratu zuen, Auzoak, Usansolo Herria eta Podemosen babesarekin.

Galdakaoko EAJko ordezkariekin jarri da harremanetan GEURIA, eta adierazi digutenaren arabera, momentuz ez dakite nork ordezkatuko duen Galdakaoko Udalean bozeramaile lanetan, ezta zeinek hartuko duen kargua zinegotzia bezala.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak