→Galdakao

Fernando Izagirre izendatuko dute hilabete amaieran Eusko Jaurlaritzako Larrialdietako zuzendari

“Erantzukizun handia eskatzen duen kargua da. Kalitatezko zerbitzua eustea eta hobetzea izango dira helburu nagusiak”, adierazi dio GEURIAri Izagirrek.

2016an DYAko presidente izendatu zuten Izagirre, baina kargua utziko du // DYA

Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendari izendatuko du Eusko Jaurlaritzak Fernando Izagirre galdakoztarra. “Erantzukizun handia eskatzen duen kargua da, herritarren onarpen handia baitu. Kalitatezko zerbitzua eskaintzea ezinbestekoa da herritarrentzat, eta horri eustea eta  hobetzea izango dira helburu nagusiak”, adierazi dio GEURIAri Izagirrek. Galdakoztarrak Pedro Anitua ordezkatuko du, zeinak 2010az geroztik karguan zegoen eta aurten erretiroa hartuko duen.

Nahiz eta oraindik iturri ofizialek izendapen horren berririk eman ez duen, GEURIAk jakin ahal izan du martxoaren 26an hartuko duela Izagirrek kargu berria. Gaur egun DYAko presidente da galdakoztarra, baina kargua utziko du Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendaritza hartu ondoren: “DYAko presidente izateari utzi egingo diot, baina, nola ez, harremanetan jarraituko dut”, dio Izagirrek. 1986an hasi zen boluntario gida Izagirre DYAn eta 2016an izendatu zuten presidente. Era berean, Galdakaoko Udalean EAJren ordezkari ere bada Izagirre.

Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren zereginak dira, besteak beste: Eusko Jaurlaritzaren eskumeneko babes zibileko planak egitea eta horien ezarpena, mantentzea eta berrikuspena koordinatzea; Larrialdi-zerbitzua kudeatzea, 112 telefono zenbakiaren eta SOS Deiak larrialdiak koordinatzeko zentroen bidez; EAEn gerta daitezkeen larrialdi-egoerei aurre egiteko era guztietako bitarteko eta baliabideak sortzea eta garatzea; ekimenak sustatzea, herritarrek larrialdien prebentzio eta esku-hartzean izan behar duten partaidetza antolatzeko eta garatzeko; EAEren titulartasunekoak diren meteorologia-azpiegitura, -jarduera eta -zerbitzuak planifikatzea, koordinatzea eta mantentzea; meteorologiaren eta fenomeno natural klimatikoen azterketa eta iragarpena; edota informazio meteorologiko ofiziala lantzea eta kudeatzea, eta erabiltzaile publiko zein pribatuentzako informazio meteorologiko eta klimatologikoa lantzea eta zabaltzea.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak