→Galdakao

Walale proiektuaren aldeko mezua luzatuko dute aurten Errege Magoek Galdakaon

Urtarrilaren 5ean, arratsaldez, iritsiko dira Galdakaora Errege Magoak, Gabone Izarrak gidatuta. Aurten ere proiektu solidarioen aldeko mezua zabalduko dute

Errege Magoak laster izango ditugu Hego Uribe eskualdean. Urtarrilaren 5ean, igandez, iritsiko dira gurera eta herri ezberdinetan kabalgatak egingo dituzte. Galdakaoren kasuan, igandean, arratsaldez, helduko dira. Kabalgata 18:00etan hasiko da Kurtzeko plazatik, eta Bengoetxe auzoruntz egingo dute bidea, Gabone Izarrak gidatuta. Bideak zehar gluten gabeko gozokiak banatuko dituzte Errege Magoek.

“Errege Magoen ibilbidean zehar hamaika sorpresa izango dira. Kurtzeko plazatik abiatuta Juan Bautista Uriarte zeharkatuko dute. Zamakoatik igaroko dira eta Bizkai Kaletik jarraituko dute kiroldegiraino. Aurten Bengoetxeraino heldu aurretik, jaiotza biziduna ikusteko aukera izango dugu bertan. Parrokian, Meltxor, Gaspar eta Baltasarrek ume guztien eskakizunak entzungo dituzte eta gutunak jasoko dituzte. Ondoren, txokolatada izango da Bengoetxen, Auzokideen Elkartearen eskutik”, diote Argizai Eskaut Taldetik. Hain zuzen ere, Argizaik antolatzen du urtero Errege Magoen kabalgata, Galdakaoko Udalaren laguntzarekin.

Proiektu solidarioen alde

Aurten ere proiektu solidarioen aldeko mezua zabalduko dute Errege Magoek eta Gabone Izarrak. “Gabone Izarrak haurrei oparitxo ez sexista bat emateaz gain, guraso guztientzako mezu bat izango du: Galdakaoko herrian dugun proiektu solidario baten aldeko aldarrikapena egingo du egunean bertan, Argizaiko asaben (begirale ohien) laguntzarekin. Walale proiektuaren alde, alegia. Proiektu honen xedea da eguzki energiaz elikatzen den ur-araztegi bat erosi eta instalatzea Vouga-ko ospitalean (Angola). Ospitalea eta inguruko herrixketako biztanleak behar adina edateko urez hornitzeko eta, horrela, bizikalitatea hobetzeko”, diote Argizaitik.

Kabalgata hasi aurretik udaletxean eta Bengoetxeko elizan, Argizai Eskaut Taldeak eta Galdakaoko Boluntario Giza Elkarteak (GBGE) elikagai bilketa egingo dute: “Galdakoztarrok animatzen zaituztegu janari kilo bat ekartzera Errege Magoek gehien behar duten horiei eraman diezaieten”, diote antolatzaileek.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak