→Galdakao

La Palman bertatik bertara laguntzeko boluntarioen bila ari da Galdakaoko GBGE

La Palmako sumendiaren ondoko eremuetako etxebizitzetan bildu diren errautsak eta harriak garbitzen laguntzeko boluntarioen bila ari da GBGE.

Gurutze Gorriko boluntario bat La Palman gabriketa lanak egiten // Argazkia: @CruzRojaLaPalma

Boluntario bila ari da Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkartea (GBGE) La Palmako sumendiak kaltetutako pertsonei laguntzeko. GBGE El Pasoko Udalarekin (La Palma) harremanetan jarri zen bere laguntza eskaintzeko, eta boluntarioak eta palak bezalako materiala behar zituztela jakinarazi zieten. Gauzak horrela, boluntario bila ari da Galdakaoko elkartea: “Ez dago profil zehatzik, soilik La Palmara bidaiatzeko prest dauden eta, gutxienez, boluntariotzari astebete eskaini nahi dioten pertsonak behar ditugu”, diote GBGEko ordezkariek.

Boluntarioen programari dagokionez, GBGEk ostatuaren, aseguruaren, uniformearen, materialen eta dieten gastuak ordainduko ditu, eta La Palma irlarainoko bidaia boluntario bakoitzak ordaindu beharko du. Interesdunek 674 041 438 telefono zenbakira whatsapp mezu bat bidal dezakete. Aste honetan boluntarioen lehen txanda batek bidaiatuko du uhartera, sumendiaren ondoko eremuetako etxebizitzetan bildu diren errautsak eta harriak garbitzen laguntzeko.

Era berean, gastuei aurre egiteko herritarren laguntza eskatu dute GBGEtik. “Diruz laguntzeko, erakundearen banku-kontua erabil dezakete herritarrek: ES93 2100 3910 1002 0011 0920 (CAIXABANK). Kontzeptu gisa La Palma jarri beharko da”, diote. Gainera, laster Bizum kontu bat gaituko dute.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak