→Galdakao

“Ehunka lagun irauli dira gau eta egun lanean, egoera berri eta kezkagarri bati erantzuteko”

Azken lau hilabeteetan laguntza sareak indartu dira hainbat udalerritan. Tartean, Galdakaon. Ainhoa Crespo Gadea GBGEko proiektuen koordinatzailearekin hitz egin dugu.

Elikagaiak biltzeko kanpaina berria laster abiaraziko du GBGEk // Argazkia: GBGE

Laguntza sarea garrantzitsua izan da azken lau hilabeteetan gizarte osoan. Galdakaon hainbat elkartetako kide eta boluntario aritu dira gainontzeko herritarrak laguntzen. Hala nola, elikagaiak banatzea herriko 600 laguni, elikagaien bilketa nagusian 4.000 kilo batu, 7.820 ibilgailu desinfektatu, 5.000 maskara herritarren artean banatu, edota adinekoei zuzendutako 1.300 telefono-dei egin dituzte boluntarioek Galdakaon. Tartean, Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkartea (GBGE). Ainhoa Crespo Gadea GBGEko proiektuen koordinatzalea da eta berarekin hitz egin dugu martxotik gaur egunera herrian egin dutenaz.

Covid-19aren pandemian zerbitzu asko gelditu dira. Ez da GBGEren kasua izan.
Alarma hasi zenean, gure baliabide guztiak jarri genituen lanean. Azken hilabeteak inflexio-puntu bezala hartu ditugu GBGEn, eta unerik erabakigarrienetako bat izan da. Lehenengo ekimena adinekoei laguntzea izan zen, hainbat arrazoirengatik: arrisku-kolektiboa izanagatik, kutsatzeko beldurragatik edota egoera pertsonalarengatik. Besteak beste, erosketak egiteko, farmaziara joateko edo beste edozien kudeaketa egiteko adinekoak laguntzen hasi ginen. Pandemia publiko egin zenean eta alarma-egoera ezarri zenean, adineko pertsona askoren babesgabetasun- eta bakardade-egoerak kezkatu gintuen lehenik, eta errealitateak arrazoia eman zigun.

Adinekoak laguntzeaz gain, zein beste jarduera burutu dituzue?
Beste jarduera batzuk izan dira: Gandasegi eta Urreta ikastetxeetako ikasleei ikasgeletan utzitako eskola-materiala etxera eramatea, elikagaien banaketarekin jarraitzea, ibilgailuak desinfektatzeko programa, EUDELek bidalitako 5.000 maskara kirurgikoen banaketa garraio publikoan zein auzoetan, edota Iturrondoko larunbatetako merkatuan edukiera kontrolatzea eta bertan gel hidroalkoholikoa eskaintzea. Halaber, Galdakaoko Udaleko gizarte-zerbitzuekin lankidetzan, bakarrik bizi ziren 65 urtetik gorako pertsonei telefono bidezko laguntza eman diegu (guztira 1.300 dei inguru egin ditugu) eta konfinamendu-neurriak amaitu ondoren, adingabeak Arantxileko presara eraman ditugu paseoan.

Eta lan horietan guztietan hainbat boluntario aritu zarete.
Bai. Osasun-krisiaren ondorioz konfinamendu-neurriak bat-batean hasi ziren, eta GBGEko 160 boluntarioak eta beste erakunde batzuetako 100 boluntario hasi ginen lanean. Elkarlaguntza Sareko, Gazte Mugimenduko eta Aperribaiko Auzo Elkarteko boluntarioekin izan gara elkarlanean. Hainbat elkartetako boluntarioak batzeak laguntza oso azkar helaraztea ahalbidetu zuen. Boluntarioek larrialdiari eman dioten erantzuna funtsezkoa izan da: ehunka pertsona irauli dira gau eta egun egoera berri eta kezkagarri bati erantzuteko lanean.

Oraindik federik ba al dago gizarte solidarioago eta konprometituago batean?
Pertsonen arteko elkartasuna hain modu bizian eta garbian ikustea pozaren pozez bete gaitu, eta horrek aurrera egiteko gogoa indartu digu. Eduardo Galeanok esaten zuen bezala: “Jende txiki askok, leku txikietan, gauza txikiak eginez, mundua alda dezakete”.

Laguntza behar duten pertsonen kopurua bikoiztu egin duzue pandemian, 300 pertsonatik 600 pertsonara.
Ekainaren 5ean eta 6an burutu genuen elikagai bilketan 4.000 kilo batzea lortu genuen. Itxuraz, kopuru ikaragarria, baina GBGEn zenbat pertsonari ematen diogun arreta kontuan hartuta, ez da hainbestekoa. Osasun, ekonomia, gizarte eta ingurumen krisiak jarraituko du. Galdakaoko Udaleko Gizarte Zerbitzuetatik ematen dizkiguten datuen arabera, astero 3 eta 4 familia-unitate artean gehitzen dira elikagaiak banatzeko gure zerbitzuetara. Erne egon behar dugu bizi dugun egoera honek dakartzan arriskuak detektatzeko, batez ere egoera ahulenean dauden kolektiboetan, babesa bermatzeko eta berehalako neurri ekonomiko eta sozialak hartzeko.

Uste duzu laguntza behar duten pertsonen kopurua gehiago handituko dela?
Asko gustatuko litzaiguke pentsatzea ezetz, baina errealitatea tematia da: pandemia hau kolpe handia izan da guztiontzat. Ez dakigu sufrimendu kolektiboaren eta banakako traumen dimentsioak, inoiz ez da horrelako egoerarik ezagutu, baina bada ukaezina den zerbait: kostu handienak aurre egiteko gai ez diren pertsonak dira kaltetuenak kasu hauetan.

Proiektuak aurrera ateratzeko zelan egiten du GBGEk?
Proiektuak errealitate bihurtu ahal izateko, GBGEn boluntarioak dira ezinbesteko pieza. Boluntariorik gabe el legoke elkarterik. Baina, batez ere, elkartekideak behar ditugu. Boluntariotza elkartearen bihotza da, gure proiektuak eta ekimenak bultzatzen dituen motorra. Izan ere, gure proiektuak eta ekimenak pentsatu eta hobetu arren, boluntarioen laguntzarik gabe ezinezkoa izango litzateke praktikara eramatea, baina, era berean, finantzazio-iturri erregular eta egonkorrik gabe, ezinbesteko gastuei erantzutea ezinezkoa zaigu. Hala nola, ura, argia, garraioa edota gasolina. Zentzu horretan, gure proiektuetan sinesten duten pertsona guztiak animatzen ditugu GBGErekin elkartzera, eta diru-ekarpena egitea. Helburua behar duten herritarrak laguntzea da.

Duela gutxi, gainera, elikagai guztiak gordetzeko leku gutxi daukazuela adierazi duzue.
Aldi bereko bilketa-kanpainan egindako ahaleginen emaitza ona ikusita, esperientzia ahal bezain laster errepikatzea pentsatzen dugu. Beharrak areagotzeak logistika areagotzea eskatzen du, lan-kargak areagotzen baitira, eta dena zailtzen da espazio faltarekin. Pandemiaren aurretik lokala txiki geratzen bazitzaigun, orain langile eta material kopuru bikoitzarekin, ezinezkoa zaigu bertan jarraitzea, eta horregatik premiazkoa dugu lokal zabalagoa aurkitzea.

Covid-aren berragertze baten zurrumurrua badago. Zuen ustez, gizartea prestatuago egongo litzateke beste krisi ekonomiko eta sozial bati aurre egiteko?
Orain da sortzen ari den etorkizun horri forma ematen hasteko garaia, non elkartasunaren birusak, muga fisiko eta psikologikoak alde batera utzita, hortik ateratzen lagunduko digun. Indartsuago ez bada, jakintsuago behintzat.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak