→Galdakao

Bigarren eskuko produktuen eta arropen Ekodenda bat irekiko du GBGEk

Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkarteak (GBGE) proiektu berri bat abiaraziko du hilabete honetan: Garbigailu solidarioa.

Argazkia: GBGE

Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkarteak (GBGE) proiektu berri bat abiaraziko du hilabete honetan: Garbigailu solidarioa. Helburua da beste pertsona batzuek erabiltzen ez dituzten produktuei eta arropei bigarren bizitza ematea, eta horretarako GBGEk lokal berri bat zabalduko du salmentarako, eta arropa edo produktuak konpontzeko: Ekodenda, alegia. Irabaziak entitatearen jarduera solidarioetarako baino ez dira erabiliko. Gainera, arropa horren zati bat aukera gutxien dituzten Galdakaoko familien artean ere banatuko du GBGEk.

Oraindik ez dakite non zabalduko duten Ekodenda, baina asmoa da Galdakaon edo Basaurin eraikitzea. Bilbondo merkataritza parkearen eta Ecolaundry enpresaren lankidetzari esker, GBGEk duela hilabete batzuetatik jaso dituen ehunka arropa garbituko eta desinfektatuko ditu, eta Ekodenda berri horretan jarriko ditu salgai. Gainera, etxetresna elektrikoak eta bestelako artikulu elektronikoak konpontzeko gune bat ere izango du lokalak. Ekodenda horretan egoera zaurgarrian dauden langileak kontratatuko dituzte, hala nola, iraupen luzeko langabetuak, dibertsitate funtzionala duten pertsonak edota indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak.

Bestetik, Ecolaundry dendako bezeroek egiten duten garbiketa bakoitzeko, elkartearentzat garbitu-lehortze bat dohaintzan emango dute. Aurreikuspenen arabera, tona batera iristea da helburu nagusia. “Garbitegiak eta Bilbondo merkataritza guneak konpromisoa hartu dute proiekturako garbigailu industrial bat emateko eta arropa biltzeko guneak jartzeko merkataritza parkean bertan”, diote GBGEko kideek.

GBGE Galdakaoko elkartea da eta 280 boluntario inguru ditu. 2013az geroztik, gizarte- eta ingurumen-arloko proiektuak gauzatzen ditu, besteak beste, elikagai banaketa Galdakaoko 700 pertsonari, hozkailu solidarioa, Rexcatering (jantoki kolektiboetan eta sukalde zentraletan elikagai-soberakinak berreskuratzea, gero beste pertsona batzuei banatzeko), errefuxiatuei eta migratzaileei laguntzea eta segimendua egitea Galdakaon, eta nazioarteko lankidetza Mongolian (adin txikiko funtzionalentzako eskolak eta emakumeentzako babeslekuak eraiki eta konpontzea).

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak