→Galdakao

Jostailuak jasoko ditu GBGE elkarteak asteburu honetan Galdakaon

Azaroaren 20an eta 21ean GBGEk jostailu berriak edo egoera onean dauden bigarren eskuko jostailuak bilduko ditu elikagai banaketarekin batera aukera gutxien dituzten Galdakaoko familien artean banatzeko.

Gabonen atarian jostailu bilketa egin ohi du GBGEk // GBGE

Galdakaoko GBGE elkarteak jostailu bilketa antolatu du azaroaren 20an eta 21ean, ohiko elikagai banaketarekin batera aukera gutxien dituzten udalerriko familien artean banatzeko. Jostailu bilketa Agirre Lehendakaria plazan egingo dute 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Jostailu berriak edo egoera onean dauden bigarren eskuko jostailuak bilduko dituzte.

“Hilero 250 familia baino gehiagori elikagaiak banatzen dizkiegu Galdakaon eta erabaki dugu oraingoan elikagai-sortari jostailu bat gehitzea. Haur askori irribarrea atera nahi diegu. Aurten ziur aski Eguberri arraroa biziko dugu, eta gure helburua da Galdakaon haurrik ez egotea gutxienez oparirik gabe”, diote GBGE elkatetik.

Covid-19aren pandemiaren eraginez elikadura- edo ekonomia-baliabideen bila erakunde ezberdinetara jotzen duten pertsonen kopurua hazi egin da. GBGE elkartearen jardunari dagokionez, bikoiztu egin du hilero laguntzen duten pertsonen kopurua: “Gaur egun Galdakaoko 650 pertsonari laguntzen diegu. Lehen 300 ziren”, diote: “Tamalez, pertsona horietako asko adingabeak dira. Beraz, hilabete honetan opari bat gehituko diegu elikagaien banaketa solidario tradizionalari”.

Jostailu berriak edo egoera onean dauden bigarren eskuko jostailuak dohaintzan emateko interesdunek Agirre Lehendakaria plazara hurbiltzeko aukera izango dute ostiralean edo larunbatean. Bestela, 635 750 581 (Alvaro Saiz Ruiz) telefono zenbakira deitzea eskatu dute GBGEtik.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak