→Galdakao

Gerra Zibilaren ondorioz herritik kanpo dauden gorpuen berreskuratze lanetan da Galdakaoko Udala

“Lurpean ezkutatuta jarraitzen duten galdakoztar gudari zein milizianoen gorpuzkiak desobiratzeko asmoa daukagu”, dio Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak.

Memoria ibilbideen aurkezpenean eman zuen Iñigo Hernando alkateak gudari zein milizianoen gorpuzkiak desobiratzeko asmoa // Galdakaoko Udala

Memoria ibilbideak aurkeztu zituzten maiatzean Galdakaon. Udalak 1936ko Gerran herrian izan ziren gune esanguratsuak ezagutzeko ibilbidea sortu du, guztira bost gune: Bigarren Dibisioaren Aginte Postua Galdakaon; Gandasegiko kuartela; Inuntziaga txaleteko kartzela; Tximiolarreko babeslekua; eta Plazakoetxeko tragedia. Bost guneetako azalpen plakek osatzen dute memoria historikoaren hiri-ibilbidea, eta plaka horietan gune horietako bakoitza izan zenaren ezaugarri nagusiak biltzen dira, herritarrek bere herriko historiaren berri izan dezaten.

“Hau lehenengo fasea baino ez da. Bigarren fase batean gune gehiago emango ditugu ezagutzera. Beste leku esanguratsu batzuk erantsi nahi ditugu, hala nola, zubiak. Gerra garaian eta bonbardaketetan izan zuten garrantzia eman nahi diegu”, dio Iñigo Hernando alkateak. Era berean alkateak aurreratu du Udala lanean ari dela jada Galdakaotik kanpo dauden gorpuen berreskuratzean: “Lurpean ezkutatuta jarraitzen duten galdakoztar gudari zein milizianoen gorpuzkiak desobiratzeko asmoa daukagu”, dio alkateak.

Ibilbideak Burdin Hesira

Joan den maiatzaren 19an 84 urte bete ziren faxistek Galdakao bonbardatu zutenetik. Pandemiak baldintzatu arren, oroimen ekitaldia antolatu zuten Plazakoetxen segurtasun neurriak betez. Egun hartan Tximiolarreko babeslekura bisita egin zuten bertaratutakoek. Aurten berreskuratu du Udalak urteetan ezkutatuta egon den babesleku hori. 

Bestetik, ekainaren 15ean, faxistak Galdakaon sartu zireneko urteurrena ere gogoratuko dute, eta data horren aurreko zein ondorengo asteburuetan bisita gidatuak egingo ditu Galdakao Gogora elkarteak, bai herri barruko ibilbidean bai Burdin Hesian. Herriguneko ibilbidea plaka gehiagorekin osatzea ere aurreikusi dute udal ordezkariek. 

Bideoa | Memoria historikoaren ibilbidea aurkeztu dute gaur Galdakaon

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak