→Galdakao

‘Gero bat denontzat’, Galdakao eta Usansolo eraldatzeko 100 neurri

Sei hilabete pasa dira Galdakaoko agintea eskuz aldatu zenetik, eta udal gobernu berriak -EH Bilduk, Auzoakek, Usansolo Herriak eta Elkarrekin Podemosek osatuta- legealdi berriko lan-ildoak zehaztu ditu. “Pasa den ekainean herritarrek Galdakaoko Udala gobernatzeko ardura jarri zeniguten. Lau alderdik osatu genuen udal gobernua, beraz, lau programa, lau proiektu eta lau amets, baina ikusi genuen helburu komun batek eraman gintuela guztiak udaletxera: Galdakao eta Usansolo hobe baten alde lan egiteko gogoa, alegia”, dio Edurne Espilla zinegotziak (EH Bildu).

2023. urte bitarterako prestatutako Gobernu Plana jendaurrean aurkeztu zuten atzo, urtarrilak 23, Gandasegiko areto nagusian. Bertara, ehun lagun inguru gerturatu zen. 2019-2023 legealdirako “iparrorratz gisa” jardungo duten proiektuen berri eman zuen udal gobernu taldeak, eta 100 neurri hartzen dituen plana aurkeztu zuen. Zazpi ardatzetan banatuta (herri atsegina; pertsonentzat eraikia; inklusiboa; bertan lan egitekoa; gardena eta parte hartzailea; sortzailea; eta feminista, euskalduna eta anitza), ehun neurri horiek guztiak gauzatzeko “konpromisoa” hartu du udal gobernuak, “herriarekiko egindako kontratu gisa”, dio Espillak: “Benetan uste dugu herritarren, Udalaren eta elkarteen arteko elkarlana ezinbestekoak direla eraikitzeko ‘Gero bat denontzat’”.

Datorren astean Galdakaoko etxebizitza guztietara bidaliko dute 100 neurriak zehaztuta biltzen dituen aldizkaria. Gainera, otsailetik aurrera erabilgarri egongo da www.galdakaodenontzat.eus webgunea proiektu bakoitza ezagutzeko, eta bide batez, proiektu horietako bakoitzaren egoeraren jarraipena ere egin ahal izango dute herritarrek: “Proiektu bakoitza hasi gabe, hasita edo bukatuta dagoen erakutsiko da modu errazean eta ulergarrian, kolore gorriz, laranjaz eta berdez”, dio Olaia Parra zinegotziak (Auzoak): “Modu horretan, Udalak agindutakoen betetze-maila neurtu ahal izango dute aldiro herritarrek, gardentasunerako jauzi bat eginda”.

Hobetzeko kudeaketa “eraginkorra”

“Herri atsegina, guztion neurrikoa, bizia, sortzailea eta denon artean eraikia. Horrelako Galdakao nahi dugu, eta horretara goaz. Joera batzuk aldatzeko etorri ginen Udalera, herriari bultzada emateko, eta guztion artean, elkar esnarazteko”, dio Iñigo Hernando alkateak: “Galdakoztarren bizi-kalitatea hobetzeko konpromisoa hartzen dugu. Ekintza zehatzak, neurgarriak, eta galdakoztarron ongizatea hobetuko duten konpromisoak”.

“Gobernura heldu ginen inertzia eta joera batzuk aldatzeko, eta hori guztia egiteko, ezinbestekotzat jotzen dugu politikaren horizontaltasuna. Hau da, filosofia bat non herritarren parte hartzea ezinbestekoa izango den proiektuak aurrera eramateko, eta udaletxea gertuko sentiaraziko duen lan egiteko modu bat. Herritarrekiko gertutasun hori hitzetan geratzea ez ezik, proiektuetan gauzatuko duen Gobernu Plana zehaztu dugu”, dio Hernandok.

Neurri zehatz batzuk

Planak jasotzen dituen ehun ekintzen artean denetariko neurriak daude: estrategikoak, potoloak, zehatzak eta intentzioz beteak. Batzuk azaldu zituzten aurkezpenean Agustin Aizpuru (Usansolo Herria), Nerea Orozko (EH Bildu) eta Jose Luis Bernal (Elkarrekin Podemos) zinegotziek: auzoak lotuko dituen autobusa (Zuhatzutik Elexaldera eta Aperribaitik Usansolora); aparkaleku publikoak; estalkiak haurren parkeetan eta ikastetxeen jolastokietan; berritze proiektua Arkotxan, Santa Barbara auzoan; igogailuak eraikitzea (Urretako eskolatik Tximiolarrera, Zabalganen, Zubiaurretarren kalean eta Aperribain, eta aldapa mekanikoak Zabaleara); urtegiak berreskuratzea; Elexaldeko taberna berriro irekitzea; Segurtasun Plan Integrala; Ibaizabalen erribera aisialdirako berreskuratzea; oinezkoentzako eta bizikletetntzako bidea Basauri eta Usansolo artean; mendi ibilbideak seinalizatzea; Bengoetxen kirol-instalazioak eraikitzea; Urretako kiroldegia handitzea; Aperribai eta Basauri lotzen dituen zubia konpontzea; etxebizitza sozialen plana sortzea; enpresa haztegia; herriko merkataritzaren online erosketa sarea eratzea; auzo bakoitzean ekintza planak egitea; Usansolo erabakigune izatea; Metroari buruzko foroak deitzea eta bultzada instituzionala burutzea; euskal sortzaileen plaza; Torrezabaleko ikasketa-gela jaiegunetan zabalik mantentzea; Emakumeen Etxea eraikitzea; eskola-kirolean euskara sustatzeko programa abiaraztea; gune arriskutsuen mapa egitea, genero ikuspegiarekin; edota Plazakoetxeko lurpeko pasabidea ixtea.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak