☉ Galdakao
Gorosibaiko EEH lantegiaren proiektua eten du Galdakaoko Udalak, “legeak eta dekretuak” urratzen dituelako
Galdakaoko Udalak ez du onartu Moyua Taldeak Gorosibain Eraikuntza eta Eraispen Hondakinen (EEH) lantegi bat eraikitzeko Xehetasun Azterketa.

Galdakaoko Udalak ez du onartu Moyua Taldearen parte den Uribarri 2014 S.L. enpresaren aldetik jaso zuen Xehetasun Azterketa, Gorosibain Eraikuntza eta Eraispen Hondakinen (EEH) lantegi bat eraikitzeko. “Azterketa hori onartzeak hainbat lege eta dekretu urratzea ekarriko luke. Udala alde guztientzat mesedegarriak liratekeen beste aukera batzuk aztertzen ari da”, diote udal ordezkariek: “Lehen urrats hori onartu gabe, enpresak ezin du inolako lanik egin ezta lizentziak eskatzeko izapiderik egin”.
Udalak azterketa bota du Xehetasun Azterketa, honako argudio hauetan oinarrituta:
Xehetasun Azterketen ezaugarriak
Xehetasun Azterketen zehaztapenak zenbait lanetara mugatu behar dira: ordenazio zehatzen, bolumen antolamenduen eta alderdi eta ezaugarri estetiko jakin batzuen erregulazioak zehaztu, zuzendu edo osatzera mugatu behar dira. Inola ere ezin dituzte hautsi edo bazterrean utzi kasuan kasuko plangintzak horietarako ezartzen dituen aurreikuspenak. Galdakaoko HAPOk planeamendu tresna gisa Xehetasun Azterketa aurreikusten du.
Hala ere, Uribarri 2014 SL enpresak aurkeztutako Xehetasun Azterketak honako hau adierazten du: “Proposamen honen xedea da zonaldeko hirigintza gabeziak behar bezala konpontzea, jarduera bere ingurunean integratzea, zuzkidura publiko berrien espazioak zehaztea, lehendik zeuden eta mantendu nahi diren eraikinak legeztatzea, horretarako industria estentsiboen parametroak justifikazio gisara erabiliz eta lurzatiko jarduerak zonakatuz”.
Horrela, hiri lurzoru bat garatu nahi da Xehetasun Azterlan baten bidez, hori arautzeko bidea hirigintza antolamendu xehatua denean; hala zehazten du Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 56.1 artikuluak.
2/2006 Legea, ekainaren 30ekoa, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzkoa
Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 56.1 artikuluak berariaz adierazten du hiri lurzoru bat finkatu edo garatzeko izapide hori nahitaez egin behar dela hirigintza antolamendu xehatu baten bidez. Hau da, Plan Berezi baten bidez (jabeak edo Udalak bultzatutakoa) edo Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Aldaketa Puntual baten bidez. Horregatik guztiagatik, enpresak aurkeztutako Xehetasun Azterketaren figura juridikoak ez du balio ezaugarri horiek dituen hirigintza garapeneko prozesuak gauzatzeko.
Lehendik zeuden eraikinak legeztatzea
Lurren aurreko jabea zen Basañez Timber Industry S.L. enpresak industria pabiloi bat eraiki zuen UE-GO-3an, lizentziarik gabe, udal plangintzaren aurka, 2003ko urriaren 16ko 2372/03 zk.ko Alkatetzaren ebazpenetik ondorioztatzen denez. Hori eraisteko agindua eman zuen orduko Udalak (3094/04 zk), baina eraistea ez zen gauzatu. Xehetasun Azterketa batek ezin du legez kanpo sortu den eraikin bat legeztatu, enpresak nahi duen bezala.
123/2012 Dekretua, uztailaren 3koa, Hirigintzako Estandarrei buruzkoa
123/2012 Dekretuan, Hirigintza Estandarrei buruzkoan, gutxieneko hauek ezartzen dira bizitokirakoak ez diren hiri lurzoru finkatugaberako: berdeguneak, espazio libreak, aparkalekua eta landaredia.
6.2 artikuluak berariaz aipatzen du ordenamendu xehetuaren bidez egokitu beharko direla arautegira dekretuaren 6. artikuluan aurreikusitako tokiko bizitokien estandarrak, finkatu gabeko hiri lurzoruen kasuetarako eta jarduketa integratuen bidez kudeatu beharreko hiri lurzoru finkatugaberako.
Hau da, Xehetasun Azterketa ez da baliagarria eremu hori garatu nahi izateko.
2159/1978 Errege Dekretua, ekainaren 23koa, Plangintzako Erregelamenduari buruzkoa
2159/1978 Errege Dekretuaren 65.6 artikuluaren arabera, “Xehetasun Azterketek ezin izango dituzte Plan Orokorraren, Plangintzako Arau Osagarri eta Subsidiarioen eta Plan Partzialaren zehaztapenak jaso, baldin eta aldez aurretik ez badaude ezarrita”.
Ildo beretik, Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien Salak esana du Xehetasun Azterketen helburua mendekoa eta osagarria dela, eta ezin dutela hirigintza antolamenduko hutsune bat betetzen saiatu, Planei dagozkien jatorrizko zereginak hartuz [2008ko uztailaren 30eko edo 2009ko urtarrilaren 26ko epaiak (8809/2004 kasazioa), Auzitegi Gorenaren 2012ko apirilaren 12ko Epaia]. Beraz, legez kontrakoak izango lirateke, bai Planarekin kontraesanean baleude, bai, haien mendeko helburua eta helburu osagarria gaindituta, hirigintza antolamenduaren hutsune bat betetzen saiatuko balira, planei dagozkien jatorrizko zereginak hartuz.
Hierarkia-printzipioa
Xehetasun Azterketak xedapen orokorren izaeraren parte dira, arau hierarkiaren printzipioa hertsiki betetzeko beharra baitute. Aurkeztutako Xehetasun Azterketak nabarmen gainditzen ditu hirigintza figura horren muga estuak, eta aipatutako Lurzoruari buruzko Legea, Hirigintza Estandarren 123/2012 Dekretua eta maila handiagoko 2159/1978 Errege Dekretua urratzen ditu.
Hori guztia dela eta, Uribarri 2014 SL enpresak aurkeztutako Xehetasun Azterketa atzera bota du Udalak, bestela jardutea legez kontra aritzea litzatekeelako. Une hauetan alternatibak bilatzeko lanean ari da Udala; zarata eta interes politikoez gain, alde guztientzako irtenbide onuragarriak aurkitzeko lanean ari da alkatea bera.
☉ Galdakao
Galdakaoko PSEk ez du 2026ko aurrekontua negoziatuko, “2025eko proposamen gehienak bete gabe dauden bitartean”
Aurrekontua negoziatzeari uko egin dioten arren, emendakinak aurkeztuko dituztela esan dute alderdi sozialistako ordezkariek

Galdakaoko Udalak oraindik ez du 2026ko aurrekontua onartu, baina PSEk dagoeneko aurreratu du ez duela negoziaziorik egingo gobernu taldearekin.
Arrazoia, honakoa: “Udal Talde Sozialistaren aldetik ezinbestekotzat jotzen dugu, 2026ko aurrekontuari buruzko edozein elkarrizketa eduki baino lehen, gobernu taldeak 2025eko aurrekontuan sartzea onartu zituen gure taldearen proposamenen egoeraren buruzko informazioa ematea”, diote talde sozialistatik.
“Ez zaigu oso serioa iruditzen 2026ko aurrekonturako proposamen berriei buruzko eztabaida hasteko planteamendua bultzatzea, 2025eko proposamen gehienak bete gabe dauden bitartean”, diote.
Eta adibideak eman dituzte: “Galdabusari buruzko edo negoziazioa azterlana, Ibaizabalen inguruko jarduketak, Maximo Moreno parkea eraberritu eta egokitzea edo Elexaldeko igerilekuak estaltzeko proiektua”.
“Beraz, jakinarazi nahi dugu ez dugula aurrekontu-negoziaziorik egingo Gobernuarekin, aurrez aipatutako gaiak konpontzen ez diren bitartean”, diote.
Negoziazioa ez, emendakinak bai
Alderdi sozialistako zinegotziek aurrekontua negoziatzeari uko egin dioten arren, emendakinak aurkeztuko dituztela esan dute.
“Bidezkotzat jotzen ditugun enmendakinak ohiko bideetatik erregistratuko ditugu, udalerriaren onerako zuzenketa horiek herritarrei ekar diezazkiekeen onuren arabera baloratuko direlakoan, eta ez jarrera errebantxisten, interes alderdikoien edo kontakizun politikoaren beharren arabera”, diote.
☉ Galdakao
Eskailera margoketa egingo dute gaur Galdakaon, Euskal Selekzioren eta Palestinaren arteko partidaren atarian
Ekintza Zizpa Gazte Konpartsak antolatu du: irekia da eta Iturrondo plazan izango da

Euskal Selekzioaren eta Palestinaren arteko futbol partida jokatuko da bihar, azaroak 15, San Mamesen.
Eta, partida horren atarian, Galdakaon, elkartasun ekitalkia antolatu du Zizpa Gazte Konpartsak gaur, azaroak 14, ostiralez.
Eskailera margoketa irekia antolatu dute Iturrondo plazan 17:00etatik aurrera.
“Herrialde askeen aldeko elkartasun keinua egin nahi dugu. Bi herri, borroka bakarra”, diote.
☉ Galdakao
Ganguren Mendi Taldeak hamaika ekitaldi antolatu ditu Galdakaon bere sorreraren 80. urteurrenean
Ekitaldi nagusia abenduaren 4an izango da, baina azaroan Mendi Astearen barruan erakusketa, dokumentalak eta hitzaldiak antolatu dituzte

Ganguren Mendi Taldeak 80 urte bete ditu aurten, eta azaroa eta abendua bitartean ekintza bereziak antolatuko dituzte.
Ekitaldi nagusia abenduaren 4an izango da. ‘Iragana bihotzean, etorkizuna bidean’ lelopean, topaketa egingi dute Torrezabal Kultur Etxean (19:00).
Topaketa horretan, iraganeko pasadizoak gogoratuko dituzte, oraina ospatuko dute eta etorkizunera begiratuko dute.
“Topaketa xumea baina sentitua izango da. Bertan, klubaren azken 30 urteak laburbiltzen dituzten liburua eta bideoa aurkeztuko ditugu, eta ekitaldia mokatu baten bueltan bukatuko da”, diote.
Mendi Astea
Bestetik, ekitaldia nagusia baino lehen, Mendi Astea antolatuko dute.
Erakusketak, proiekzioak eta hitzaldiak eskainiko dituzte, mendizaletasunaren arloan aditu diren profesionalen parte hartzea barne.
Pou anaiek, Txomin Uriartek, Elixabete Arbek, Joanna Maluendak eta Bego Gonzalezek hartuko dute parte jardunaldietan.
Hona hemen Mendi Asteko egitaraua:
Azaroak 3-28
Erakusketa Ganguren MTren egoitzan: ‘Everesterako lehen euskal espedizioa’
11:30-22:00
Azaroak 13, osteguna
MendiTour Mendi Film zirkuitua: ‘Hiru Haundiak. Taupadak eta Gailurrak’ eta ‘Of a Lifetime’ film luzeak eta ‘Red Rock Revolution’ film laburra
19:00 Torrezabal
Azaroak 20, osteguna
Dokumentala eta hitzaldia: GR11 ibilbidea. Elixabete Arbe, Joana Maluenda eta Bego Gonzalez
19:30 Ganguren MTren egoitza
Azaroak 29, larunbata
Dokumentala eta hitzaldia: ‘Bizitzari sokaz lotuta’. Eneko eta Iker Pou anaiak
19:00 Torrezabal
☉ Galdakao
Etxebizitza prefabrikatuak Urretan eraikitzeko lanek trafikoan eta aparkalekuetan izango du eragina, Galdakaon
Ganguren eta Ramon Rubial kaleak trafikoari itxita egongo dira abenduaren 19ra arte. Gainera, ezin izango da aparkatu eskuineko lerro osoan

Etxebizitza prefabrikatuak eraikiko ditu JIT Housing enpresak Galdakaon. Ekintza pribatua da eta Urreta auzoan eraikiko dituzte, Ganguren eta Ramon Rubial kaleen artean.
Moduluka eraikitzen dituzte etxebizitza mota hauek eta lanak azaroaren 14an, ostiralez, hasiko dituzte. Materialak ekarri eta jarriko dituzte, eta Galdakaoko udal ordezkariek adierazi dutenez, trafikoan eta aparkalekuetan eragina izango dute obrek.
“Lehenengo fasea hilabete batez luzatuko da, abenduaren 19ra arte. Epe horretan, Ganguren eta Ramon Rubial kaleetan trafiko mozketak eta aparkatzeko murrizketak izango dira, makineria instalatzeko beharrezkoa den espazioa eta izango diren kamioien joan etorriak direla eta”, diote.
Zehazki ,Ramon Rubial kalearen sarreratik eta Ganguren kaleko 7. zenbakiraino sarbidea itxita egongo da abenduaren 19ra arte, astelehenetik ostiralera, 07:30etik 15:00etara.
Era berean, ezin izango da aparkatu zirkulazioaren norabideko eskuineko aparkaleku lerro osoan.
“Bizkai kaleko 92, 94 eta 96. zenbakietako bizilagunei pasabidea baimenduko zaie. Horretarako, seinale emaileak egongo dira ibilgailuen pasabide txandakatua koordinatzeko, muntaketa lanen faseen arabera”, diote udal arduradunek.
Herritarren joan etorriak ahalik eta gehien errazteko, gunea behar bezala babestuklo eta seinaleztatuko dute.
☉ Galdakao
Galdakaoko Bengoetxe auzoan etxebizitzak egitea adostu dute aho batez: % 40a babes publikokoak izango dira
Eremu komertzial izatetik bizitegi izatera igaroko da, eta etxebizitzen %40a babes publikokoak izango dira

Galdakaoko udalbatzarrak ostiral goizean egindako ez ohiko osoko bilkuran puntu bakar bat eztabaidatu eta onartu zuen: Bengoetxeko lur eremu batean etxebizitzak eraikitzeko hitzarmena egitea.
Eremu hori, orain arte komertzial gisa izendatua egon den arren, bizitegi eremu bihurtuko da aurrerantzean. Horrela, Galdakaoko Udalak Durruti XXI, Saema, Zeletxe 2005 eta Zuatzaurre enpresekin hitzarmena sinatuko du, etxebizitza libreak eta babes publikokoak eraikitzeko. Egingo diren etxebizitzen % 40a etxebizitza babestuak izango dira.
Asier Egiraun Hirigintza zinegotziak azaldu duenez, “helburua da UEBE-2 egikaritze unitateko eremu komertziala bizitegi eremu lez kalifikatzea, herritarren etxebizitza beharrizanei erantzuteko eta bizigune berriak sortzeko”. Egiraunek nabarmendu du, gainera, metroaren etorrerak bultzada eman diola egitasmoari, mugikortasun eta irisgarritasun behar berriak sortuko direlako.
Udalak adierazi du proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa bermatuta dagoela, urbanizazioaren eta eraldaketa urbanistikoaren kostu guztiak enpresek bere gain hartuko dituztelako. Horrez gain, lanen garapenarekin batera sortuko diren plusbaliak direla eta, 2,8 milioi euro inguru jasoko ditu Udalak, eta diru hori beste proiektu publiko batzuetan inbertituko du.
Egiraunek gogorarazi du neurriak udal gobernuak bultzatzen duen etxebizitza politikarekin bat egiten duela: “Gure helburua da Galdakaon babes publikoko etxebizitza gehiago sortzea eta gazteei zein familiei bizitzeko aukera errealak eskaintzea”.
Osoko bilkuran ez da kontrako iritzirik jaso, eta talde guztiek adostasuna adierazi dute. Koldo Goioagak, EAJko zinegotziak, egitasmoaren garrantzia nabarmendu du, eta etxebizitza politiketan denok “bultza” egiteko beharra azpimarratu du.










