→Galdakao

Ganguren mendira igoera egingo du Galdakaoko Gure Eskuk, ‘Pirinioetako Bidea’ egin aurretik

etxebarri-mendi-martxa-2018-ganguren-seinalea
// Artxiboa

‘Pirinioetako Bidea’ ekimena egingo du uztailean Gure Eskuk. Helburua da Euskal Herria eta Katalunia batuz argi-lerro bat osatzea eta horretarako Pirinioetako 300 gailurretik gora argiztatzea. Ekimena uztailaren 2an izango da eta hartara Hego Uribe eskualdeko herritarrak batuko dira: Basauri, Galdakao, Etxebarri eta Zaratamoko herritarrek Laina mendia (869 metro) igoko dute, eta Arrigorriaga, Ugao, Zeberio, Arrankudiaga, Arakaldo eta Orozkoko herritarrek Baigura mendia (897 metro).

Hala ere, motorrak berotzeko, zenbait ekitaldi antolatu ditu Gure Eskuk. Esaterako, maiatzaren 14an Ganekogorta eta Gorbeia mendiak argiztatu zituzten gauez Gure Eskuko hainbat kidek, tartean Hego Uribekoak. Bestetik, ekainaren 5ean Gangurenera igoera antolatu dute Galdakaoko Gure Eskutik: goizeko ekitaldia izango da eta besteak beste, trikitilariak, hamaiketakoa eta mendiak argiztatzeko deia luzatko dute. “Goizeko 09:30ean irtengo gara Ganguren mendira eta horretarako Ganguren Mendi Taldearen laguntza izango dugu. Bestela, Santamañeko aparkalekuan 11:00etan elkartuko gara Txorierriko lagunekin (Larrabetzu, Lezama, Derio eta Zamudio), eta ondoren 12:00etan ekitaldi nagusia izango da Santamañeko aparkalekuan bertan. 13:30ak aldera Galdakaora bueltatuko gara”, diote Galdakaoko Gure Eskuko ordezkariek.

Lokala zabalik Galdakaon

Uztailaren 2ko erronkan parte hartzeko izena emateko epea zabalik da dagoeneko. Interesdunek esteka honen bitartez eman dezakete izena: “Herri bakoitzak gailurrak izango ditu izendatuta, honenbestez, nongoa zaren adierazten duzunean, gailur batzuk proposatuko zaizkizu, herrikideekin batera joan zaitezen. Edonola ere, beste edozein gailur aukeratu ahal izango duzu”, diote Gure Eskutik. Gailur guztien zerrenda esteka honetan kontsulta daiteke.

Galdakaon Gure Eskuk lokal bat zabaldu du Kurtzeko plazan, frontoiko tabernan. Kamisetak erosteko, izena emateko eta autobusean izena emateko aukera egongo da. Lokala zabalik dago astearteetan eta ostegunetan 17:00etatik 19:00etara, eta larunbatetan 12:00etatik 13:30era. “Autobuserako txartelak 10 euroan daude salgai. Uztailaren 2an 09:00etan irtengo gara Galdakaotik eta Donibane Garazin eguna pasako dugu. Arratsaldean Baigurako Kirol Zentrora joango gara eta 19:30ean Laina mendira igoera hasiko dugu. Ekitaldia egin eta gero Galdakaora itzuliko gara”, diote Galdakaoko Gure Eskuko ordezkariek.

Bestalde, Basaurin ere aurrez aurre izena emateko aukera dago. Baskonia Mendi Taldearen egoitzan eman daiteke izena (Doktor Fleming, 2) astelehenetan eta asteazkenetan 19:30etik 21:00era. “Uztailaren 2an Laina mendia argiztatuko dugu basauriarrok, Galdakao, Etxebarri, Usansolo eta Zaratamoko herritarrekin batera. Autobusa Basauritik 16:15ean irtengo da. Luhusora joango gara eta bertan etxetik eramandakoa askalduko dugu. Ondoren, 19:00etan igoera hasiko dugu Baigurako Kirol Zentrotik Lainako tontorreraino. Argiak 22:15ak aldera piztuko ditugu eta bitartean ‘Txoriak txori’ abestuko dugu. Jarraian jaitsiera hasiko dugu eta 00:30ean autobusa hartuko dugu Basaurira itzultzeko”, diote Basauriko Gure Eskuko ordezkariek.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak