→Galdakao

Sexualitateari buruzko hitzaldia antolatu du bihar Mairi Emakume Feminista Batzak Galdakaon

Urtarrila eta otsaila bitartean doako hiru jarduera antolatu ditu Mairi Galdakaoko Emakume Feminista Batzak: hitzaldi bat eta bi ikastaro.

Ane Ortiz sexologoak emango du hitzaldia // Argazkia: UEU365

Urtarrila eta otsaila bitartean antolatu dituen jardueren berri eman du Mairi Galdakaoko Emakume Feminista Batzak. Zehazki, doako hiru jarduera antolatu dituzte: hitzaldi bat eta bi ikastaro. Bihar bertan, urtarrilak 19, izango da hitzaldia Zubiaurretarren kaleko 7. zenbakiko lokalean 18:00etan: Ane Ortiz sexologoak ‘Gure sexualitatea erdigunean’ hitzaldia eskainiko du. Sarrera doakoa da, baina interesdunek izena eman behar dute mairigaldakao@gmail.com helbide elektronikora idatzita.

Bestetik, bi ikastaro antolatu dituzte: ‘Autodefentsa feminista’ batetik, eta ‘Genero-indarkeria hautematen ikasiz’ bestetik. Autodefentsa ikastaroa urtarrilaren 22an eta 29an izango da kiroldegian (17:30-20:00) eta batez ere neska gazteei dago zuzenduta. Esther Lopez izango da monitorea eta doakoa izango da; hala ere, ikastaroan interesa dutenek izena eman beharko dute esteka honen bitartez edo mairigaldakao@gmail.com helbide elektronikora idatzita.

‘Genero-indarkeria hautematen ikasiz’ ikastaroa Garazi Callek eta Eztizen Telletxeak eskainiko dute urtarrilaren 20an eta 27an eta otsailaren 3an, 10ean, 17an eta 24an Zubiaurretarren kaleko 7. zenbakian (18:00-20:00). Mairiko ordezkariek diotenez, ikastaro honetan gizonek eta emakumeek parte har dezate. Ikastaro hau ere doakoa da, baina interesdunek izena eman beharko dute esteka honetan edo mairigaldakao@gmail.com helbide elektronikora idatzita. Jarduerok Emakunderen zein Galdakaoko Udalaren babesa dute. 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak