→Galdakao

Galdakaoko 175 saltoki batu ditu dagoeneko ‘Gurean’ plataforma digitalak

Oraindik ere plataformara batu ez diren saltokientzako ateak zabalik daude // Argazkia: Galdakaoko Udala

Galdakaoko dendari, ostalari eta negozio txikien eskaintza erakusteko ‘Gurean’ plataforma digitala kaleratu zuen urte hasieran Udalak. Lehenengo kanpaina bukatuta, guztira 175 saltoki batu dira dagoeneko ‘Gurean’ plataformara. “Azken urte luzeetan taberna zein dendak sustatzeko egin diren ekimenetan ez dira inoiz Galdakaoko horrenbeste negozio txiki egitasmo berean batu. Azken urteetako joera gaindituta, denda, taberna eta jatetxeek bat egin izana ere elkar indartzeko aberasgarria dela uste dugu”, diote sustatzaileek. Udalak eta Dendari Elkarteak sustatu dute proiektua, eta horretarako Maraka eta Cuchillo sormen taldeen laguntza izan dute.

Herriko eskaintza guztia ‘klik’ batean ikusi ahal izateko moduan dago antolatuta erakusleiho digitala, zazpi kategoriatan banatuta: elikadura; osasuna eta zaintza pertsonala; aisia, kirola eta kultura; moda eta osagarriak; etxea eta teknologia; ostalaritza; eta zerbitzuak. “Herrian ez da ezagutzen herrian bertan dagoen aukera gaitasuna”, dio Diego Dominguez Dendari Elkarteko kideak: “Sarritan, galdakoztarrek kanpora jotzen dute gauza asko erostera. Hori dela eta, herrian dagoen eskaintza zabala ezagutaraztea oso lagungarria da. Agian oraindik ez gara kontziente izan dezakeen gaitasunaz, baina asko lagundu ahal digu”.

Bigarren kanpaina, sariekin

Oraindik ere plataformara batu ez diren saltokientzako ateak zabalik daude, izan Dendari Elkarteko kide zein ez. Saltoki gehiago batzeko asmoz, hilabate iraungo duen kanpaina sustatuko du Udalak: “Oraindik Gurean-era batu ez diren saltokiek atxikitzeko aukera izango dute, eta hartarako laguntza behar dutenek laguntza eskatu ahal izango dute Behargintzara edo Dendari Elkartera deituta”, dio Javier Ibarretxe Ekonomia eta Sustapenerako zinegotziak. Gainera, plataforma ezagutzera emateko herriko saltokien inguruetan, lurrean, binilo handiak jarriko dituzte QR kodeekin. 

Dendariak eta ostalariak ekimenera batzera animatu, eta herritarrak bertan kontsumitzera deitu dituzte udal ordezkariak eta dendarien elkartekoak. Halaber, erakusleiho digitala ezagutzeko martxan jarri duten kanpainaren barruan zabalduko diren erronketan parte hartzeko gonbita egin dute: “Izan ere, hainbat sari irabazi ahalko dira hilabeteko kanpainan. Sareetan zabalduko diren erronketan parte hartuta sari txikiak eskuratu ahalko dira, eta Gurean-en parte hartzen duten denda zein tabernetan galdera bat erantzuten dutenen artean bazkari eder bat zozketatuko dugu”, diote.

‘Gurean’ plataforma digitala kaleratuko du Galdakaoko Udalak, udalerriko dendak, ostalaritza eta negozio txikiak bistaratzeko

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak