→Galdakao

HAPOa berrituko dute Galdakaon, ia hiru hamarkada ondoren

Hiri-Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) berrituko du Galdakaoko Udalak, eta horretarako herritarren partaidetza bilatuko du.

Asier Egiraun Hirigintza arloko zinegotzia eta Iñigo Hernando alkatea gaur, prentsaurrekoan // Geuria

Etorkizuneko Galdakao marraztuko du Udalak. Horretarako, Hiri-Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) berrituko dute, ia 30 urte ondoren. Azken plana 1992. urtean idatzi zuten eta 1993. urtean onartu zuten. “Urte hauetan guztietan bilakaera handia izan du Galdakaok. Landa-eremua izan zen hasieran, eta gero, industrializazioa dela eta, biztanleria hazi egin zen. Hala ere, 1993ko plana zaharkituta dago, garai horietan helburua lurraren okupazioa bikoiztea baitzen”, dio Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak: “Gaur egunera ekarrita, plana ez da jasangarria, eta uste dugu plan hori berriztea ezinbestekoa dela”.

“Oso herri gutxi daude HAPOa horren zaharkituta daukatenak, eta horietako bat da Galdakao. Uste dugu garaia dela egungo gizartera egokitzeko”, dio Hernandok: “Badakigu ez dela erraza izango, baina herriaren eta herritarren bizi-kalitatea hobetu nahi dugu. Herri atseginagoa marraztu nahi dugu, jasangarritasuna erdigunean jarrita”. Hirigintza Plan Orokorra berritzea ez da berehalakoa izango, eta “urte askotako lana” izango dela dio Hernandok: “Lasaitasunez hartu beharrekoa”.

Ekaineko osoko bilkuran erabaki zuten ordezkaritza duten udaltaldeek HAPOa berritzea -atxiki gabeko zinegotziak abstentziora jo zuen-. “Legegintzaldi hasieran diagnostiko bat abiarazi genuen eta ikusi genuen HAPOa egungo beharrizanetara egokitu behar zela. Udalbatzari proposatu genion eta udaltalde guztiek adostu dute ekaineko osoko bilkuran”, dio Egiraunek.

Aldaketa nabariak

Galdakaoko HAPO berriak “aldaketa nabariak” izango dituela adierazi du Asier Egiraun Hirigintza arloko zinegotziak. Besteak beste, genero eta hizkuntza ikuspegiaren aldetik, mugikortasunaren aldetik eta jasangarritasunaren aldetik izango du planak aldaketa. “Zenbait arlo aldatu nahi ditugu, hala nola, mugikortasuna, lurzorua modu iraunkorrean txertatzea, eraikuntza ordenantzak, udal katalogoa edota plan hidrologiko berria. Azken horri dagokionez, URAk dagoeneko Ibaizabal ibaiaren hirugarren faseari ekin dio, eta lan horiek eta gero, aukera berriak sortuko dira ibai ertzetan”, dio Egiraunek. “Herriak dituen sustrai historikoak eta landaguneak mantendu nahi ditugu eta industriari dagokion lekua eman”, dio Hernandok.

Bestetik, N-634 errepideaz zera adierazi du Egiraunek: “Irtenbide hobeago bat bilatu behar zaio errepide nazionalari. Trafiko asko dago N-634an, eta Plazakoetxen, esaterako, asko igertzen da hori. Besteak beste, Plazakoetxeko semaforoak aldatu, oinezkoentzako toki gehiago edota errepidearen alboak aprobetxatu nahi ditugu”.

Herritarren partaidetza

Hiri-antolamendu Plan Orokorra berritzeko herritarren partaidetza bilatuko du Udalak: “Prozesua gardena izango da eta herritarrek parte hartuko dute”, dio Egiraunek. HAPOa berritzeko prozesua fasetan egingo dute, eta herritarrek parte hartuko dute lehenengoan. “Oraindik ez dakigu noiz hasiko den herritarren parte hartzea, baina lehenengo fasea izango da hori. Bigarren fase batean plan berria idatziko da”, dio Hernandok.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak