→Galdakao

Haurren Kontseilua eratu dute lehen aldiz Galdakaon, herriaren eraikuntzan eta hobekuntzan beren begirada txertatzeko

Atzo eratu zuten Haurren lehen Kontseilua Galdakaon // Galdakaolp Udala

Haurren Kontseilua eratu dute lehen aldiz Galdakaon. Helburua da herriaren eraikuntzan eta hobekuntzan haurren begirada txertatzea. Besteak beste, Kontseiluko kideek udal arduradunekin eta komunitateko beste eragile batzuekin solasteko aukera izango dute hainbat gairen inguruan, hala nola, hirigintza, aisialdi eskaintza, seguratasuna, jolasguneak, mugikortasuna edo mahai gainean jarri nahi duten beste edozein gai.

Galdakao eta Usansoloko ikastetxeetako haurrek osatzen dute Haurren Kontseilua. Atzo eratu zuten lehen taldea udaletxean eta guztira 23 pertsonak osatzen dute. Lehen Hezkuntzako 4. eta 5. mailako ikasleak dira guztiak, aniztasuna bermatzen duten hautaketa irizpideak dituen zozketa konbinatu baten bidez aukeratuak. Ikasturte hasieran, irailean, aukeratuko dira Kontseiluko kide izango diren neska-mutilak. Aurtengo jarduna, ordea, salbuespenekoa izan da: hautaketa prozesua otsailean izan zen, eta LH5eko kideak ekainera arte egongo dira Kontseiluan eta LH4koak 2023ko ekainera arte. “Horrela, datorren urtetik aurrera, talde erdia berria izango da eta beste erdia dagoeneko urtebetez aritutakoa”, diote.

Hilean behin bilduko da Kontseilua hainbat lekutan, “haurrek beren herriko errealitate ezberdinak ezagutu ditzaten”, diote. Bilerak bi ordukoak izango dira eta eskola orduetan egingo dira. Galdakaoko Udala bera arduratuko da Kontseiluko kideen zaintzaz eta garraioaz, eta ikastetxean bertan hartu eta itzuliko ditu. Haurren esparruko esku-hartzean esperientzia duten profesionalesk dinamizatuko dituzte saioak, “betiere jolasaren eta entretenimenduaren bidez”, diote udal ordezkariek.

“Esperientzia positiboa izango dela seguru gaude: batetik, esperientzian parte hartuko duten haurrentzat pertsona eta herritar gisa trabatzen lagunduko dien ahalduntze aukera bat delako Haurren Kontseiluan parte hartzea; eta, bestetik, Galdakaoko Udalarentzat berarentzat, Kontseiluari esker bere jardueretan haurren begirada txertatzeko aukera izango baitu”, diote udal ordezkariek.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak