→Galdakao

Haurreskola berria Galdakaon: Lapurdi aparkalekuan edo kirol anitzeko kantxa dagoen eremuan

Bizkai Haurreskolak dakarren arazoari irtenbidea emateko eraikin berri bat egitea erabaki dute Galdakaoko Udalak eta inplikatutako eragileek. Oraindik ez dute zehaztu non eraikiko duten haurreskola berria, baina jakinarazi dute Lapurdi inguruan eraikitzea dela asmoa: “Azterketa sakona egin, proiektuak landu eta haurreskola berria azkenean adostasunez aukeratuta, Lapurdi plaza honen inguruko tokiren batean jartzea erabaki zen bere momentuan, eta horretan ari gara lanean. Hasi gara proposamenen lanketekin, eta aukera desberdinak aztertzen ari gara”, dio Asier Eguiraun Hezkuntza eta Hirigintza arloko zinegotziak.

Ildo horretan, bi aukera mahai gainean dituzte haurreskola berria eraikitzeko: Lapurdi aparkalekuaren gainean edo kirol anitzeko kantxa dagoen eremuan. “Horietatik uste dugu egokiena aparkalekuaren gainean eraikitzea dela. Baina oraindik azterketa urbanistikoak egin behar ditugu, behin betiko erabakia hartu aurretik”, dio Eguiraunek: “Ideia-lehiaketa bat egingo da, eta lehiaketa horren barruan sartu behar dira haurreskola, aparkalekua, Lehendakari Agirre plaza, eta plazaren konponketa”.

Bizkai Haurreskolako koordinatzaileek eta udal ordezkariek adierazi dutenez, eraikin berriak 63 umerentzako lekua izan beharko luke. “Haurreskola berriak, gutxienez, beharko ditu behintzat adin tarte bakoitzeko hiru gela homologatu, motrizitatea lantzeko berariazko gela homologatua, garbiketari edota elikadurari erantzun egokia eman ahal izateko gela homologatuak, eta inguruan umeak arriskurik gabe aritzeko tokia ere izan beharko du. Horrez gain, oso argi daukagu hezitzaileek ere beraien funtzio desberdinak bete ahal izateko beharrezko tokiak ere izan behar dituela eraikuntza berriak”, dio Eguiraunek, eta gaineratu du: “Erronka handia dela badakigu, baita prozesua luzea izango dela ere, baina eraikin berria egitearen erabaki horren aldeko apustua egiten dugu”.

Arazoak hasieratik

2019ko irailean hasi zen zerbitzu ematen Lehendakari Agirre plazan dagoen haurreskola berria, eta hura eraiki aurretik zalantza asko izan zituen kokapenak: “Bere garaian haurreskola berriaren proiektua aurkeztu zigutenean hasieratik konturatu ginen arazoak egongo zirela, eta denborak arrazoia eman digu. Arazoak baino ez ditugu haurreskola berrian”, dio Laura Valiente Bizkai Haurreskolako koordinatzaileak: “Alde batetik, hasieratik txiki geratu zen, eta gaur egun bi eraikinetan ari gara. Ez dugu ikusten zentro baten moduan; ematen du bi zentro ezberdin direla, baina ez da horrela: zentro bakarra da, bi eraikin ezberdinekin, eta hori kudeatzea oso zaila da. Eta bestetik, eraikin berriari dagokionez, kriston beroa egiten du barruan. Bagenekien beroa egingo zuela ez dagoelako aireztapen egokirik: hiru gela daude aireztapen barik eta gela batek baino ez ditu kanporako leihoak. Tenperatura asko igotzen da barruan -30 gradura arte- eta are gehiago eguzkiak aurrez aurre ematen duenean. Partxeak jartzen ari dira, baina ez da nahikoa”. Hain zuzen ere, beroa eta tenperatura altuak saihesteko asmoz, leihoetan panel bereziak jarri ditu Udalak. “Hala ere, hori ez da nahikoa; irtenbide integral bat behar dugu”, dio Valientek.

“Ez daukagu espazio egokirik, gelak txikiak dira, eta ezin gara kalera irten patioa ez delako egokia umeentzako. Hesia txikia da eta arriskutsua izan daiteke umeentzat”, dio Valientek. Gauzak horrela, arazo guztiei irtenbidea emateko eraikin berri baten beharra ikusten dute: “Hau handitzea ez da irtenbidea arazoak mantendu egingo liratekeelako, eta momentu honetan gauden moduan egotea ere ez da irtenbidea bi eraikin ezberdin kudeatzea zaila delako. Umeen eta hezitzaileon beharrizanak asetzeko eraikin berria behar dugu. Hori da irtenbide bakarra”, dio Valientek.

Prozesu parte-hartzailea

Bizkai Haurreskola berria zerbitzu ematen hasi zen ikasturte berean, 2019ko abenduan, prozesu parte-hartzaile batean lan egiteko martxan jarri ziren udal gobernuko kideak eta inplikatutako eragileak (hala nola, haurreskolako koordinatzaileak, hezitzaileak, gurasoak eta Lehendakari Agirre plazako ostalariak). “Haurreskolarekin arazo bat jaso genuen udal gobernu honetan, heredatutako arazo bat, eta irtenbide bat eman behar genion. Prozesu bat martxan jartzea erabaki genuen arazo honi irtenbidea emateko, eta hurbileko eragileekin batera aurrera eraman dugu erabakiaren prozesua”, dio Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak.

“2019ko abenduan bertan bilera deitu genuen inplikatutako eragileekin eta adierazi genien prozesu parte-hartzailea abiaraziko genuela Bizkai Haurreskolari irtenbidea emateko”, dio Olaia Parra Parte Hartzerako zinegotziak. Hala ere, Covid-19 pandemiak bete-betean harrapatu zituen eta prozesua atzeratzea ekarri zuen: “Martxa berriro hartzen hasi ginenean, berriro ekin genion prozesuari. Lau irtenbide proposatu genituen: egungo egoerari eustea (bi eraikin ezberdin), haurreskola Lehendakari Agirre plazan handitzea, haurreskola periferikoen erabilera bultzatzea edo haurreskola tokiz aldatzea”, dio Parrak. Prozesuak bi saio izan zituen (bata informatiboa eta bestea erabakiorra) eta “adostasun nahiko handiarekin” haurreskola beste puntu batean eraikitzea erabaki zuten. 

Datorrena “prozesu luzea” izango dela diote udal ordezkariek. Haurreskola berriko eraikin berria non eraikiko duten erabakitzeaz gain, Lehendakari Agirre plazako eraikinarekin zer egin pentsatu behar dute, hutsik geratuko baita haurreskola berria eraikitzen dutenean.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak