→Galdakao

Aperribai eta Usansolo Galdakao erdigunearekin konektatzeko herri autobusa martxan jarriko du Udalak

Erdigunea eta Udal zerbitzuak hirgunetik urrun dauden nukleoekin (Aperribai eta Usansolo kasu) konektatzea izango da helburua. Herri autobusa martxan jartzeko, ordenantza onartu du Udalak ostegunean (uztailak 28) egindako osoko bilkuran.

BASAURIKO metro geltokia ETA SAN MIGEL AUZOA LOTZEN DITUEN LANZADERA // GEURIA

Galdakon herri autobusa martxan jarri ahal izateko ordenantza onartu zuten atzo egindako osoko bilkuran. Alde bozkatu dute EH Bilduko, Auzoakeko, Usansolo Herriako, Podemoseko eta PSE-EEko 13 ordezkariek eta abstenitu egin dira EAJren 5 ordezkariak zein atxiki gabekoa.

Alderdi guztiek nabarmendu dutenez, herri autobusa galdakaoztarrek aspalditik eskatu izan duten zerbitzua da; izan ere, garraio hori beharrezkoa da Galdakaoko erdigunea eta udal zerbitzuak hirigunetik urrun dauden nukleoekin —hala nola Aperribai eta Usansolo— konektatzeko.

Autobusek guneok lotzeko bi linea izango dituztela aurreikusten da, nahiz eta ibilbide osoa eta geltokiak oraindik ez dituzten zehaztu. Herri autobusak egokituta egongo dira mugikortasun urriko pertsonentzat, eta ordutegiak, frekuentziak eta geltokiak ere herritarren beharren arabera moldatuko dituzte. Horrela zehaztu du Mari Paz Losada Obra, Zerbitzu, Mugikortasun eta Garraiorako zinegotziak.

Ordenantza aurreproiektuaren lehen pausua denez, oraindik ez dituzte xehetasun guztiak eman. Horregatik, oposizioa aurka agertu da. EAJk gogoratu du herri autobusa galdakaoztar guztientzako “beharrezko” zerbitzua dela, baina oinarrizko aspektuak eta autobusen ibilbidea zehaztea falta denez, abstenitu egin dira, proiektua ez blokeatzeko.

Etorkizunerako ekarpenak

PSE-EE taldeak ere zerbitzuaren kudeaketari buruz jardun du, eta bi proposamen egin ditu. Gestioari lotuta, sozialistek esan dute herri autobusa zerbitzu publikoa dela eta, beraz, bere kudeaketa udalekotu beharko litzatekeela. Bestetik, gogoratu dute erosiko diren autobusak elektrikoak izan beharko liratekeela eta Gorosibain horiek kargatzeko lekua ahalbidetu ahalko litzakeela.

EH Bilduk eta Auzoak taldeak begi onez hartu dituzte egindako ekarpenak, eta adierazi dute ordenantza onartu ondoren —zerbitzuaren nolakotasunak zehaztu ahal direnean—, aholkatutakoak kontuan izango dituztela. Ordenantzaren hasierako onarpena eta gero, 30 eguneko epea ireki da ekarpen gehiago aurkezteko zein alegazioak egiteko.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak