→Galdakao

Galdakaoko herri-basoen lehenengo kudeaketa plana landuko du Udalak

Galdakaoko herri-basoak herriarentzat berrekuratzeko lehen urratsak eman ditu Udalak. Udal basoei buruzko disgnosia egin dute lehen aldiz eta kudeaketa plana lantzen hasiko dira.

Gorka Menendez Etnobotanikan doktore den galdakoztarrak diagnosi “sakona” egin du herri-basoen inguruan // Argazkia: Galdakaoko Udala

Galdakaoko herri-basoak herriarentzat berrekuratzeko lehen urratsak eman ditu Udalak. Hain zuzen ere, udal basoei buruzko disgnosia egin du Udalak lehen aldiz, “eta horrek kudeaketa aldatzeko premia eta aukerak agerian utzi ditu”, dio Nerea Orozko Ingurumen arloko zinegotziak.

“Galdakaok ez zuen, orain arte, erabilera publikoko mendi lurren egoerari buruzko diagnosirik. Horren inguruko informazioa eskatu zion Udal honek Bizkaiko Foru Aldundiari 2020ko urtarrilean, eta horrela jakin zuen Galdakaorenak diren baso lurren inguruan egin diren azterketak soilik ekonomiari begirakoak izan direla”, dio Orozkok: “Ez dago ez irizpide ez lan lerro argirik. Ahulgunea da hori, erabilera handiagoa eta hobea izan dezaketelako; lur asko erabat utzita daude. Hala ere, ahulgune hori ez da erabat txarra, nahi gabe izan arren onurak ekarri dituelako: basoak berez birsortu eta indartu dira eta leku batzuetan berez ari da baso autoktonoak sortzen. Edozein kasutan, norabide bat behar da: helburuak ezarri eta horri begirako plana egin”.

Gauzak horrela, plana egin aurretik, eta egoeraren berri “modu integralean” izateko eta udal basoen kudeaketa egokia egiten ari den aztertzeko, Gorka Menendez Etnobotanikan doktore den galdakoztarrak diagnosi “sakona” egin du, Udalak hala eskatuta. “Diagnosian jasotzen diren ondorioak aztertu, eta, baso lurrak herriarentzat berreskuratzea helburu hartuta, ondorioei egokitutako plana da orain egin behar dena”, dio Orozkok.

Bederatzi herri-baso ditu Galdakaoko Udalak bere jabetzan: Azpuru-Ergoien, Santa Marina-Ganguren, Uraburu, Askarri-Padrola, Artola-Txispamendi, Burutoetzagana, Upo-Lekubaso, Arrialtadua eta Seata (Bedian dago baina Galdakaoren jabetzakoa da). Mendi lur horiek udalerri osoko lurren % 20 inguru dira, hau da, 503 hektarea; “Galdakaoko beste 300 bat hektarea baso Aldundiaren jabetzakoak dira”, dio Orozkok. Udalaren jabetzakoak izan arren, erabilera publikorako baso lurrak kudeatzeko eskumena Bizkaiko Foru Aldundiarena da. Udalak plan bat egiteko asmoa agertu du, eta ondoren Aldundiari igorri beharko dio plan hori, eta adostasuna bilatuta, Aldundiaren oniritzia beharko du.

Ildo horretan, kudeaketa plana lantzen hasiko da Galdakaoko Udala. Aldundiari aurkeztuko dio, kudeaketa has dezan, eta ondoren, plana beteko dela egiaztatzeko jarraipena egiteko asmoa du Udalak. Bestetik, herritarrei bere mendien egoeraren berri eman, azterketaren emaitzak azaldu eta egiten ari den hausnarketa partekatzeko, aurkezpen publikoa egingo dute Udalak eta Gorka Menendezek urrian.

Itsas pinua nagusi

Diagnosiaren arabera ondorioztatu dute pinua dela nagusi Galdakaoko herri-basoetan, “batez ere, itsas pinua”. “110.000 metro kubiko egur ditu. Gainera, pinudi zaharrak dira asko, 60 urtetik gorakoak, produkzio zikloa amaituta dutenak eta moztu behar direnak. Batzuk galtzen hasiak ere badaude. Egurretarako zuhaitz horiek baliabide handia dira, diru asko”, dio Gorka Menendez Etnobotanikan doktoreak: “Lur zati batzutan pinua mantentzea ona izan daitekeen arren, bertoko landareriari leku eman behar zaio pixkanaka”.

“Orain da momentua. Bizkai eta Gipuzkoa osoko basogintza momentu historikoan dago, pinu eta eukalipto asko baitaude ziklo amaieran. Basogintzarako politika berbideratu, berrantolatu, aldatu nahi den pentsatzeko garaia da. Aukerak zabalik dauden unea da”, diote. Era berean, landare inbaditzaileei aurre egiteo plangintza zehatza egin behar dela ondorioztatu dute diagnosia egin ondoren.

Gorka Menendez: “Diru gutxirekin elikadura eta osasuna izateko kapaz dira baserritarrak”

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak