→Galdakao

‘Herri Gunea’ ireki du Galdakaoko Elkarlaguntza Sareak, funts putre baten lokala okupatuz

Etxebizitzaren arazoa azaleratzeko lanean ari da Galdakaoko Elkarlaguntza Sarea. Larunbatean etxebizitza eskubidearen aldeko mobilizazioa egin zuten herrian eta amaieran hamar urte hutsik egondako espazio bat birjabetu zuten Agirre Lehendakaria plazan: “Espazio hau funts putre baten jabetza da, Divarian funtsarena hain zuzen ere, zeina Cerberusen jabetzapekoa den. Azken hau, etxebizitzarekin gehien espekulatzen duen funtsetako bat da, langileriaren kontura irabazi itzelak metatuz. Gure helburua ez da lokal honekin espekulatzea; erabilera libre eta kolektibo baten bitartez, gure auzokideen bizi baldintzak hobetzeko tresna gisa erabili nahi dugu”, diote Elkarlaguntza Sareko ordezkariek.

‘Herri Gunea’ izena jarri diote espazioari, eta besteak beste, bertan asanbladak egingo dituzte, euskara eta alfabetizazio ikastaroak eskainiko dituzte, zaintza lanen kolektibizaziorako espazioak sortuko dituzte edota oinarrizko elikagaien biltegi eta banaketa espazioa bilakatuko dute: “Izaera soziala izango duten lan eta ekintzak aurrera eramateko balioko du espazioak. Finean, Herri Gunea klase desjabetuaren defentsarako ekintza sozialak egiteko balioko duen espazio bat izango da. Klase desjabetu bezala ulertzen dugu bizirauteko gure lan egiteko gaitasuna baino ez daukagunon klasea. Horrenbestez, Herri Gunea elkartasuna eta elkarlaguntza saretzeko eta komunitatea subjektu politiko bezala berreraikitzeko espazioa izango da, gure egunerokotasuna zeharkatzen duen indibidualismoari aurre eginez eta horren aurrean, jarrera matxista eta arrazistak ezabatuko dituen harreman osasuntsuak eraikiz. Laburbilduz, auto-antolakuntza, herri boterea eta klase elkartasuna saretuko dituen espazioa izango da”.

“Espekulazioa, ondorioa”

Galdakaon etxebizitzaren arazoa “sozializatzea” da Elkarlaguntza Sarearen helburuetako bat: “Gure herrian espekulazioa dela eta, hainbat etxe daude hutsik, jende askok etxe bat topatzeko arazoak dauzkan bitartean. Etxerik ez edukitzeak, erahil egiten duela ikus genezake sarritan”, adierazi diote GEURIAri Elkarlaguntza Sareko ordezkariek: Hala ere, espekulazioa ez da arazoa, ondorioa baizik. Propietate pribatuan datza arazoa. Izan ere, propietate pribatuaren bermatzaile eta aprobetxatzaile den klase kapitalistarentzako, etxebizitza merkantzia da. Guretzako, klase langilearentzako, aldiz, etxebizitza gure erlazio oinarrizkoenak burutzeko esparrua da. Hortan datza aurrera daramagun klase borroka, dominazio sistemaren kontra”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak