→Galdakao

Garraio publikoa eta mugikortasuna, galdakoztarren arazorik nagusienak

400 herritarri galdetu die Aztikerrek telefono bidez urtarrilaren 24tik otsailaren 4ra bitartean // Galdakaoko Udala

Galdakaoko legegintzaldi erdiko balorazio-inkesta egin du Udalak, Aztiker Soziologia Ikergunearen bitartez. Hain zuzen ere, Galdakaori eta herritarren asebetetze mailari buruzko ikerketa egin du Aztiker Soziologia Ikerguneak, Udalak hala eskatuta. Guztira 400 herritarri galdetu die Aztikerrek telefono bidez urtarrilaren 24tik otsailaren 4ra bitartean. Horietatik 141 lagun Galdakao erdigunean bizi dira, 40 lagun Urretan, beste 40 Usansolon (erdigunea, Gorosibai eta Arteta), 28 Aperribain eta beste 28 Zabalean. Bengoetxeko, Zuatzaurreko, Berezikoetxeko, Zabalganeko, Zuhatzuko, Elexaldeko eta Bekea-Olabarri-Altamirako-Padrolako biztanleei ere inkesta egin diete.

Inkestaren emaitzei erreparatuta, galdakoztarrak “gustura” bizi dira herrian eta bataz beste 7,8ko puntuazioa eman diote herriari: “Inkestatuen erdia baino gehiagoren (%56,3) asebetetze maila 7 eta 8ren artean dago. Aldiz, zentzu honetan balorazio txarra (0-4 puntuazioa) egiten dutenen ehunekoa oso txikia da, %2,2koa”, diote udal ordezkariek.

Era berean, Udalak legegintzaldi honetan egindako lana ere ondo hartu dute herritarrek, eta 6,8ko balorazioa eman diote. Ildo horretan, Galdakaoko arazoak konpontzeko Udala gai dela eta horretarako “denbora gehiago behar” duela adierazi du inkestatuen %71,4k: “Zehazki, “Badaki nola konpondu Galdakaoko arazoak, baina denbora gehiago behar du”, erantzun dute inkestatuen erdiak baino gehiagok (% 57,5); beste % 13,9k erantzun dutenez, “Galdakaoko arazoak konpontzen ari da”; eta %11,8k dio Udalak “Ez dakiela nola konpondu Galdakaoko arazoak””, diote udal ordezkariek.

Herrian dauden arazoei dagokienez, inkestatuek bi arazo nagusi identifikatzen dituzte: garraio publikoa eta mugikortasuna eta konexioak (% 31,7). Mugikortasunarekin lotuta, trafikoa (% 3,6) eta Metroa (% 2,6) aipatu dituzte. Aparkaleku falta (% 22,4), azpiegitura publikoak eta beren egoera (% 9,7) eta aisialdi guneak (% 7) ere arazo bezala zerrendatu dituzte galdakoztarrek. Horiez gain, langabezia (% 6,1), koronabirusa (% 4,5), kaleen garbitasuna (% 4,5), adinekoen arazoak (%3,6) eta etxebizitzari lotutako arazoak —eskaintza txikia, garestia— (% 3,5) kezkatzen ditu herritarrak.

Ikerketa osoa eta emaitzak esteka honetan kontsulta daitezke.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak