→Galdakao

Galdakaon 11, 15 eta 18 kilometroko hiru ibilbide zirkular seinaleztatu ditu Ganguren Mendi Taldeak

Kukuzburu ibilbidea, Ganguren ibilbidea eta Gangureneko zeharkaldia egokitu dituzte, eta Arantzelai, Belategi, Bengoetxe, Elexalde, Etxebarri, Aretxiturri, Arantzelai-golf, Jugo, Otalarra, Padrolamendi, Txaketoiturri eta Urizargoiti loturak seinaleztatu dituzte.

Kukuzburu ibilbidea, Ganguren ibilbidea, eta Gangureneko zeharkaldia egokitu dituzte // Argazkia: Galdakaoko Udala

Ganguren Mendi Taldeak hiru ibilbide zirkular eta 12 lotura egokitu ditu eta horietan seinaleak jarri dituzte. Hala nola, informazio panelak, toponimo grabatuak dituzten seinale tantaiak, norabide geziak, kolore-markak eta kartelak. Zehazki, Kukuzburu ibilbidea (10,9 kilometro), Ganguren ibilbidea (14,9 kilometro) eta Gangureneko zeharkaldia (18,4 kilometro) egokitu dituzte, eta Arantzelai, Belategi, Bengoetxe, Elexalde, Etxebarri, Aretxiturri, Arantzelai-golf, Jugo, Otalarra, Padrolamendi, Txaketoiturri eta Urizargoiti loturak seinaleztatu dituzte.

Seinaleei dagokienez, honako jarduketa hauekegin dira: zazpi informazio panel jarri dituzte (Kurtzeko plazako kioskoan, anbulatorioaren ondoan tunela igarotzean, Arantzileko presaren ondoan, Bengoetxeko egoitzaren aurrean, Aperribaiko beheko aldeko parkean, Elorritxuetan -El Vivero- eta Elexalden), 40 seinale tantai, 88 norabide-gezi, lau kartel bide-gurutzeetan, eta 42 kilometroko seinaleztapena koloretako markekin (Kuzkuburu -marka horiak-, Ganguren -marka moreak- eta beste 16 kilometro ibilbide horietatik auzo eta iturrietara).

Hiru ibilbideen xehetasunak (informazio guztia, mapak eta bideak) gangurenMT.net webgunean kontsulta daitezke, eta laburbilduta, hauek lirateke:

Kukuzburu ibilbidea (10,9 km): Kurtzeko Plazatik, Kukuzuburu ibilbideak Uraburuko burdin-uren iturrira hurbiltzen gaitu eta Gangureneko mendilerrora igotzen da jarraian, ekialdetik doan bidetik, Golf zelaia inguratuz. Kukuzburuko tontorrera igotzen da eta inguruan dauden P lerroa izeneko 1936ko Gerraren osteko defentsa militarreko zenbait bunker ikusteko aukera eskainiko digu. Handik Elorritxuetako atsedenlekura jaisten da. Ibilbidea Belategi auzotik hirigunera jaitsiko da.

 Ganguren ibilbidea (14,9 km): Aperribaitik abiatuta, Ganguren ibilbidea Aspuru auzora gerturatzen da. Bertan oraindik aztertzeke dagoen tumulua dago. Ibilbidea Elorritxuetako atsedenlekutik (El Vivero) pasatzen da eta udalerriko gailur esanguratsuenera, Gangurenera, igotzen da. Ondoren Gudabikolandara  jaitsiko da, leinuen arteko guden agertoki izandakora. Bertan dago baita udalerriko mugarria.

– Gangureneko zeharkaldia (18,4 km): Kurtzeko Plazatik abiatzen da eta Gangureneko mendilerrora hurbiltzen da ekialdetik, honen zeharkaldi osoa egiteko aukera eskainiz, aurreko bi ibilbideak lotuz. Ibilbideak ekialdetik mendebaldera gurutzatzen du mendilerroa, Kukuzburuko gailurra, Elorritxuetako atsedenlekua eta Gangureneko tontor ezaguna zeharkatuz. Ondoren, Gudabikolandatik Aspurura jaisten da,eta golf-zelaitik hurbil pasatu eta gero, Belategi auzotik abiapuntura itzultzen da.

Ibilbide osasuntsuen sarea seinaleen bidez zehaztu du Basaurik

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak