→Galdakao

Juan Manuel Etxebarria ‘Hitanoaren balioaz’ arituko da Galdakaon

Hitzaldi teoriko-praktikoaren asmoa da “jendearen interesa piztea”, eta beste herri batzuetan egin duten bezala, hitanoa lantzeko taldea sortzea.

Hitanoari buruzko hitzaldi teoriko-praktikoa eskainiko du Juan Manuel Etxebarriak Galdakaon // Geuria

Hego Uribeko eta Galdakaoko Berbalagun egitasmoek hitzaldia antolatu dute maiatzaren 26an, asteazkenez, Torrezabal Kultur Etxean, 19:00etan: ‘Hitanoaren balioa’. Hitzaldia Juan Manuel Etxebarria filologo eta euskaltzale zeberioar-galdakoztarrak emango du, eta gaiaren gainean hitzaldi teoriko-praktikoa eskainiko du.

“Hitanoaren presentzia gero eta eskasagoa da gure gizartean, batez ere, belaunaldi gazteetan. Euskaltegietan ere gainetik lantzen da euskararen erregistro mota hau; goi urratsetan, atariko probetan eta zenbait ahozko entzungaitan agertzen da, baina ez zaio behar besteko garrantzirik ematen, kalean ere oso pisu gutxi du eta”, dio Asier Martin Galdakaoko Berbalagun arduradunak. 

Hitanoa berbetan ikasteko edo hizkera hobetzeko interesa dutenek izena behar dute galdakao_berba@aek.eus helbide elektronikora idatzita.

Asmoa: Hitanoa lantzeko taldea eratzea

Hitzaldi teoriko-praktikoaren asmoa da “jendearen interesa piztea”, eta beste herri batzuetan egin duten bezala -Iurretan edo Zestoan, kasu-, hitanoa lantzeko taldea sortzea. “Iurretan, adibidez, indar handia izan du ekimenak. Hasieran, 70 urte inguruko sei lagun joan zitzaizkion dinamizatzaileari, herrian landu egin behar zela esateko. Taldea martxan hasi zen, eta eskualde osoko 40 pertsona baino gehiagok eman zuten izena”, dio Martinek. Gainera, jendearen erantzuna ikusita, laster kaleratuko dute Durangaldean bizkaiera jasoan hitanoa lantzeko liburuxka. “Hemen ere bertakoa indartu nahi dugu”, dio Martinek.

“Zestoan, herriko talde feministarekin lankidetzan aritu zen bertako Mintzalagun proiektua, emakumezkoen noka indartzeko; izan ere, Gipuzkoako zonalde horretan, Galdakaon baino askoz biziago dago hitanoa, baina gizonek emakumezkoek baino gehiago erabiltzen dute. Horra hizkera honen beste berezitasunetako bat: generoa. Baina ez dugu gehiegi aurreratu nahi. Hitzaldian jorratuko dugu kontu hori eta baita bertaratzen direnek proposatutako beste edozein ere”, dio Martinek.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak