→Galdakao

Hondakin organikoen bilketa % 10ekoa izateko erronka hartu dute Galdakaon; egun % 1,4koa da

Galdakoztar batek, batez beste, 260 kilo hondakin botatzen ditu urtean errefusako edukiontzira; edukiontzi marroira, bost kilo besterik ez.

Argazkia: Galdakaoko Udala

Hondakin organikoak birziklatzeko sentsibilizazio-kanpaina berri bat abiaraziko du Galdakaoko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailaren eta Artelatz enpresaren laguntzarekin. ‘Orain bai, ezin gara atzean geratu’ lemapean, “ahalik eta familia gehien” lortzea da helburua, eta erronka bat luzatu diete galdakoztarrei: organikoaren bilketa %10era iristea, alegia. Gaur egun % 1,4koa da materia organikoen bilketa. Herritar guztiak deitzen dituzte kanpainan parte hartzera, ostalaritza eta komertzioak espresuki aipatuta.

Galdakaon jasotzen duten zaborraren % 74 errefusa da, hau da, gaikako bilketa barik jasotako hondakina. Bereizita batutako hondakin organikoak zabor guztien % 1,4 baino ez dira. “Bestela esanda: galdakoztar batek, batez beste, 260 kilo hondakin botatzen ditu urtean errefusako edukiontzira; edukiontzi marroira, 5 kilo besterik ez”, diote udal ordezkariek. Zaborren kudeaketaren egoera ezagutu nahian 2019ko azaroan azterketa bat egin zuen Udalak, eta horren bitartez ondorioztatu zuten errefusaren edukiontzietara botatako 17 poltsetatik hondakin organikoak % 48a suposatzen zuela, hots, bereiziko balitz, edukiontzi marroian bota beharrekoa.

Martxoaren 1etik aurrera haragia eta arraina bildu ahal izango dira Bizkaian edukiontzi marroian eta hori aitzakia hartuta, galdakoztar gehiagok bosgarren edukiontzian parte hartzeko deia egin du Udalak: “Martxotik aurrera edukiontzi marroian begetal jatorrizko hondakinak jasotzeaz gain animalia jatorriko hondakinak ere isuri ahal izango ditugu. Hala nola, haragi, hestebete, arrain, itsaski, hezur, arrautza azal eta gazta hondarrak utzi ahal izango dira edukiontzi marroian. Horrela, hondakin organikoen gaikako bilketa errazagoa izango da. Beraz, portaera-ohitura berriak hartzeko unea da, gehiago eta hobeto birziklatzera eramango gaituena”, diote.

“Hondakin organikoak konpostegietara bideratzen dira, eta bertan, ongarriaren osagarri modura erabili daitekeen konposta egiten da”, dio Ainara Telletxe Galdakaoko Udaleko Ingurumen teknikariak: “Errefusako edukiontzira botatzen ditugun hondakinak, berriz, tratamentu mekaniko eta biologiko baten ostean zabortegira joaten dira, ingurunerako dakartzan ondorio negatibo guztiekin. Gaikako bilketak eta birziklatzeak zabortegi eta erraustegien beharra murrizten du”. Nerea Orozko Ingurumen arloko zinegotziak jakinarazi duenez, “erraustegietan erretzen denetik % 80 atmosferara doa eta % 20 lurrean geratzen da. Eta ez zoru gainean soilik, baizik ur eta erreketara joaten da”.

Galdakoztarrek edukiontzi marroia erabili ahal izateko izena eman behar dute, eta horretarako zortzi informazio-puntu prestatuko dituzte martxoaren 1etik 9ra bitartean (beherago informazio guztia). “Puntu horietan, kuboak, poltsak, hondakinak edukiontzira sartzeko txartela eta birziklatzeko gida bat banatuko dira”, diote udal ordezkariek. Informazio-gune horiek kalean non eta noiz egongo diren jakiteko 1.200 kartel jarriko dituzte auzolagunen atarietan.

Europako helburuetatik urrun

2014an hasi zuen Galdakaoko Udalak materia organikoa gaika biltzeko bidea eta 2017rako 3.000 galdakoztar inguru zeuden izena emanda hondakin organikoa birziklatzeko. Hala ere, udal ordezkariek adierazi dutenez, “azken urteetan, tamalez, askok parte hartzeari utzi diote”. “Europatik datorren araudira begira, galdakoztarrok ezin izango gara eskatutako helburura iritsi ez badugu materia organikoa biltzen. Inguruko gero eta herri gehiago, gero eta lurralde gehiago Europako helburuetara hurbiltzen ari dira, gu zergatik ez?”, diote udal ordezkariek: “Aukera ona dugu garapen ekonomiko zirkularrago batean kontzienteki parte hartzen duen gizarte jasangarriago eta modernoago baten trenera igotzeko”. Ildo horretan, Galdakaok arlo horretan duen “egoera kaskarraz” ohartarazi du Iñigo Hernando alkateak, zaborraren kudeaketa desegokiak dakartzan eraginen aurrean Europako Batzordeak zehaztuta dituen gutxienekoak gogora ekarrita: 2025ean gaikako bilketa % 55 izateko helburua ezarria du Europak, 2030erako % 60 izatekoa, eta 2035ean % 65: “Zenbaki horietatik oso urrun dago Galdakao: hondakinen % 21 soilik bereizten dira”, dio Hernandok.

Informazio-guneak

Hondakin organikoak bereizita biltzeko materiala banatuko dute informazio-guneetan

Martxoak 1, astelehena
10:00-15:00 Plazakoetxe. Parkearen sarreran

Martxoak 2, asteartea
10:00-15:00 Usansolo. Unkina plazan

Martxoak 3, asteazkena
15:00-20:00 Torrezabal. Lehendakari Agirre plazan

Martxoak 4, osteguna
15:00-20:00 Gorosibai. Gorosibai auzoa, 5A

Martxoak 5, ostirala
10:00-15:00 Bengoetxe. Aperribaibide 2-4

Martxoak 6, larunbata
10:00-15:00 Udaletxea. Kurtzeko plaza

Martxoak 8, astelehena
15:00-20:00 Aperribai. Liburutegi ondoan

Martxoak 9, asteartea
10:00-15:00 Urreta. Kiroldegi ondoan

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak