→Galdakao

Hondakinak biltzeko lurrazpiko sistema bihar jarriko dute martxan Frai Ignazio kalean, Galdakaon

Hondakinak biltzeko sistema neumayikoa ezarri du Galdakaoko Udalak Frai Ignazio kalean //Argazkia: Galdakaoko Udala

Edukiontzi berriak jarri ditu Galdakaoko Udalak Frai Ignazio kalean, hiru gune desberdinetan. Hain zuzen ere, ohiko edukiontziak kendu eta sistema neumatikoa jarri du Udalak kale hartan. Sistema horren bidez hondakinak lurrazpian batuko dituzte, eta martxan egongo da bihartik aurrera. “Garbitasunean irabaziko du kaleak horrela, leku gehiago egongo da espaloietan, eta zabor bilketan aritzen diren kamioien joan-etorriak saihestuko dira”, diote udal ordezkariek. 

Gaikako bilketako buzoi diferenteak jarri dituzte: urdinak papera eta kartoia botatzeko; horiak plastikoak eta brik moduko ontzi arinak biltzeko; marroiak hondakin organikoentzako; grisak birziklatu ezin diren hondakinak botatzeko; eta dendei begira ate handiagoa zabaltzeko aukera duten buzoi mistoak. Organikoaren atea zabaltzeko txartela eskatu behar dute herritarrek, eta dendariek ere giltza beharko dute buzoi mistoak zabaltzeko. Eskaera horiek Esan bulegoan egin behar dira, aurrez hitzordua hartuta, 944 010 500 telefono zenbakira deituta.

Galdakaon dagoeneko badaude lurrazpiko edukiontziak eta bide horretan aurrera jarraitzeko asmoa du Udalak: datorren urtean Bernard Etxepare eta Bizkai kale arteko gunean ezarri nahi du sistema hori.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak